Antropologo, idazle eta militante komunista libanoarra

Leila Ghanem: «Hezbollah indartsu dago militarki, baina politikoki berrantolatu beharra dauka»

Ghanemen arabera, Israelek «galera handiak» izan ditu Gazaren eta Libanoren aurka abiatutako erasoaldietan, ez baitu iragarritako helbururik bete. Mendebaldeak gatazkan duen rola kritikatu du, eta ohartarazi erresistentziak ez duela etsiko.

ANDONI CANELLADA / FOKU
ANDONI CANELLADA / FOKU
maddi iztueta olano
Donostia
2025eko urtarrilaren 7a
05:05
Entzun

Leila Ghanem (Beirut, Libano, 1958) «gauza asko» da: prestakuntzaz, antropologoa; ofizioz, idazlea; pentsaeraz, militante komunista. Euskal Herrian izan zen abenduan, Askapena mugimenduak gonbidatuta. Donostiako Marruma tabernako egurrezko mahai baten bueltan, banan-banan zenbatu ditu Libanoko herriak azken 50 urteetan nozitu dituen gerra guztiak: 1978koa, 1982koa, 1992koa, 1996koa, 2000koa, 2006koa eta, orain, 2024koa. Horiek horrela, azaldu du libanoarrak ohitu egin direla gerrara, eta ohartarazi erresistentziak ez duela etsiko.

Israelek duela urtebete pasatxo ekin zion Gazaren aurkako ofentsibari; abuztu amaieran, Libanoren aurkako oldarraldia areagotu zuen, eta, orain, su etena adostu du Hezbollahrekin. Nola dago milizia xiita?

Nasrallahren [Hassan, 1992tik 2024ra Hezbollahko buruzagi izandakoa] eta Sinwarren [Yahya, 2017tik 2024ra Hamaseko adar militarreko buru izandakoa] heriotzek ondorio handiak izan dituzte; izan ere, eskualdearen historian aitzindari izan diren bi lider galdu dituzte Libanoko eta Gazako herriek, Israelek hilik.

Zergatik diozu Nasrallah eta Sinwar aitzindariak izan zirela?

Haien lidergoak itxaropena eta kemena eman diotelako herriari. Irabaz dezakegula sinistea: hori oso garrantzitsua da. Sinwarrek erakutsi zuen, urriaren 7ko erasoaren bidez, Israel eta inperialismoa paperezko tigre bat direla, Maok esaten zuen moduan [Mao Zedong, Txinako alderdi komunistaren buru izandakoa 1943tik 1976ra]. Horrekin lotuta, Nasrallahk badu oso esaldi polit bat: «Armiarma sarea baino hauskorragoa da inperialismoa». Ausartu egin behar dugu, eta ekin. Nasrallahk 100.000 borrokalarirekin osatutako gerrilla talde bat sortu du, hots, munduko nazio askapenerako mugimendurik handiena.

Bestalde, Hamasek, zeina historikoki Anaia Musulmanekin lotuta egon den, erlijioaren aurretik jarri du nazio askapena. Hamas alderdi erlijioso bat da, baina zertarako ari da borrokan orain? Estatu islamiko bat ezartzeko ala aberria askatzeko? Horregatik, urriaren 7koa ez zen ekintza terrorista izan. Ikuspegi hori duen jende asko dago. Baina, inperialismoaren begietan, matxinatu oro da terrorista, baita kolonialismoaren aurka egiten duena ere. Sinwar Anaia Musulmanen doktrinatik aldendu zen, eta erabaki zuen segida ematea Palestina askatzeko mugimenduari. Horren erakusgarri da, hain justu, Hamasek preso trukaketa guztietan eskatu duela aske uzteko bai PAHF Palestina Askatzeko Herri Fronteko burua, bai Marwan Barghuti Al-Fatahkoa, bai Georges Ibrahim Abdallah; eta horiek guztiak laikoak dira, iraultzaileak...

Galera horiek zer eragin izan dute Israelen aurkako borrokan?

Hasteko, aintzat hartzekoa da Hezbollahko burua hil ondoren sartu dela Israel Libanon. Zuzendaritza hil ondoren, bururik gabe, Israelek espero zuen mugimendu osoa hilda egongo zela. Baina, miliziaren estruktura deszentralizatuari esker, borrokalariek eta tropek beren kabuz jardun dezakete. Bi hilabetean, Israelek ezin izan du aurrera egin zentimetro bat ere; haren historian lehen aldiz, lau milioi kolonok babeslekuetan egiten dute lo.

«Inperialismoaren begietan, matxinatu oro da terrorista, baita kolonialismoaren aurka egiten duena ere»

Halere, bi iraultzaile horien galera oso handia izan da. Herriak oraindik ez du egin dolua, gure ohituren arabera ezin baitugu dolurik egin mendekua hartu baino lehen. Horregatik, minduta eta triste gaude, baina borrokan jarraitzea aukeratu dute. Are, Libanon, gaur egun, gizartearen parte handi batek pentsatzen du Hezbollah irabazten ari dela.

Zergatik?

Su etena adostu duten arren, Israelen helburua zen Hezbollahko milizianoak Iranera bidaltzea, baina ez du lortu. Israelek eskatu du menia, ez Hezbollahk. Batzuek uste dute erresistentziaren bukaera izango dela su etena, hori ez da hala. Egia da militante asko galdu dituztela, baina ez daude hilda. Hezbollahk indartsu jarraitzen du militarki, baina zuzendaritza politikoa berrantolatu beharra dauka.

Eta nola dago Gazaren aurkako erasoaldia?

Israelek hiru helburu zituen: gatibuak askatzea, Gazaren kontrola hartzea eta Hamas desagerraraztea. Urte bat baino gehiago pasatu da, eta oraindik ez du erdietsi helburu horietako bat bera ere. Gauza bakarra lortu du: haurrak, nerabeak, erizainak eta kazetariak hiltzea. Gazakoa irudi basatia eta ikaragarria da.

Posible al da Hamas erabat desagerraraztea?

Erakundeko militante mordoxka bat hil du Israelek, eta galerak izugarriak dira. Baina ezinezkoa da askapen mugimenduak errotik desagerraraztea; Hamas Gazako gizartearen parte da. 2007ko hauteskundeetan, Gazako herriak Hamas aukeratu zuen. Eta haren alde egin izanaren motibo nabarmenetako bat da Hamasek uko egiten diola Osloko Akordioari. Izan ere, Oslo errendizio bat izan zen, Israelen kolonizazioa zilegi bihurtzeko eta indartzeko aitzakia.

«Ezinezkoa da askapen mugimenduak errotik desagerraraztea; Hamas Gazako gizartearen parte da»

Nazioarteak parte hartze handia izan zuen Osloko Akordioetan. Zer rol jokatzen du orain?

Netanyahuren [Benjamin, Israelgo lehen ministroa] ametsa Palestina osoa bereganatzea da. Eta Mendebaldea laguntzen ari zaio; are, Mendebaldea ez da konplizea: benetako aliatua da, kriminala. Adibidez, Macronek [Emmanuel, Frantziako presidentea] esana du ez lukeela Netanyahu atxilotuko nahiz eta hura Frantzian egon, argudiatuta Israelek ez duela bat egiten Erromako Akordioarekin, eta, hortaz, ez duela zertan bete Nazioarteko Zigor Auzitegiak Israelgo lehen ministroaren aurka ezarritako atxilotze agindua. Hara Mendebaldea zer bihurtu den. Eta zaila da ulertzen. Izan ere, palestinarrak ez daude bakarrik. Mundu osoan manifestazio andana egin dira Palestinaren alde. Inoiz ez da halakorik ikusi, ez Vietnamgo gerraren aurka, ez Irakeko inbasioaren aurka.

Eta, orain, nazioartea Siriara begira dago. Hango azken gertakariek zer eragin izango dute eskualdean?

Galdera bati erantzun beharra dago: zer gertatu da? Siriako Gobernuaren gainbehera oso azkarra izan da, ez da borrokarik egon. Hori arraroa da, ofentsiba aurretik prestatuta zegoen seinale. Siriarentzat umiliazioa izan da Al-Assaden irteera [Baxar Al-Assad, 2000tik 2024ra Siriako presidente izana]. Hanka sartze asko egin ditu, eta, militante komunista naizen arren, ez dut sostengatzen. Al-Assadek uste zuen bai Iranek, bai Errusiak, bere aliaturik indartsuenek, beti lagunduko zutela. Baina Iranek eta Errusiak ezin zuten guztia egin. Al-Assadek asko espero zuen bere aliatuengandik, baina zer ematen zuen berak? Orain, larriena da Israelek Golango lur eremu gehiago okupatu dituela, eta Damaskotik hogei kilometrora dagoela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.