Atzo, 116 migratzailek saltatu zuten Maroko eta Espainia banatzen dituen Ceutako hesia. Espainian sartzea lortu zutenetatik bost ospitalera eraman zituzten zaurituta. Zazpi guardia zibil ere zauritu ziren mugan izandako liskarretan. 300 bat pertsona saiatu ziren Espainiara sartzen, baina azkenean 116k lortu zuten. Etorkinak hartzeko behin-behineko zentrora eraman dituzte iritsi berriak.
Ia 700 pertsonak pasatu dute hesia azken hilabeteetan. Behin-behineko zentrora eramaten dituzte guztiak, baina han 512rentzat baino ez dago lekua. Uztailaren 26an muga zeharkatzea lortu zuten 602 migratzaileekin, 1.300 pertsona inguru daude zentroan. Leku faltaren ondorioz, kanpaleku bat eraiki dute guztiak hartu ahal izateko. Gobernu Ordezkaritzako iturriek jakinarazi dute gaur eramango dituztela penintsulara zentroan dauden 80 lagun.
Ceutara sartzea lortu duten azken 116 iheslariak kontuan izanda, 1.400 baino gehiago dira 2018an Ceutan sartzea lortu dutenak, Espainiako Barne ministerioak jakinarazi duenez. Gehienek hesia pasatzen dute, baina autoetan ezkutatua ere lortzen dute zenbaitek muga zeharkatzea. Joan den urteko abuztuaren erdira arteko datuen aldean, %21 egin du behera lurretik Espainiako autonomia horretara sartutako errefuxiatuen kopuruak. Txalupetan iritsitakoek, aldiz, gora egin dute, eta lehen adina hiru dira. Ministerioak nabarmendu du 25.359 migratzaile iritsi direla Espainiako kostara 1.054 txalupatan abuztuaren 13ra arte. 2017ko abuztuaren erdira arte, ministerioak 8.717 pertsona zenbatu zituen, 475 txalupatan banatuta. Gehienak Balear Uharteetara eta Penintsulara iristen dira, eta gutxi batzuk Kanariar Uharteetara eta Melillara. Guztira, 29.541 iritsi dira lurretik zein itsasotik Espainiara abuztu erdira arte.
Marokoren erabakiak
Espainiara iristea helburu duten migratzaileak Marokoko lurretatik iritsi ohi dira Ceutako eta Melillako hesietara, Afrikako zenbait herrialdetatik. Beste hainbatek Libiara jotzen dute Europara iristeko asmoz, eta beste batzuek Aljeriara. Hala ere, azken urteetako joera nagusia Ceuta eta Melillako hesiak pasatzea izan da.
Azken hamarkadan, hainbat gobernuz kanpoko erakundek salatu dute milaka migratzaile eramaten dituztela Maroko iparraldeko kanpalekuetatik hegoaldeko basamortura eta Aljeriako mugara. Autobusetan banatzen dituzte, eta askotan familiak banantzen dituzte. Mugako herrialdeetan uzten dituzte gehienak, hango gobernuek hardezaten haien gaineko ardura. Gehienek ez dute dokumentaziorik izaten, baina beste asko legezko bisa batekin herrialdean dauden pertsonak ere izaten dira. Hainbat erakundek horri aurre egiteko medioak eskatu dizkiete Espainiari eta EB Europako Batasunari, eta Marokoren politiken erantzule nagusitzat jotzen dute Espainia. IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeak salatu du Aljeriako Gobernuak ia 12.000 pertsona bota dituela 2017tik, gero Nigerrera eta Malira deportatzeko. Martxoaren 23an, Noureddine Bedoui Aljeriako Barne ministroak parlamentuan jakinarazi zuen 2015. urtetik 27.000 errefuxiatu baino gehiago kanporatu dituztela herrialdetik. Mauritaniako Gobernuak ere berretsi izan du azken 15 urteotan iheslariak kanporatzen dituela.
Hesiz hesi Europara iritsi arte
Lurretik Espainiara sartu diren migratzaileen kopuruak %21 egin du behera aurten, 2017ko abuztu erdira arteko datuekin alderatuta. Txalupan iritsitakoen kopurua hirukoiztu egin da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu