Hildako bat Tel Aviven, huthien eraso batean

AEBen enbaxadatik gertu eroritako drone batek eragin du hildakoa. Israelen arabera, «giza hutsegite bategatik» ezin izan du aireko defentsa sistemak erorarazi.

Huthiek Tel Aviven kontra egindako erasoaren ondorioak ABIR SULTAN / EFE
Huthiek Tel Aviven kontra egindako erasoaren ondorioak ABIR SULTAN / EFE
Igor Susaeta.
2024ko uztailaren 19a
10:00
Entzun

Huthiek Tel Aviv bonbardatu dute gaur goizaldean, eta Israelgo iturri ofizialek baieztatu dute eraso horretan pertsona bat hil dela eta lau zauritu. Yemengo matxino xiitek adierazi dute misil balistiko bat eta lau drone jaurti dituztela. Ohar batean zehaztu dute «helburu inportante bat» zutela jomugan. Israelen arabera, droneetako bat AEBek Tel Aviven duten enbaxadaren eraikinetik gertu erori da.

Israelek punta-puntako aireko defentsa sistemak ditu, baina, «giza hutsegite baten» ondorioz, ezin izan dute drone bat erorarazi, armadaren bozeramaile Nadav Shoshanik ohar batean jakinarazi duenez. «Alarmek ez dute Tel Aviven jo, ez zeudelako aktibatuta». Huthien esanetan, jaurti dituzten droneak, Yafa izenekoak, gai dira «etsaiaren» sistemak saihesteko.

Azken hilabeteetan, Israelen kontrako bonbardaketak areagotu dituzte huthiek. Azaroan hasi ziren zamaontzi batzuei eraso egiten, Itsaso Gorrian, argudiatuta Israelekin lotura zutela. Eraso horiei eutsi diete orduz geroztik, eta, gainera, Haifako portuari ere (Israel) eraso egin diote, besteak beste. Dena den, gaurkoa da Tel Aviven aurkako aurreneko bonbardaketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.