Ibai alproja ezizenarekin ezagutzen dute Yarlung Tsagnpo ibaia, Tibet mendebaldetik ekialdera zeharkatu ostean hegoalderantz jotzen baitu, albo batera utzita iturburua eremu horretan duten ibai gehienen ibilgua. Himalaiako mendi garaietan sortu eta Txinako kostaldean itsasoratzeari muzin egin ostean, ibaiak sigi-saga saihesten ditu 7.000 metrotik gorako mendiak. Indian sartu eta Brahmaputra izena hartu aurretik, Medog konderriaren inguruan, haren urek munduko arroilarik sakonena sortua dute. Arroilak 6.000 metro baino gehiagoko sakorena du gune batean, AEBetako Arroila Handiko eremurik sakonenarena halako hiru. Bada, inguru horretan eraiki nahi du Txinak munduko zentral hidroelektriko handiena; hala, Asia hego-ekialdeko ibairik garrantzitsuenetako bat kontrolatuko du.
Tibeteko ibai alproja etxekotu nahi du Pekinek —Tibet eskualde autonomoa den arren, Txinaren menpe dago 1951. urtean anexionatu zuenetik—: asmoa da hormak egin eta ur jauzi artifizialak sortuta urtean 60 gigawatt elektrizitate sortzeko ahalmena izango duen zentral bat eraikitzea, eta, hain zuzen, ontzat jo zuten egitasmo hori abenduan. Proiektua irudikatu bezala gauzatzen bada, modua emango du egun munduko urtegi handienak sortzen duen energia halako hiru sortzeko. Hiru Arroiletako Urtegia da gaur-gaurkoz munduko urtegirik handiena; Txinan dago, Yangzi ibaian, eta Esako urtegiaren edukiera halako 88 da harena.
Proiektu berriak 2020an hartu zuen indarra, Txinako Gobernuak 2021etik 2025erako Bost Urteko Planean sartu zuenean. Xinhua Txinako berri agentziak ia bost urte geroago iragarri zuen Pekinek onartu egin zuela urtegia eraikitzea, 2024ko abenduaren 25ean. Egun hartan zabaldutakoaren arabera, proiektua «karbono neutraltasunerako eta energia berderako trantsizioan aurrerapauso handi bat» izango da. Gainera, Pekinek agindu du presa eraikiko duen gunean beste azpiegitura batzuk ere egingo dituela, eta lanpostu asko sortu. Ez du xehetasun askoz gehiago eman: ez eraikitze lanak noiz hasiko diren, ez zenbat kostatuko diren, ezta zehazki presa non jarriko duten ere.
Pekinen proiektu erraldoi horrek, baina, badu energia berriztagarriak eta tokiko garapena bultzatzeaz bestelako helbururik ere. Yarlung Tsangpo ibai estrategikoa da, Tibeteko luzeena: Indiako muga zeharkatzen du, Arunaschal Pradesh eta Assam estatuak (India) igaro, eta Gangesekin elkartzen da Bangladeshen; biek batera, Asiako emari handieneko ibaia osatzen dute. Ibai horiek baldintzatzen dute hala Indiako nola Bangladeshko nekazaritza, eta, lehorteak zein uholdeak gertatzen direnean, ehunka milioi biztanlek pairatzen dituzte ondorioak.
Brahmaputraren ertzean jaio zen Mirza Zulfiqur Rahman (Guwahati, India, 1982), Giza Zientzietan doktorea. Indiaren eta Txinaren arteko ibaien kudeaketari buruz egin zuen doktoretza tesia. Harentzat, Pekinek zailtasun ugari izango ditu proiektua gauzatzeko: «Horrenbesteko energia garraiatzeko, azpiegitura ugari eraiki beharko dituzte, presa eraiki nahi duten gunea oso urrun baitago elektrizitate hori behar duten gune ekonomiko nagusietatik». Atzealdean Brahmaputra ibaiari satelite bidez ateratako argazki bat duela erantzun ditu galderak, bideo dei batean.
Txorrota, Pekinen esku
Zulfiqurren arabera, presa eraikiko duela iragarrita Txinak «mezu bat» bidali nahi izan dio Indiari. Pekin ahaleginak egiten ari da New Delhirekin dituen harremanak hobetzeko, eta, ikerlariaren ustez, «trukerako txanpon» gisa erabili nahi du presaren kontua. Bada, Txinako Gobernuak lortu du Indian ezinegona piztea: goiko solairuko bizilagunak txorrota nahieran ireki edo itxi ahal izateak kezka eragin die bertako agintariei. Arunachal Pradesh estatuko ministro nagusi Pema Khanduk, esaterako, urtarrilean emandako prentsaurreko batean ohartarazi zuen Pekinek «ur bonba» gisa erabili ahal izango duela urtegia.
Halako azpiegiturak energia berdea bultzatzeko proiektu gisa definitzea «zuriketa berdeko estrategia bat» dela ziurtatu du Zulfiqurrek: «Erabat aldatuko lirateke baldintza klimatikoak. Presak ez du soilik gainazaleko uretan eragiten, baizik eta baita lurpeko uretan eta prezipitazioan ere». Gainera, ohartarazi du Tibeten eta Indiaren arteko gune hori mugimendu sismiko handikoa dela.
Txinari erantzunez, Indiak iragarri du urtegi handi bat eraikiko duela Arunashal Pradeshen; eta, Indiako ikerlariaren hitzetan, New Delhik ez luke halakorik egin beharko: «Begia begi truk erantzun nahi dio Indiak Txinari. Eta urtegiak eraikitzeko lasterketa horretan, Himalaiako ekosistemari eragingo zaio kalterik handiena». Are, gaitzetsi du New Delhik ez kontuan hartzea Bangladeshi eragin diezaiokeen kaltea: «Indiak espero badu Txinak kontuan har dezan, Indiak ere kontuan hartu beharko lituzke ibaiaren behealdean dauden lurraldeak».
«Begia begi truk erantzun nahi dio Indiak Txinari. Eta urtegiak eraikitzeko lasterketa horretan, Himalaiako ekosistemari eragingo zaio kalterik handiena»
MIRZA ZULFIQUR RAHMANGiza Zientzietan doktorea, Indiaren eta Txinaren arteko ibaietan aditua
Urtegi erraldoi horiek eragiten dituzten kalte ekologikoak aipatzeaz gain, Zulfiqurrek nabarmendu du ibaiek «balio espiritual eta kultural handia» dutela Asia hego-ekialdean. Hala Tibeteko nola India ipar-ekialdeko zenbait komunitatek gizaki gisa ikusten dituzte ibaiak: «Gizaki batek, zatitzen badute, ezin izango du bizirik iraun; bada, ibaietan presak egitea horren parekotzat daukate». Ikerlariaren iritziz, ez Pekinek ez New Delhik ez dituzte kontuan hartzen sinesmen horiek.
Bestalde, Zulfiqurrek azaldu du estatuek beren subiranotasunaren adierazgarri moduan ere erabiltzen dituztela azpiegitura erraldoiak. Haren ustez, Txinako «hidrokraziak» Tibeten finkatu nahi du, «sinbolo nazional bat» eraikita. Horrez gain, ikerlariak salatu du Pekinek «laborategi» gisa erabiltzen duela Tibet, han gertatzen denak ez baitu eraginik izango Txinako eskualde nagusietan.
Ikerlaria, nolanahi ere, ez dago presak eraikitzearen aurka; are, uste du energia hidroelektrikoa ustiatzeko proiektuak garatu behar direla Himalaiako ibaietan, «baina ez hainbestekoak». Horregatik, nork bere kabuz urtegi erraldoiak eraikitzea baino aukera hobea iruditzen zaio elkarlanean aritzea eskualdeko ur baliabideak ustiatzeko.