Libanoren eta Israelen arteko mugan, Israelgo armadako tropei eraso egin diela jakinarazi du gaur Hezbollahk, baita eraso horien ondorioz atzera egitera behartu dituela ere. Milizia xiitak, ohar baten bidez, ziurtatu du suziriak eta artilleria jaurtigaiak erabili dituela Libanoko lurretan aurrera egin nahian zebiltzan tropen kontra. Israelgo armadak bere Telegram kanalean jakinarazi du hiru soldadu larriki zauritu dituztela Libanon, horietako bat gaur. Gainera, milizia xiitak jaurtitako suziri batek bi lagun hil ditu Israel iparraldeko herri batean; Israelgo hedabideek eman dute berria.
Hezbollahk egindako eraso horietako bat Marun al-Ras herrian zeuden soldaduen aurkakoa izan dela jakinarazi du Al-Jazeera hedabideak. Israelgo militarrek atzo hartu zuten herri hori, eta Israelgo bandera jarri zuten bertan. Atzo, Tel Avivek Libanora tropa gehiago bidali zituen; Times of Israel egunkariak iturri ofizialak aipatuz jakinarazi duenez, jada 15.000 baino gehiago izan litezke Libanon dabiltzan Israelgo militarrak.
Siriari ere eraso egin dio Israelek. Gaur, aire eraso batean, lagun bat hil dute herrialdearen hegoaldeko Quneitra hirian, SANA Siriako albiste agentziak eman du berria. Bestalde, atzo iluntzean, Damaskoko eraikin bat bonbardatu zuen Israelek, eta bederatzi lagun hil zituen, Siriako Giza Eskubideen Begiratokiak emandako datuen arabera. Erasoak kalte material handiak eragin eta 11 lagun zauritu zituela ere ziurtatu du SANAk. Agentzia horren arabera, Golango gainetatik —Israelek okupatutako gunea— jaurti zituzten hiru misil. Tel Avivek ez du bere gain hartu erasoa.
Bonbardatutako eraikina Irango enbaxadatik bostehun metrotara dago, eta aurrez ere bonbardatu ditu inguru horiek Israelek; azkenengoz, urriaren 1ean. Orduan, hiru herritar hil zituen; tartean, kazetari bat. Saudi Arabiako Al Hadath hedabideak azaldu du atzo gaueko bonbardaketak Hezbollahko buruzagi bat zuela helburu.
Talde xiita horretako buruzagien aurkako operazioak areagotzen ari da azken asteetan Israelgo armada. Miliziaren egoitza nagusiak hondatzea argudio gisa hartuta, gaur ere bonbardatu dute Beiruteko Dahieh auzoa. Han hil zuten joan den irailaren 27an, Hassan Nasrallah Hezbollahko burua. Aurreko ostiralean, Dahiehen egindako beste eraso batek Haxim Safi al-Din izan zuen helburu; ordutik, Hezbollahk ez du eman Nasrallahren lekukoa hartzeko hautagai nagusia zenaren inguruko berririk. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, ostera, atzo arratsaldean esan zuen Safi al-Din hilik dagoela: «Milaka terrorista desagerrarazi ditugu; horien artean, Nasrallah, Nasrallahren ordezkoa eta ordezkoaren ordezkoa». X sare sozialean zabaldutako bideo batean egin zituen adierazpen horiek.
Bideo berean, Netanyahuk abisua bidali zien Libanoko herritarrei: «Libano salbatzeko aukera duzue, gerra luze baten amildegian erori aurretik». Hezbollah amaitu ezean, Libanok «Gazak bezala» buka dezakeela ohartarazi zuen. Horregatik, herritarrei esku hartzeko deia eginez amaitu zituen adierazpenak: «Gerra hau amai dadin, askatu zuen herria Hezbollahrengandik».
Irani nola erantzun
Iragan abuztu amaieratik aurrenekoz, AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Joe Bidenekin eta presidenteorde Kamala Harrisekin hitz egin du, gaur arratsaldean, Israelgo lehen ministroak. Iranek urriaren 1ean Israelen aurka egindako erasoari nola erantzun erabakitzeko egin dute telefono deia, AEBtako Axios hedabidearen arabera. Elkarrizketaren ondoren, ez dute adierazi zertaz aritu diren, baina, Axiosek, Bidenen gobernuko funtzionario bat iturri gisa aipatuz, jakinarazi du Washingtonek Israelen erantzuna «mugatzeko» baliatu nahi zuela deia.
Bada, deia bukatu eta gutxira, Iranek egindako erasoaren erantzuna «hilgarria, zehatza eta ezustekoa» izango dela esan du Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallantek, Israelgo hainbat hedabidek kaleratu dutenaren arabera. Eta gehitu du: «Ez dute ulertuko zer eta nola gertatu zen».
Atzo, Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak Tel Avivi abisua bidali zion: «Irango azpiegituren aurkako ezein erasok erantzuna izango du». Gaur, Saudi Arabiako agintariekin batzartuko da Araghtxi —-hasiera batean, atzo zen Riadera joatekoa, baina bidaia atzeratu du— eta, jarraian, Persiar golkoko beste hainbat herrialdetara joango da.
400.000 palestinar harrapatuta, Gaza iparraldean
UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko zuzendari nagusi Philippe Lazzarinik gaur jakinarazi du, gutxienez, 400.000 palestinar harrapatuta daudela Gazako iparraldean, Tel Avivek erasoak areagotu dituen gunean. Lazzarinik X sare sozialean azaldu duenez, ebakuazio aginduek herritarrak behartzen dituzte behin eta berriz beren bizitokietatik ihes egitera. Eta gehitu du: «Askok uko egiten diote ihes egiteari, bai baitakite Gazako gune bat bera ere ez dela segurua».
Israelgo armadak Gazako zerrendan erasoak egiten jarraitzen du. Azken egunetan, zerrendaren iparraldeko gune asko ebakuatzeko agindu du; tartean, Jabaliako errefuxiatuen kanpalekua zein Kamal Adwan ospitalea. Bonbardaketak zein lurreko erasoak egiten ari da Tel Aviv inguru horietan.
Azken 24 orduetan, Israelen erasoek 45 lagun hil dituzte zerrendan, Gazako Osasun Ministerioaren arabera. Gainera, jada, 42.000 baino gehiago dira Tel Avivek iazko urritik Gazan hildakoak.
Zisjordanian, palestinar bat hil du gaur Israelgo armadak bart. Wafa berri agentziak eman du albistea. Gainera, Preso Palestinarren Elkartearen arabera, gutxienez, 25 palestinar atxilotu dituzte Israelgo militarrek Zisjordanian azken 24 orduetan.