Espainia. Pedro Sanchezen gobernua. Isabel Zelaa

Hezkuntza politikako izen ezinbestekoa

80ko hamarralditik ari da PSE-EEko kide Isabel Zelaa hezkuntza arloko lan politiko eta instituzionaletan, gidari; Hezkuntza Ministerioko lema hartuko du orain.

TEJIDO / EFE.
arantxa iraola
2018ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Nazionalista batek egiten badu, ondo; sozialista batek egiten badu, gaizki. Ez da bidezkoa». Hizlari zorrotza izatearen fama du Isabel Zelaak (Bilbo, 1949). Halaxe, 2014ko urtarrilean BERRIAri emandako elkarrizketan aratz eta irmo solastatu zen 2009-2012an PSE-EEk Eusko Jaurlaritzanegin zuen lanaren alde. Hezkuntza sailburu jardun zuen, eta arrastoa utzi zuen: haren ondare izan ziren, esaterako, hiru eleko eredua eta euskal gatazkaren biktimak ikasgeletara eramateko egitasmoa. Hezkuntzari lotuta aritu da —Hezkuntza Sailean jardun zuen 1980ko hamarkadan, Jose Ramon Rekalde sailburu zela; sailburuordea izan zen Fernando Buesa sailburuarekin—, eta esperientzia horrek guztiak Madrilera eraman du orain: Hezkuntza ministro ariko da. Gobernuko bozeramaile ere izendatu du Pedro Sanchezek.

Eskola publikoaren alde egin du beti, inor mintzeko beldurrik gabe. «Publikoak izan behar du administrazioaren erreferente. Itunpekoak jakin egin behar du hori». Sarri jardun du, halaber, hezkuntzan jarduteko era neutro bat badagoela iritzita, eskola helburu «ideologikoekin» erabiltzea egozten dienen aurka: «Ezin dugu nahastu denen ondare dena soilik alde batena den ideologiarekin. Hezkuntzan, ideologia ikasgela atarian utzi behar da». Alde horretatik, adierazi izan du PSE-EEren gobernuak sustatutako hainbat aldaketa mesfidantzaz hartu izan zirela motibo ideologikoengatik, baina praktikan onetsi egin direla gero. «Orain, badirudi onak zirela».

Behin Jaurlaritzako aginte postua utzita ere, hezkuntza gaien arduradun jarraitu zuen Zelaak alderdian, hainbat urtean. PPk sustatutako LOMCE erreformaren kontra maiz jardun zuen talaia horretatik: esan zuen badirela modu «sotilak» haren kontra egiteko, eta erabili egin behar direla. Jeltzaleek Hezkuntza Sailera itzulita egindako hautuak ere zorrotz kontrolatu izan ditu: «Zertan ari zara? Zer ekarri diguzu? Arreta handiz entzun zaitut, baina ezer berririk ez dago», ohartarazi zion, esaterako, Cristina Uriarte sailburuari 2014an Eusko Legebiltzarrean, Jaurlaritzak proposatutako Heziberri 2020 proiektua hizpide zutela.

LOMCEren itzal luzearen pean jardutea egokituko zaio ministro lanetan ere. Oposizioaren nahiak aintzat hartu gabe ondutako lege organiko bat izan zen, hezkuntzako profesional askok ere kritikatu dutena. Horrexegatik, apalduta dago haren eragina. Espainiako Kongresuan hezkuntza gaietarako beste itun bat hitzartzeko batzorde bat martxan jarri zen, baina nahi eta ezina erakutsi zuen; tantaka, talde politiko guztiak bertako ordezkaritza utziz joan ziren: PP eta Ciudadanos bakarrik geratu ziren, eta desegin egin zen. Negoziatzen hastean sortu dira gorabeherak, akordioa urrun baita. Horiek horrela, indarrean dago oraindik LOMCE, eta hori bazterrean utzi eta hitzarmen berri bat lortzeko giltza bilatzen lagundu beharko du Zelaak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.