«Non dago Santiago Maldonado?». Galdera hori idatzia duten eta gaztearen beraren aurpegia duten afixek bete dituzte ospitale, bulego, futbol zelai, eskola, unibertsitate eta herrialdeko edozein eraikinetako paretak. Abuztuaren 1ean Argentinako Jendarmeria Nazionala maputxeen aldeko manifestazio bateko parte hartzaileei jazarri zitzaienean desagertu zen 28 urteko gaztea. Protesta Chubut probintziako Lof Cushamengo landako komunan egin zuten, Facundo Jones Huala preso politiko maputxea aske uzteko eskatzeko, eta Benetton Italiako arropa markak Patagonian erositako lurrak maputxeenak direla aldarrikatzeko. Desagerpenak iraganeko beldurrak eragin ditu, 1976an hasitako diktadura militarrean 30.000 pertsona desagerrarazi baitzituzten.
Inork ez daki zein den Maldonadoren desagerpenaren arrazoia, hura gertatu eta hilabetera. Hainbat lekukok ikusi zuten jendarmeek nola eraman zuten, baina Patricia Bullrich Segurtasun ministroaren hitzetan «ez dago Jendarmeriara eraman duten frogatzeko zantzurik, ezta hori adierazi duen lekukorik ere». Hala ere, hedatutako hipotesia da poliziek kolpe batez hil eta gorpua desagerrarazi zutela. Haren familiak argi dauka «bortxazko desagerpena» izan dela, eta hasieratik salatu du hori Sergio Maldonado anaiak: «[Gobernuak] eskuak garbi ditzake desagerpenarekin zerikusirik ez duela esaten, baina Jendarmeria gertatutakoaren erantzule izango da. Santiago ez da galdu, ez da magiaz desagertu. Bortxazko desagerpen batez ari gara». Gobernuak, baina, ardura bere gain ez hartzeko edozein zirrikitu baliatu du, eta helarazi duen azken hipotesia da protestak gertatu baino hamar egun lehenago Poliziak zerikusirik izan ez zuen liskar batean zauritu zutela, nahiz eta ez duten horren aldeko frogarik aurkeztu.
Mauricio Macri Argentinako presidentearen gobernua gero eta estuago dago auzi honi dagokionez, izan ere, kutsu politiko handia hartu du, bete-betean harrapatu baitu Kongresurako hauteskunde kanpaina Santiago Maldonadoren desagerpenak. Manifestazioak ugariak izan dira duela hilabetetik. Mezu argia aldarrikatzen dute: Maldonado bizirik agertzea. Gaur ere, manifestaldi «jendetsua» egingo dute Buenos Airesko Maiatzeko Plazan, 17:00etan.
Oposizioko alderdiek eta giza eskubideen aldeko hainbat erakundek desagerpena «behingoz» argitzeko eskatu diote Macriri, eta oposizioak ere uste du «bortxazko desagerpena» izan dela Maldonadorena. Cristina Fernandez Kirchner presidente ohia familiarekin harremanetan jarri zen hasiera-hasieratik, eta desagerpenaren inguruko ezinegona gizarteko arlo askotara zabaldu da. Joan den asteburuan, sare sozialetan gainezka egin zuten Maldonadoren aldeko mezuek, eta herrialdeko hainbat pertsona ezagunek ere haiena egin dute mezua. Esaterako, Jorge Sampaoli Argentinako Futbol Selekzioko entrenatzailea ere mintzatu da horretaz: «Kasua oraindik argitu gabe egoteak gogaitu egiten gaitu diktadura militarra ezagutu genuenak». Gobernuak, ordea, «etekin politikoa» lortu nahi izatea leporatu dio oposizioari. «Gauza bat desagerpena da, eta beste gauza bat egoera hau baliatuz etekin politikoa ateratzea», adierazi du German Garavano Justizia eta Giza Eskubideen ministroak.
Maldonadoren desagerpena beste kapitulu beltz bat da Argentinako historian, desagertu hitzak diktadura militarraren mamua berpizten baitu Hego Amerikako herrialdean —1976-1983—. Haren osteko aroko 34 urteetan, desagerpen kasu ugari gertatu dira, eta asko argitu gabe geratu dira. Hala ere, urte horietan guztietan gobernuan egondako alderdiek oso tentuz jokatu dute Poliziak izandako esku hartzeetan. 2003an, Eduardo Duhalde presidenteak hauteskundeak aurreratu zituen, protesta batean Poliziak bi pertsona hil zituelako. Oraingoz, Maldonadoren desagerpenak ez dio kalte askorik egin Macriren gobernuari, baina, gorpua agertuko balitz, gauzak oso bestelakoak lirateke.
Maputxeak eta Benetton
Maldonado El Bolsoneko komuna hippyan bizi zen artisau bat zen, eta Cushamenera maputxeei babesa ematera joan zen. Maputxe herria borroka etengabean dabil Argentinarekin, baina, batez ere, Txilerekin. Txilen, 1,8 milioi bizi dira, eta, Argentinan, berriz, 200.000. Txile da, ordea, maputxeen aurka gogorren egin duen herrialdea, maputxeen erakunde asko «terroristatzat» hartzen dituzte, eta 37 maputxe ditu haren kartzeletan. Lurrarekin lotura estua dute, eta orain Benetton arropa markaren aurka dihardute, Patagonian historikoki haien lurrak izan direnak erosi baitzituen 1991 urtean. Italiako markaren aurkako protesta gisa, haren jabegoaren lursail batean kokatu dira. Asmoa maputxe herria berregituratzea da. Oraingoz, hogei pertsonako herritxo bat osatu dute han. Ondo antolatuta daude, eta kanporatze mehatxuen aurrean borrokarako prest daude. Epe luzerako plana dute: maputxe guztiak lur-jabeen aurka konbentzitzea eta haien lurretan aske bizitzea.
Hilabete bat desagerturik
Santiago Maldonado abuztuaren 1ean desagertu zen Argentinan, maputxeen protesta batean. Familiak«bortxazko desagerpena» izan dela salatu du. Protesta egingo dute Buenos Airesen gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu