Israelgo armadak Beiruteko sei etxebizitza eraikin leherrarazi ditu gaur arratsaldean. Daniel Hagari armadako bozeramailearen esanetan, Hezbollah Libanoko talde xiitaren egoitza nagusia izan dute helburu. Hagarik berak bideo adierazpen batean azaldutakoaren arabera, Hezbollahren egoitza «bizileku batzuen azpian» zegoen. Dahiyeh auzoan egin dute erasoa, Libanoko hiriburuko gune populatuenetako batean. Edizio hau ixterako, bi hildakoren eta 76 zaurituren berri eman du Libanoko Osasun Ministerioak, baina gehiago izango direla uste dute. Reuters berri agentziak, Hezbollahren gertuko iturriak aipatuz, jakinarazi zuen talde xiitako buru Hassan Nasrallah bizirik dagoela. Aurrez, Israelgo hedabideek azaldu dute armada argitu nahian zebilela ea Nasrallah suntsitutako eraikinean zegoen edo ez.
Beiruteko erasoa egin aurretik, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak NBEren Batzar Nagusian hitz egin du. Han azaldu du bere herrialdea «bizirik irauteko» borrokan ari dela. Gaurkoak batu gabe, azken astean 700 lagun inguru hil ditu Israelgo armadak Libanon, herrialde horretako Osasun Ministerioaren arabera. Astelehenean eta asteartean 500 herritar baino gehiago hil zituzten.
Netanyahuk NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian parte hartu du gaur, eta New Yorkera egindako bidaia laburtzea erabaki du. Netanyahuk ziurtatu du Israel ez dela geldituko Libanoko milizia garaitu arte. «Hezbollahk gerra aukeratzen duen bitartean, Israel ez da geldituko». Beiruteko erasoa egin aurretik, lehen ministroak azaldu du bere herrialdea «bizirik irauteko» borrokan ari dela.
Libanoko gatazka mintzagai nagusia da New Yorken (AEB) egiten ari diren NBEren Batzar Nagusiaren urteroko bilkuran. Gaur, arratsaldeko laurak aldera, NBEren egoitzako areto nagusia husten hasi da; Israelgo lehen ministroaren txanda zen. Protesta gisa hitzaldia entzuteari uko egin diote herrialde askotako ordezkariek; geratu zirenek txalo egin diote. Netanyahuk esan duenez, ez zuen NBEren Batzar Nagusira joateko asmorik, baina, aurreko egunetan Israelen inguruan «gezurrak» esan dituztela-eta, «gauzak argitzera» bertaratu da. Indartsu hasi du hitzaldia: «Gure etsaiek ez gaituzte soilik gu suntsitu nahi, baita gure zibilizazioa ere». «Etsai» horien artean sartu ditu Hamas eta Hezbollah.
Israelgo lehen ministroak ez du su etenik onartzeko asmorik azaldu; «irabazten» ari direla baieztatu du, baita «garaipen osoa» lortu arte borrokan jarraituko dutela ere: «Israelek ez du beste aukerarik». Iazko urriaren 7an Hamasek egindako erasoak xeheki deskribatu ditu, eta esan du ez dutela onartuko «beste urriaren 7 bat egin dezakeen talderik». Horregatik, Hezbollah «desagerraraziko» dutela ziurtatu du, Israel iparraldeko biztanleak etxera itzuli ahal izan daitezen. Bi fronteetan borrokan jarraitzeko prest agertu da: bai Libanon eta bai Gazan. Horregatik, Hamasi armak uzteko eta bahitutako israeldarrak aske uzteko deia egin zion; eta gogorarazi du Gaza «desmilitarizatu» arte jarraituko dutela erasoak egiten. Halere, «etsai» guztien artean bat nabarmendu du: Iran.
Mezu argia bidali dio Netanyahuk Teherani: «Eraso egiten badiguzue, guk ere eraso egingo dizuegu. Iranen ez dago gunerik Israel iritsi ezin denik. Hori hala da Ekialde Hurbil osoan». Gainera, NBEri gogorarazi dio Tel Aviv lanean ari dela Iranek arma nuklearrak eskuratzea eragozteko; eta munduko herrialdeen ordezkariei eskatu zien hautua egiteko: «Israel edo Iran». Teherango ordezkariek, baina, ez dituzte entzun Netanyahuren hitzak. Ez dira aretoan egon Israelgo lehen ministroaren hitzaldian zehar. Amaieran, Israelgo lehen ministroak NBE bera ere kritikatu du, eta «antisemita» izatea egotzi.
Netanyahu AEBetan zen bitartean, Israelgo armadak erasoak egiten jarraitu du Libanon. Arratsaldean Beiruten egindakoaz gainera, herrialdean zehar gauzatutako bonbardaketetan 25 lagun hil dituztela jakinarazi du Firass Abiad Libanoko Osasun ministroak. Goizean Libano hegoaldean egindako eraso batean, familia bereko bederatzi kide hil dituzte; tartean, lau haur. Erasoa gauzatu duten Xebaa herriko alkateak eman dio datua Reuters berri agentziari. Bestetik, Libanotik kanpo ere eragin ditu hildakoak Israelgo armadak. Siriako Berri Agentzia Nazionalak azaldu zuenez, Tel Avivek Siriako bost militar hil ditu Libanoko mugatik hurbil. 30.000 herritarrek igaro dute muga hori azken egunetako erasoen ondorioz. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak gaur eman du datu hori.
Huthiak ere erasoan
Bestetik, Hezbollahk ere Israel iparraldean erasoak egiten jarraitu du. Tel Aviven jardunari erantzunez, atzo, Tiberias herriaren ingurura suziri sorta bat jaurti zuela adierazi du talde xiitak, ohar batean. Israelgo armadak baieztatu du inguru horretan sirenek jo zutela. Era berean, jakinarazi dute Libanotik botatako zenbait jaurtigai atzeman dituztela eta beste hainbatek gune irekietan jo dutela lurra.
Gainera, beste aktore bat ere sartu da gatazkan: Yemengo huthiak. Iazko urrian Israelek Gazako oldarraldia are eta gehiago gogortu zuenetik, Tel Aviven aurkako eraso ugari egin dituzte huthiek; gehienak Itsaso Gorria zeharkatzen duten zamaontzien aurka. Gaur, ordea, Tel Avivera misil bat jaurti dutela eta droneekin Ashkelon hiriari eraso egin diotela adierazi du Ameen Hayyan huthien bozeramaileak X sare sozialean zabaldutako ohar batean. Hayyanek gehitu du Israeli erasotzen jarraituko dutela, harik eta Libanoren eta Gazaren aurkako erasoak gelditu arte. Israelgo armadak Xn zabaldutako mezu batean baieztatu du Yemendik jaurtitako misil bat atzeman zutela.