mikel p ansa

Hiru ondorio eta galdera batzuk hauteskundeen ostean

2024ko uztailaren 7a
23:55
Entzun

Frantzia ez ezik, Euskal Herria eta Europa erdia arnasari kontu egiten aritu dira azkeneko lau asteotan, Emmanuel Macronek Frantziako Asanblea desegin eta hauteskundeetara deitu zuenetik, eta, batez ere joan den astetik, eskuin muturrak lehen itzulia irabazi zuenetik. Macronek kalkulu okerra eta hanka sartze galanta egin ditu, batez ere bere alderdiak eta presidenteak berak ordaindu duelako, lehenaz gainera gehiago zatituta bere aldekoak ere.

RN Batasun Nazionalak Europako bozetan lortutako emaitza erreplikatu zuen ekainaren 30ean, Asanblearako hauteskundeen lehen itzulian, eta aukera ikaragarriak zituen bigarren itzulian irabazteko, gehiengo absolutua lortuta ez balitz ere, behintzat irabazteko, eta lehen ministro bat aukeratzeko modua izateko. Horregatik, ezusteko handia izan da NFP ezkerreko frontearen emaitza, inor gutxik kalkulatzen baitzuen bigarren itzuli honetan ezkerrak irabaz zezakeela.

Izan ere, pronostiko guztien kontra, eskuin muturraren kontrako fronte errepublikanoak funtzionatu egin du, eta hori da hauteskunde gau honetako lehen ondorioa. NFP Fronte Popular Berrian ezkerreko indarrak horren azkar eta horren modu eraginkorrean elkartzea harrigarria suertatu bada, arriskuak eta izuak hartaratuta izan da. Eta herritarrek ulertu dute botoa biltzeko aukera ona zela, aukera bakarra agian, ikusita Macronek zenbat ezadostasun eta haserre bildu dituen bere inguruan agintean denetik. Baina, beste aldean, eskuin tradizionaleko eta zentroko eragile ugarik NFPrekin —bereziki Frantzia Intsumisoarekin: askok RNren pareko jarri dute, eta, horretan bederen, Jordan Bardella RNko hautagaiaren diskurtsoa kopiatu du eskuin errepublikanoaren parte batek— hartu duten jokabidea ikusita, ez zen erraza asmatzea zer gertatuko zen gaur: eskuineko boto emaileek NFPri emango ote zioten botoa, RNri kontra egin behar zitzaion barrutietan? Funtzionatuko ote zuen eskuin muturraren kontrako fronte errepublikanoak? Azkeneko bi hamarkadetan, ezkerreko boto emaile gehienek eta alderdiek erakutsi dute eskuin muturraren kontra behar zenean behar zenari botoa emateko prestasuna. Baina zalantzak baziren kontrara ere berdin funtzionatuko ote zuen sistemak. Bada, gaurko emaitzak ikusita, esan liteke baietz.

RNk askotan esaten du «herritarren gehiengoa» isilarazi nahi dela, eta «antinatura» koalizioak egiten direla eskuin muturrari atea ixteko, baina egia bestea da: askoz gehiago dira RNk agintzea nahi ez dutenak. «Herritarren gehiengoa» beste hori da, RNk onartu nahi ez duen hori.

Gaurko gauak utzi duen bigarren ikaspena: ez da aski irabaztea, garrantzitsua da nola irabazten den ere. Eskuin muturraren mamuari esker ailegatu izan da Macron presidentetzara, parez pareko lehiatan eskuin muturra izan duelako irabazi baititu hauteskunde presidentzialak, baina ez herritarren gehiengo argi baten babesa zuelako; gogorik gabe eta beste aukerarik ez zutelako eman dio botoa jende askok, eta ez du ematen Macronek hori ongi ulertu duenik, agintean daramatzan zazpi urteotan adiskideak galdu eta kontrarioak ugaldu baitzaizkio, hain justu kontrakoan ahalegindu behar zuenean.

Orain, ezkerrak aldarrikatu du hauteskundeak irabazi dituela, baina kontuz ibili beharko du, Macronen herren bera ez egiteko. Hauteskundeak irabazteak ez du esan nahi herritar guztien babesa dutenik, eta bi itzuliko sistema batean are gutxiago, herritar askok halabeharrez ematen baitute botoa, beste zerbaiten izenean, eta gero norberaren kontra itzul liteke hori. Politika egiteko eta agintzeko beste manera batzuk galdatzen ditu egoerak. Eta oreka ahul horietaz kontziente izatea. Sentsibilitate handiagoa. Eta elkar aditzea.

Izan ere, eta hori da hirugarren ondorioa, herrialde zatitu bat agertzen dute gaurko emaitzek. Hiru bloke argi ikusten dira Frantzian: erreforma sakonak nahiko lituzkeen ezker bat; gizartea hankaz gora jartzea nahiko ez lukeen zentro-eskuin bat; eta gizartearen parte bat Frantziatik bota nahiko lukeen eskuin mutur bat. Eta tartean, ezin da ahantzi, halako egoera larri eta muturrekoetan ere botorik ematen ez duten herritarren heren bat inguru. Elkarrekin ados jartzea ia ezinezkoa izango da hiru bloke horien artean, eta herrialdea gobernatzeko modu bat topatzea, are zailago. Baina egoerak eta garaiak eskatzen dituzte gobernatzeko beste sentsibilitate eta modu batzuk, eta beharbada galdera sakonago batzuei eusteko talentua.

Egunotan teoria eta hipotesi mordoxka bat haizatu dira astelehenetik aurrera Frantzian gerta litekeenari buruz: kohabitazioa, dimisioak, Konstituzioaren erreformak, Asanblea ostera ere desegitea, presidenteak botere gehiago hartzea... Eta Macronek izango du tentazioa, akaso, superrerreforma politikoren bat egiteko, Errepublikaren salbatzailetzat irudikatzen duenez bere burua, baina agian beste galdera batzuei ere heldu behar zaie: posible ote den demokrazia langabeziarekin eta desberdintasun ekonomikoekin; zer eskalatako herrialdeak diren bideragarriak, herrialde handiegietan agintariek ez ote dituzten herritarren bizitzak urrunegi ikusten, eskala txikiagoko aginteak ez ote diren hobeak herritarrentzako eta herritarrek kontrolatzeko; nola egin komunitateak berpizteko eta sare sozialak pantailetatik kaleetara eramateko, sareetako erradikalizazio eta bakartze arriskutsuak saihesteko; nola kudeatu batzuen eta besteen beldurrak, inor galtzen atera gabe. Esate baterako. Baina badira askoz galdera gehiago, funtsezko arazo askori buruzkoak. Eta, ikusitakoak ikusita, ikuspegi murritzegia suerta liteke gobernabideari soilik begiratzea, nahiz eta presazkoena hori izan orain. Baina, ezagun da, presazkoena ez da beti premiazkoena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.