Hezbollah Libanoko talde xiitako kideek elkarrekin komunikatzeko erabiltzen dituzten hainbat pertsona-bilagailuk eztanda egin dute. 2.800 lagun baino gehiago —gehienak taldeko kideak— zauritu eta gutxienez bederatzi lagun hil dituzte tresnen eztandek, Libanon eta Sirian. Oraingoz, ezein talde edo gobernuk ez du erasoa bere gain hartu, baina Libanoko Gobernuak eta talde xiitak Israeli leporatzen diote erasoa. Horrela, Ekialde Hurbileko gatazka beste koska bat estutu da.
AFP Agence France-Press berri agentziak argitaratu duenez, Hezbollahk «argi» du Tel Aviv dela bilagailuen eztandaren erantzule: «Israelgo etsaiari egozten diogu eraso kriminal honen erantzukizun osoa». Talde xiitak helarazitako ohar bat aipatuta, berri agentziak dio Hezbollahk «zigor justua» ezarriko diola Tel Avivi. Iazko urriaren 7az geroztik Israelek Gazaren aurkako oldarraldia areagotu zuenetik, hamaika ika-mika izan dituzte talde xiitak eta Israelek. Uztailean, esaterako, Tel Avivek Hezbollahri egotzi zion Golango gainetan —Israelek okupatutako lurraldea— eraso bat egin eta hamabi lagun hil izana.
Ustezko erasoak gutxienez 2.800 zauritu eragin ditu Libanon —horietako berrehun «larri» daude—, Firass Abiad Osasun ministroak adierazi duenez. Bertan zauritutako bat Iranek Libanon duen enbaxadore Mojtaba Amani da. Amani «ondo» dagoela jakinarazi du enbaxadak X sare sozialaren bidez, eta nabarmendu du eztandak «azaleko zauriak» soilik eragin dizkiola. Orain arte zenbatutako hildakoen berri Beirutek eman du soilik. Hortaz, ez dago oso zehatz jakiterik zenbaterainoko eragina izan duen bilagailuen eztandak Sirian, baina hango Giza Eskubideen Behatokiak ohar bidez baieztatu du Damaskoko zenbait ospitaletan zaurituak daudela, hamalau hain zuzen. Hezbollah Siriako presidente Baxar al-Assaden aliatua da.
Libanoko Gobernuak ere gogor egin du Israelen aurka. Informazio ministro Zaid Makaryk «Israelen eraso» gisa definitu du bilagailuen eztanda Al-Jazeera telebista katean, eta esan du Libanoren «xede nagusia Israelek Libanoko herritarren aurka egiten dituen erasoak etetea» dela. «Nazioarteko komunitatearen erantzukizuna dira krimen horiek», gaineratu du ministroak.
Reuters albiste agentziak Hezbollahko iturri anonimoak aipatuz argitaratu duenez, talde xiitak berak esan du «inoizko segurtasun akatsik handiena» gertatu dela eraso horretan. Hala ere, Libanoko herritarrei eskatu diete «zurrumurrurik» ez zabaltzeko harik eta Hezbollahk gertatutakoaren inguruan ikertu arte, horrek «Israeli gerra psikologikoan» lagunduko diolakoan.
Tresna berriak
Bilagailuak herrialdera «duela gutxi» heldu zirela adierazi du Telekomunikazio ministro Johanny Cornek. Ministroak azaldu duenez —oraindik «informazioa biltzeko» dutela argitu nahi izan du—, tresnen bateriak ohi baino gehiago berotu dira, eta horren ondorioz egin dute eztanda. «Agian urrutitik berotu dituzte tresnak, baina ez dakigu nola», adierazi du Cornek, aditzera emanez tresnak herrialdera sartu zituenak helburu hori izan zezakeela. Horiek horrela, jakinarazi du ikertzen ari direla nork eta nola sartu zituen bilagailuak Libanora.
Israelek oraingoz ez du adierazpenik egin erasoaren inguruan. Israelgo egunkari Haaretz-ek argitaratu duenez, gobernua eta kargudun militar nagusiak bilduta daude Defentsa Ministerioan. Israelgo armadak, bitartean, oharra kaleratu du, «egungo egoera aztertzen» ari direla esanez. Bertan, ordea, ez dituzte ez Hezbollah eta ez Libano zuzenean aipatzen.
Gazako zerrendaren aurkako setioa areagotu zuenetik, ez da lehen aldia Tel Avivi Palestinatik eta Israeletik at ekintza armatu bat egitea leporatzen diotena. Esanguratsuena uztail bukaeran gertatu zen, Hamaseko adar politikoko buru Ismail Haniye hiltzea egotzi baitzioten Iranek, Hamasek eta Palestinako erakundearen aldeko bestelako talde batzuek.