Hiru hamarkada jaioterritik kanpo

2005eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
arokon jaiegun handia ospatuko dute gaur. Orain dela hiru hamarkada, 1975eko azaroaren 6an, Martxa Berdea abiatu zuen Hassan II.a Marokoko erregeak Mendebaldeko Saharako mugetaraino. Frantzia eta Espainiaren koloniek erresumaren lurralde batasuna zatikatu zutela salatu zuen erregeak. 1975. urteko azaroaren 14an, Espainiak, Francisco Franco hil zorian zegoela, Marokoren eta Mauritaniaren eskuetan utzi zuen Mendebaldeko Sahara.

Martxa Berdearen urteurrena da gaur. Duela 30 urte, azaroaren 6an, 350.000 marokoarrek martxa baketsu bat abiatu zuten Mendebaldeko Sahararantz. Tarfayan bildu eta Espainiako Armadak oztoporik jarri gabe sahararren lurraldean sartu ziren. Bitartean, Mauritaniako Armada hegoaldetik sartzen ari zen. Marokorekin lurraldea banatzeko plana prestatuta zegoen aldez aurretik. Marokoko eta Mauritaniako Armadek bere egin zuten Mendebaldeko Sahara. Saharar gehienek ihes egin behar izan zuten euren herrialdetik. Basamortuan napalm eta fosforoz bonbardatu zituzten ihesean ari zirenak. 1975eko azaroaren 14an, Espainiak Madrilgo akordioa sinatu eta Saharako lurraldearen kontrola Maroko eta Mauritaniaren esku utzi zuen. Fronte Polisarioak, 1976ko otsailaren 27an, SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zuen. Zortzi urte geroago, 1984an onartu zuten NBE Nazio Batuen Erakundeko herrialde gehienek. Garai horretan errefuxiatu sahararrek kanpalekuetan bildu ziren, Tindufen; Aljeriako basamortuan.

Giza eskubideen urraketa

Rabatek eta Fronte Polisarioak, urteetako borroka gogorren ostean, NBEk proposatutako bake prozesua adostu zuten 1988. urtean. Akordioak, su-etena eta autodeterminaziorako erreferenduma egitea jasotzen zituen. 1991n sortu zen MINURSO Nazio Batuen Erakundearen Mendebaldeko Saharako Erreferendumerako Misioa. Hamalau urte hauetan, baina, erreferenduma atzeratu besterik ez du egin Rabatek.

Marokok, bitartean, ekintzaile sahararren aurka egindako giza eskubideen urraketek ez dute etenik izan. Ehunka saharar atxilotuak, torturatuak, kartzelatuak eta desagerraraziak izan dira.Marokoko errege Mohamed VI.ak bere aita Hassan II.ak antolatu zuen martxaren urteurrena gogoraraziko du gaur. Telebista kateek eta irratiek, urtero legez, erregearen hitzaldia eskainiko dute zuzenean. Marokoarrei zuzenduko da erregea. Mendebaldeko Saharan, baina, ez da giro. Marokoko segurtasun indarren presentzia nabarmena da Aaiun hiriburuan. Maiatzean Intifada abiatu zuten sahararrek, eta jazarpena azken urteotako gogorrena izaten ari da. Lembarki Hamdi 24 urteko gazte sahararra manifestazio independentista batean atxilotu eta handik gutxira hil egin zen. Marokoko Poliziak emandako kolpeen ondorioz hil zela eman zuten jakitera giza eskubideen aldeko taldeak. Poliziak dioenez, baina, manifestazioan harrikada bat jaso eta horrek eragin zion heriotza. Salam Lembarki hildako gaztearen arrebak lekukoen testigantzak bildu ditu, eta neba poliziek emandako jipoien ondorioz hil zela berretsi zuen atzo.Fronte Polisarioak jakinarazi zuenez, hiru kazetari espainiar atxilotu zituzten, atzo, Aaiunen. Hiru kazetariak beste hamalau sahararrekin batera zeuden, Lembarki Hamdi hildako gaztearen etxearen alboan. Sahararrak torturatuak izaten ari direla salatu zuen Polisarioak. Tindufeko errefuxiatu gunetan, berriz, dolu eguna ospatu zuten atzo Lembarkiren heriotza oroituz.Maiatzean protestak abiatu zituztenetik dozenaka saharar, giza eskubideen ekintzaileak tartean, atxilotu ditu Rabatek. Kartzela Beltzean daude preso gehienak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.