Hilketa egotzi diote AEBetan zibil beltz bat tirokatu zuen polizia zuriari

Bere buruaren defentsan jardun zuela argudiatu zuen poliziak, baina bideo batek gezurtatu egin du

Black Lives Matter erakundeak (Beltzen bizitzek axola dute) protestara deitu zuen atzo, Scotten hilketa salatzeko. STEPHEN B. MORTON / EFE.
Samara Velte.
2015eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Hego Carolinako (AEB) polizia bat hilketa egotzita joango da auzibidera, aurreko asteburuan zibil beltz bat tirokatzeagatik. Hasieran, bere buruaren defentsan jardun zuela argudiatu zuen Michael Slager agenteak —zuria da bera—, ustez beste gizonak arma kendu nahi izan ziolako eta bere burua arriskuan ikusi zuelako. Oinezko batek grabatutako bideo batek, ordea, hankaz gora jarri du poliziaren bertsioa, eta Slagerren aurka ipini ditu iritzi publikoa eta instituzio nagusietako ordezkari zenbait. Dozenaka herritarrek protesta egin zuten atzo North Charlestonen, eta hiriko udalak berak jakinarazi du hilketa egotziko diotela agenteari.

Tiroketa larunbat goizean gertatu zen arren, orain arte ez dira argitara atera irudiak. Slager uniformea jantzita ageri da zelai batean, gizonezko beltz bat gertu duela. Halako batean, gizona korrika hasten da poliziarengandik ihesi, eta hark hainbat aldiz egiten dio tiro bizkarretik. Jada ahuspez etzanda dagoenean gerturatzen zaio, eskuak bizkarrean jar ditzala eskatuz.

Hildakoa 50 urteko herritar bat zen, Walter Scott izenekoa, eta, orain arte argitaratutako informazioaren arabera, ez zuen armarik. Gidatzen ari zela geldiarazi zuen poliziak, autoaren argi bat hautsita zeukalako. Familiak adierazi duenez, hainbat delitu txikiago zeuzkan aurrekarien historian, eta behin baino gehiagotan atxilotu zuten seme-alaben pentsioa ez ordaintzeagatik. Poliziak gelditzeko agindu zionean, Scott ihes egiten saiatu zen, eta Slager jazarri egin zitzaion tiroketa gertatu zen zelairaino. Familiaren abokatuak jakinarazi duenez, bost tiro jaso zituen gutxienez.

Etxe Zuriaren puntu beltza

AEBetako Auzitegi Gorenak baimena ematen die poliziei ihesean dabiltzan susmagarriak tiroz hiltzeko, baldin eta pertsona horiek «agenteari edo beste pertsonei heriotza edo kalte handia eragin diezaiekeen mehatxua» badira. Horregatik, halako gertakarietan, tiro egin duten poliziek sarri argudiatu izan dute euren buruaren defentsan jardun zutela.

Poliziari indarkeria erabiltzeko onartzen zaion zigortabetasun eremu zabala eta beltzekiko diskriminazioa batuta, Barack Obama presidentearen agintaldia nabarmen lohitu duten eskandalu saldoa pilatu du AEBetako administrazioak azken urteotan. Obamak berak «mesfidantza arazo» deitu izan dio Poliziaren eta gizarteko kolektibo gutxituen artekoari. North Charlestonen, esaterako, herritarren %47 beltzak dira, eta %37, zuriak; Polizia departamentuan, ordea, %80 dira zuriak.

Iaz protesta jendetsuak hedatu ziren Missouritik gainerako estatuetara, polizia zuri batek Michael Brown 18 urteko mutiko beltza tiroz hil ostetik. Agenteak, gerora, bere bizitza arriskuan ikusi zuela argudiatu zuen; eta, aurkakorik frogatu ez dela ebatzita, absolbitu egin berri dute. Halako kasuei buruzko datu bilketa zentralizaturik ere ez da egin ohi maila federalean; estatu bakoitzak darama bere erregistroa, sailkapen irizpide oso desberdinekin sarritan. Banakako ikerketa gehienek agerian uzten dute, ordea, indar armatuek maizago tirokatzen dituztela herritar beltzak, eta gehienetan onik irteten direla auzibidetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.