Ekonomiaz nahi baino gutxiago hitz egiten du Elisenda Paluziek (Bartzelona, 1969), bereziki etorkizuneko Kataluniaren ekonomiaz. «Nahiago genuke argudioz jositako eztabaidak eduki izan bagenitu, herrialde heldu eta demokratiko batek egingo lukeen eran». Bartzelonako UB unibertsitateko Ekonomiako dekanoa kexu da, independentziaren aukera ekonomikoez argudioekin eztabaidatzeko aukerarik ez dietelako eman. «Horren ordez, erreferenduma defendatzen ibili behar gara, gure oinarrizko eskubideak defendatzen: adierazpen askatasuna».
Espainiako Ogasun ministroak esku hartuta dauka Generalitatea. Zer da gobernu bat kontu publikoak kudeatzeko gaitasunik gabe?
Kutxa huts baten gisa utzi dute Generalitatea, oskol huts bat bezala. Ezin du ordainketarik egin, ez aurrekontuen gaineko erabakirik hartu.
Praktikan, zer esan nahi du horrek?
Ja ez dute Generalitatera bidaltzen hileroko 1.400 milioi euroko ordainketa, erregimen komuneko autonomia erkidegoen finantzaketa sistematik dagokiguna. Kataluniak ogasun propiorik ez duenez, Madrilek biltzen ditu zergak, eta atxikita dauka dagokigun dirua. Madrilek bere gain hartu du Generalitatearen funtzionarioen nominaren ordainketa: esaterako, nire moduko unibertsitateko irakasleenak. Zerbitzu publikoen oinarrizko gastuen fakturak ere Madrilek pagatuko ditu orain: osasunekoak, hezkuntzakoak, eta abar. Duela bi urte, antzeko neurria hartu zuen Montorok.
Antzeko neurria?
2015ean, FLAn esku hartu zuen, defizit helburuak ez betetzeagatik. Espainiako Gobernuak Generalitateari emandako kreditu linea bat da FLA. Kataluniak hilero 104 milioi euro jasotzen ditu likidezia funts autonomiko horretatik.
Nabari da Montororen azken esku hartzeak eragindako blokeoa?
Pentsa, Generalitateak ezin du euro bat ere gastatu oinarrizko zerbitzu publikoak ez diren beste ezertan, aurrekontuetan onartuta egon arren.
Nori eragingo dio horrek?
Adibidez, Nekazaritza eta Arrantza Kontseilaritza osoari, Kulturakoari, Enpresa eta Berrikuntzakoari, eta beraz, enpresen nazioartekotzekorako laguntzei eta ikerkuntza zentroei. Baita TV3ri ere. Han izan naiz gaur [ostegunean], eta makillatzaileak esan dit ja ezin dituztela enpresako txartelak erabili: horixe da makillajea erosteko daukaten modua. Esan behar da Montorok BOEn publikatutako agindua legez kanpokoa dela. Aurrekontuen egonkortasun legea hausten du.
Zelan hautsi du legea?
Aurrekontuen egonkortasunerako legeak bi baldintza aipatzen ditu oraingoa bezalako neurri hertsagarriak hartzeko, 25 eta 26. artikuluetan. Esku har dezake soilik defizit publikoaren helburua betetzeko plana betetzen ez bada, edo autonomia erkidegoko hornitzaileei ordainketak ezarritako epea baino beranduago pagatzen bazaizkie.
Eta baldintza bakar bat ere ez da betetzen.
Ez. Generalitatea defizita txikitzen ari da Madrilek eskatutako erritmoan, eta hornitzaileen ordainketak garaiz egiten dira. Beraz, hori da Montororen lehen lege urraketa: erreferendum batean lau, bost edo behar beste milioi euro gastatzea, asko jota, funts publikoen bidegabeko erabilera izan daiteke, eta, gero, tokatzen denean, epaitegiek aztertuko dute auzia. Baina ez du zerikusirik Generalitatearen defizit helburuarekin edo berankortasunarekin.
Montororen arauaren aplikazio moldeak ere lege zalantzak sortu ditu.
Aurrekontuen egonkortasunerako arauak prozedura bat eskatzen du, eta ez da bete: lehenengo eta behin, aditu batzorde bat bidali behar zuen Generalitatera; batzordeak txosten bat egin behar zuen, eta Generalitateak erantzun; Generalitateak uko eginez gero, Espainiako Senatuaren babesa jaso behar zuen Moncloak. Pauso guztiak hautsi ditu. Beraz, Espainiako Konstituzioko 155. artikulua ezartzen ari dira, konstituzioaren prozedura bete barik.
Noiz arte jarrai dezake esku hartze finantzarioak?
Urriaren 1etik aurrera ere jarraituko du, nik uste. Dena dela, ezin da aurreikuspen handirik egin; izan ere, Carles Puigdemont presidenteak esan zuen bezala, egun bakoitza Vietnam bat da.
Erabakigarria izango da urriaren 1ean gertatzen dena, gertatzen dena gertatzen dela.
Ikusi beharko da zer gertatzen den. Gertakariak bizkortu daitezke: erreferenduma egin ahal badezakegu, parte hartze ona badago, baietzak irabazten badu, eta independentzia aldarrikatzen badugu... eta hilabetean Kataluniako Errepublika berriko gobernua zergak biltzen hasten bada, ja ez dago arazo finantzariorik. Dirua geuk biltzen badugu, ja ez gara egongo Espainiako Gobernuaren menpe.
Gertagarri ikusten duzu jokaleku hori?
Dena da gertagarria. Gainera, horixe da aurreikusitakoa eta legebiltzarrak onartutakoa.
Generalitateak badu liburu zuri bat, Kataluniaren trantsizio nazionala, zeinak aurreikusten baitu trantsizio ekonomiko bat, negoziatua eta adostua. Asteotako jarrera ikusita, uste duzu Madrilek negoziatzeko jarrera izango lukeela?
Batere ez. Baina dena izango da urriaren 1ean erakusten dugun indarraren arabera. Garaipen bat bada, eta Espainiak errealitatea ukatzen jarraitzen badu, bizkortu daitezke gertaerak: IBEX-35a hondora daiteke, arrisku saria igo daiteke... Orduan, baliteke nazioarteko instituzioek negoziaziora behartzea.
Uste duzu Europako Batasunak negoziatzera behartuko duela Madril?
Espainiako ekonomia kaltetzen bada, bai. Izan ere, EBk sasi esku hartuta dauka Espainiako ekonomia: euroguneko kidea da, erreskate bat dago, banku zentral bat dago, kreditu lerroak daude... Kontituzioa egun batean aldatu zutenekoaren antzekoa izan daiteke: Merkelek Zapaterori deitu zion, eta kito.
De Guindos ministroak, Financial Times kazetan, «finantzaketa sistema hobe bat» eskaini du Generalitatearentzat, independentzia baztertzearen truke. Itun fiskal baten eskaintza da?
Ez du itun fiskalik aipatu. Eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak oso argi ebatzita dauka konstituzioaren kontrakoa izango litzatekeela Espainiako Estatuaren eta Bartzelonaren arteko bi aldeko itun fiskal eta ekonomikoa.
Ez duzu ikusten arriskurik «hirugarren bidea» indartzeko urriaren 1aren ondoren, baldin eta Madrilek nabarmen oztopatzen badu erreferenduma gauzatzea?
Ez dute eskainiko itun fiskalik, ez dute eskainiko Kataluniak zergak biltzerik. Duela bi aste ekitaldi garrantzitsu bat egon zen Madrilen, eta bertan parte hartu zuten Josep Piquek, Josep Borrellek, Juan Jose Lopez Burniolek eta Francesc de Carrerasek: funtsean, esan zuten arazoa izan dela Kataluniako eskoletan irakasten dena, eta normaltasunera bueltatzeko estatuak hezkuntza eskumenak berreskuratu behar dituela; eta Kataluniako hedabideak ere arazoaren partetzat jo zituzten. Sinistuta nago erreferenduma ondo ateratzen ez bada, birzentralizazio prozesu baterantz goazela.
1714 antzeko batera?
Ja bagaude 1714an. Hain zuzen ere, Generalitat instituzioaren egitekoa, 1714ra arte, zergak biltzea zen. Generalitatea ez zen gobernu bat, ogasun antzeko bat baizik. Planta Berriko dekretuak [1716] ezabatu zituen Kataluniako Konstituzioa, gorteak eta Generalitatea. Ikuspegi ekonomiko eta fiskaletik, dagoeneko bagaude 1714ko egoera horretan: Katalunian sortzen diren zergen %7 baino ez ditugu guk biltzen, ez daukagu ogasun propiorik.
Elkarrizketa luze doa, eta hasiera-hasieran aipatu duzun zuloan jausi gara: etorkizuneko Kataluniaren ekonomiari buruzko aukeren eta arriskuen eztabaidara ezin ailegatu, aktualitatearen korapiloetan trabatuta.
Oraintxe, horixe gertatzen da. Hala eta guztiz ere, Katalunian egiten dira ekitaldiak herriz herri, independentziari buruzko argudio ekonomikoei buruz.
Aurreikuspen katastrofikoa egin du De Guindosek, esanez Katalunia independente bihurtuz gero EBtik kanpo geratuko dela, BPGa %30 txikituko dela, langabezia tasa bikoiztu... Zer diozu?
Datu horiek Mikel Buesa ekonomistak egindako sasi-azterketa batetik datoz, zeina gero Jose Manuel Garcia Margallok txosten batean bildu eta enbaxadetara bidali baitzuen Espainiako Atzerri ministro zela. Buesaren azterketa ez da inondik inora ere zorrotza, hipotesi guztiz faltsuetan oinarritzen delako.
Zer hipotesi faltsu?
Esaterako, Kataluniak ez duela eurorik erabiliko. Ba, Montenegro ez dago EBn, eta euroa darabil diru ofizial moduan. Ezin duzu azterketa bat egin imajinatuz transakzio kostu batzuk daudela diru berri bat sortuko duzulako. Ezin duzu azterketa bat egin Kataluniari muga zerga bat jarrita, EBk ez badauka muga zergarik Europako lurralde bakar batekin ere, EBko kide izan ala ez: adibidez, Turkiarekin ere ez du muga zergarik. Gainera, merkataritza askeko itunak onartzeko ez legoke Espainiaren betorik, EBk gehiengo batekin onartu baitezake.
Espainiako beste ministro bat aipatzearren: Fatima Bañezek esan berri du Kataluniako Gizarte Segurantzak 4.500 milioi euroko zuloa izango lukeela.
Gizarte Segurantza langileen kotizazioekin finantzatzen da, eta horiekin pagatzen dira pentsioak. Katalunian langabezia tasa estatukoa baino bost puntu txikiagoa da, eta batez besteko soldata handiagoa da. Egia da defizit bat lukeela, baina gaur baino diru sarrera handiagoak izango genituzke. 2016an Gizarte Segurantzaren defizita Katalunian 117 eurokoa zen pertsonako; aldiz, Kataluniarik gabeko Espainian pertsonako 400 eurotiko gorakoa izango litzateke. Ez Gizarte Segurantzan, ez Ogasunean, arazoa ez da ekonomikoa, baizik eta politikoa eta autoritatearena. Eta autoritatea ezartzearena. Independentzia aldarrikapena erretorika hutsean gera daiteke, ez bazara gai hori gauzatzeko.
Posible izango da independentzia gauzatzea?
Zergak biltzen dituenak eta lurraldea kontrolatzen duenak lortzen du hori.
Espainiako eta Kataluniako ogasunen arteko talka gerta daiteke urriaren 1etik aurrera?
Hori gertatzen bada, Espainiaren hondamendi finantzarioa litzateke: arrisku saria asko igoko litzateke, eta kaos ekonomikoa nagusituko litzateke. Horregatik, ez dut uste hori gertatuko denik. Hori baino lehenago negoziazioa egongo da.
Kataluniako erreferenduma. Auzi ekonomikoa. Elisenda Paluzie. Bartzelonako Unibertsitateko Ekonomia dekanoa
«Hilabetera zergak biltzen hasten bagara, ez da arazo finantzariorik»
Montororen esku hartzea «legez kanpokoa» dela dio dekanoak. Uste du nazioarteak Madril behartu dezakeela Kataluniarekin trantsizio ekonomikoa negoziatzera. Dena izango da urriaren 1aren araberakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu