Urriak 30, astelehena
Gasik gabe geratu dira arreba Eixaren etxean. Jaiki bezain pronto, larrituta dabil, bonbona nola beteko duen ezin asmaturik. Haren senar Maher-ek aitaren etxeraino joan behar du kafea prestatzeko. Ahalik eta ondoena moldatzen: horretan saiatzen gara denok. Eixak lehengoan segitzen du: «Ez naiz bizitzen jarriko irakasle naizen eskolan, ez naiz desplazatu bat izango. Gauza gehiegi ikusi ditut!». Argi eta garbi erantzun dio nire galderari. Aukera hori ez dauka buruan. «Ba ote dago, ba, aukerarik gerra honetan?», galdetu diot. «Egin beharrekoa egin beste erremediorik ez daukagu». Gure anaia Mohammedek pare bat dei egin ditu, alferrik. Eixari komentatu diot badauzkadala pare bat bonbona Saftawiko etxean, bata sukalderako eta bestea galdararako. Arriskutsua da oso, ordea. Astebete baino gehiago da etxera joateari utzi niola; lehen, tarteka joaten nintzen: pare bat orduz, jan ahal izateko; beste ordu erdiren bat, nire ohean atseden hartzeko, gaua hiriko toki seguruago batean pasatu aurretik. Izan ere, lurreko inbasioa hasi zenetik, etengabe eraso diote Saftawi auzoari, misilez eta kanoiz. «Arriskutsua da oso», kexatu da Eixa.
Joan Gazako egunerokoa-ren hasierara
Al-Xifa ospitaletik bueltan, ordea, gauean Wissam-i bisita egin ondoren, Saftawiko kaleetan barrena ibili gara autoan, kontu handiz, eta ezkerretara jo dugu, nire etxea dagoen aldera. Mohammed eta Yasser korrika batean sartu dira, bonbonak ekartzeko. Ideia bat eman diot Yasserri: etxetik ateratzean, burko bat eta koltxoi bat ere hartzeko; hartara, dronearen operadoreak pentsatuko du etxea husten gabiltzala, beste ezertan ez. Badakit hori akaso ez dela aski izango hark pentsa dezan ez daukala zertan gu garbitu —ordutegia ondo beteko beharko du, horretaz seguru nago—, baina probatu beharra dago norberaren aldeko izan daitekeen guztia, txikikeria bat izanda ere.
Mohammedek ez du astirik izan bonbona behar bezala kentzeko; beraz, goma zati bat moztu, eta sorbaldan hartu du zama. Autoan nago, itxaronaldiari luzetsita, eta biak eraikinetik korrika ateratzen ikusi ditut atzeko ispiluan: Mohammed, bonbona daramala, eta Yasser, koltxoia buruan, eta burkoa eskuan. Banketxe batean lapurtu berri zutela zirudien.
Eixa txoratzen dago, berriz gasa duela eta. «Beste kafe bat merezi dugu, nik uste», esan diot. Hark prestatu bai, baina nik ez dut hartu azkenean, gauean lo pixka bat egiteak on egingo didalakoan.
Egunez, Israelgo indarrek eraso egin diote Turkiarren eta Palestinarren Adiskidantza ospitaleari, Gaza hiriaren hegoaldean. Horixe da minbizidunak tratatzeko erietxe bakarra. Orain dela astebete, Al-Xifa ospitalearen kudeatzaileek esan zuten aztertzen ari zirela zauritu batzuk hara eramatea, tratamendua buka zezaten. Lehentasun kontuak beti: Al-Xifan, ohe gehiago behar dituzte zauritu berrientzat. Wissam ere hara aldatzekoak ziren hasieran, baina Al-Xifan utzi zuten azkenean. «Begira», esan diot bisitan, txantxetan: «Zu hara eramatekoak ziren. Hala egin balute, non egongo zinen orain?».
«Orain dela hiru aste akabatu banindute, hobe», erantzun du, ezin goibelago. «Hala gertatu balitz, hobe».
Oraindik ere badaude kazetari gutxi batzuk Al-Xifan; haien kamerak larrialdietako sarrerari begira daude, han hartzen baitituzte zaurituak. Kazetarientzat oso arriskutsua da kalean ibiltzea. Gazatik Al-Jazeerari eta beste komunikabide arabiarrei iristen zaizkien irudi gehienak goitik hartuak dira, sabaitik hartuak. Eta ez dago kazetari mendebaldar bakar bat ere. Haien ordez, beste kazetari batzuk agertu dira: hemengo herritarrak. Kazetari berri horiek, txantxetan, esaten dute etxea nola bonbardatu zieten kontatzeko kronika eginez lortu dutela lan berria, eta komunikabide handietan argitaratu dizkietela bideoak, Gazan bertan ariko ziren kazetariak behar zituztela eta. Orain, esaterako, Gazako herritarrak dira Al-Jazeerako berriemaile garrantzitsuenetako hiru, eta hemen bertan ari dira lanean, ospitaleetan batez ere: bata, Al-Xifan (Gaza); beste bat, Xuhada Al-Aqsan (Deir Al-Balah); bestea, Nasser erietxean (Khan Yunis). Erasoen basakeriaren ondorioz, jende xeheak zaila du batera eta bestera ibiltzea, eta balen kontrako txalekoa edo «Press» dioen kaskoa baldin baduzu, jomuga bat zara kalean ibilki. Txalekorik ez edukitzea baino arriskutsuagoa da halako bat janztea. Estrategia bakun-bakuna da: eragotzi egin behar da albisteak eta erreportajeak Gazatik ateratzea. Zoritxarrez, kazetari ezagun gehienak hegoaldera joanak dira hasieratik, hura seguruagoa izango zela pentsatuta, xalo-xalo.
«Oraindik ere badaude kazetari gutxi batzuk Al-Xifan; haien kamerak larrialdietako sarrerari begira daude, han hartzen baitituzte zaurituak. Kazetarientzat oso arriskutsua da kalean ibiltzea»
Lurreko inbasioari buruzkoak dira gaurko berri gehienak. Buruan dabilkit zein ote den berriok hartzeko ikuspegirik egokiena. Ikusi egiten ditugu, entzun, bizi. Ez dira sekula atertzen eztandak eta tiroak. Bonben erritmoan itzuli naiz Al-Xifara autoan. Hasieran, zurtuta geratzen zara erasopean gidatu behar izateagatik, noiznahi harrapa baitzaitzake misil batek, baina ohitu egiten zara gero. Galdera bat duzu buruan bueltaka beti: non daude? Israeldarren tankeez ari naiz. Ezin konta ahala hipotesi daude, espekulazioak, zurrumurruak, baina usteak baino ez dira denak. Seguru dakit, ordea, ez dela joan behar, inola ere ez, hiriko eta Jabaliako hainbat eta hainbat auzotara, barrutiz barruti, etxadiz etxadi: batzuk, oso dira arriskutsuak; besteak, berriz, ezin dira gurutzatu nahita ere, kaleak eta bidexkak bat eginda baitaude hondakinekin. Eta oheratzeko orduan, gauetik gauera larriagotuz doa zalantza, berriz esnatuko ote zaren. Ohera joatea, nolabait, «etxea prest uztea» bezalako zerbait da, zure azkena prestatzearen pareko.
Goizean jakin dugu eraso gehiago izan direla Gaza hirian. Hiria gero eta txikiagoa da lurreko inbasioak aurrera egin ahala. Prentsaren eraikinaren kudeatzaileak, Bilal-ek, galdera bota du, zirika edo: «Hegoaldera joateko garaia iritsi da?». Nire erantzuna, betikoa: «Inon ez dago leku segururik. Bazter guztietan, berdin-berdin». Baina konpromiso bat eskaini diot: «Soldaduak Rimal-era iritsi eta tankeak kalean daudenean, denoi pistola buruan jarrita ibilarazten gaituztenean, orduan joango gara. Agian». Hartara, ez gaituzte garbituko ihesi goazela, israeldarren gezurren bat sinetsita.
«Ez dugu bide erraza hartuko», esan diot. «Bide luzea, bide zaila hartuko dugu». Baiezkoa egin dit buruaz.
Hurrengo atala: «Eguzkia sartzen denean preso zaude»
Atef Abu Saif Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministroa eta idazlea da. Urriaren 7an Gazan zen, eta han gelditzea erabaki zuen Israelen erasoa hasi zenean. Bertatik idazten ari den egunerokoa BERRIAren esku jarri du, eta egunez egun argitaratuko da.