Zeelanda Berria

Hiru pertsona hil dituzte Zeelanda Berrian, tiroketa batean

Sei lagun zauritu dituzte, eta haietako hiru larri daude. Zeelanda Berrian eta Australian ospatzen den Munduko Futbol Kopa hasi baino bi ordu lehenago gertatu da.

Polizia bat tiroketaren inguruak ikuskatzen Queen Street kalean, Auckland, Zeelanda Berria. EFE / EPA / HOW HWEE YOUNG
Urko Iridoy Alzelai
2023ko uztailaren 20a
12:09
Entzun

24 urteko gizon batek hiru pertsona hil eta beste sei zauritu zituen atzo Zeelanda Berriko Auckland hirian. Etxeko atxiloaldian zegoen gaztea, baina hala ere eraikuntzan egiten zuen lan. Haren lanpostuan gertatu zen tiroketa, eraikitzen ari diren eraikin batean. Zeelanda Berriko osteguneko goizeko zazpietan sartu zen tiratzailea eraikinean —Euskal Herriko asteazkeneko arratsaldeko bederatzietan—, eta bi pertsona hil zituen. Gertakariak Munduko Futbol Koparen hasierarekin bat egin du, Zeelanda Berrian —eta Australian— ospatzen da eta.

Poliziak hilda aurkitu zuen tiratzailea. Hala ere, haietako biri tiro egin zien hil baino lehen. Horrez gain, beste lau lagun zauritu zituen, orotara sei, eta haietako hiru larri daude. Agintariek diote helburu edo arrazoi ideologiko edo politikorik gabeko erasoa izan zela. Lanean bertan sortutako arazoak izan litezke arrazoiak.

Sunny Patel Aucklandeko Poliziaren superintendenteak tiroketa azaldu zuen: «Tiratzailea eraikinean sartu zen, eta, gora zihoan heinean, kargagailua husten aritu zen. Azkeneko pisura iristean, igogailuko zulora sartu zen. Bertan, harekin hitz egiten saiatu ginen, baina, bederatzi tiro entzun ondoren, haren gorpua aurkitu genuen soilik» .

Munduko Koparen segurtasuna, kolokan

Munduko Futbol Kopa abian da Zeelanda Berrian. Tiroketa ekitaldi hori baino bi ordu lehenago izan zen. Gertakariaren harira, pertsona askok zalantzan jarri dute Munduko Kopako segurtasuna. Zeelanda Berriko lehen ministroak, Chris Hipkinsek, hainbat aipamen egin zituen txapelketako segurtasunaren inguruan: «Txapelketak aurrera jarraituko du, antolatu den moduan. Hala ere, bertako segurtasuna handituko dugu; ez dugu nahi horrelako beste ezer gertatzea».

Andrew Coster Zeelanda Berriko Poliziaren ordezkariak lasaitasuna helarazi du: «Gertakari honek ez du inongo eraginik edukiko FIFAren txapelketan, ezta hiriko segurtasunean ere. Herrialde oso segurua da geurea, eta jendea lasai egon daiteke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.