LGTBI kolektiboaren kriminalizazioa

HESIAK ORTZADARRARI

Ugandan datozen egunetan sartuko da indarrean LGTBI kolektiboko kideak kriminalizatzen dituen legea. Antzeko neurriak dituzten beste 64 estatu daude mundu osoan. Maiz, kriminalizazio hori salatzen duten estatuetako erakundeek sustatzen dute kolektiboaren aurkako bazterketa.

HESIAK ORTZADARRARI.
arantxa elizegi egilegor
2023ko ekainaren 11
00:00
Entzun

Aurrez ere homosexualitatea legez kanpokoa zen Ugandan, baina, joan den astean, zigor gogorragoak biltzen dituen legedi bat onartu zuen gobernuak. Aurrerantzean, heriotzarekin zigortuko dira «deliturik larrienak»: esaterako, 18 urte baino gutxiagoko norbaitekin sexu harremanak izatea edo sexu harremanen bidez norbaiti bizi osorako gaitz bat kutsatzea, hala nola GIB birusa.

Asuman Basalirwa diputatuak bultzatu du lege proposamena. Haren esanetan, helburua ez da «eremu pribatuan sexu harremanak dituzten helduak» zigortzea, «horiek eremu publikora eraman, eta besteak berdin jokatzera bultzatzen dituztenak» zigortzea baizik. Maiatz hasieran eraman zuten proposamena legebiltzarrera, eta diputatu bakarrak bozkatu zuen kontra. Yoweri Museveni presidenteak joan den astean berretsi zuen neurria, eta datozen egunetan da indarrean sartzekoa. Erabakia txalotu egin du legebiltzarreko presidente Anita Amongek, eta esan «familiaren santutasuna babesten» duela.

Ugandakoa da LGTBI komunitateko kideen aurkako Afrikako legerik gogorrenetako bat, baina ez bakarra. Orotara 65 herrialdetan dituzte sexu bereko helduen arteko sexu harremanak kriminalizatzen dituzten legeak. Horietako gehienek «naturaren aurkako jokabide» gisa sailkatzen dituzte gizonen arteko sexu harremanak, eta horien aurkako neurri zehatzak jasotzen dituzte. Horrez gain, bederatzi herrialdek zigortu egiten dituzte transexualak eta genero jakin batekin identifikatzen ez direnak. Horri gehitu behar zaio herrialde askotan legeak interpretaziorako tarte zabala uzten duela, eta horrek bide ematen die polizia eta epaileei euren aurreiritziak baliatuta edonor zigortzeko.

Lege eta zigor sorta horren barruan, nabarmendu beharrekoa da askoz gehiago direla gizonezkoen arteko harremanak zigortzen dituztenak. Baina horrek ez du esan nahi emakumeen artekoak onartuak daudela, baizik eta legeak onartu zirenean ukatu egiten zela emakumeen arteko sexu harremanik egon zitekeenik ere. Adibide bat jartzearren, 1912an Britainia Handian ahalegindu zirenean «emakumeen lizunkeria ekintzak» zigortzen zituen legean emakumeen arteko sexu harremanak ere jasotzen, ezin izan zuten, legegileek uste baitzuten ez zegoela «frogarik» esateko horiek «lege batean jasotzeko bezain zabalduak» zeudenik.

Atzera egin beharra dago legeok nondik datozen argitzeko ere; izan ere, LGTBI komunitatea kriminalizatzen duten herrialdeetako asko Britainia Handiaren kolonia izan ziren garai batean, edo lege islamikoa dute indarrean eta haren interpretazio hertsia egiten dute. Horrek guztiak ondorio kaltegarriak ditu gizartearentzat, modua ematen baitu edonor atxilotu, pertsekutatu eta epaitzeko bere izaera dela medio. Zigortua izan ezean ere, kriminalizazioak diskriminazioa bultzatzen du, eta horrek aurreiritziak eta estigma. «Jurisdikzio horietan, LGTBI kolektiboko kideak baztertu egiten dituzte: ezin dituzte haien aurkako gehiegikeriak salatu, eta noiznahi atxilotu ditzakete. Gainera, ez dago bermatzerik etorkizunean lege horiek ez dituztela gogortuko», ohartarazi du Human Dignity Trust erakundeak bere azken txostenean.

Bestalde, azpimarratzekoa da estatu batek LGTBI kolektiboaren aurkako legerik ez jasotzeak ez duela esan nahi herrialde horretan diskriminaziorik ez dagoenik. Horren adibide dira Errusia eta Lituania, esaterako. Human Rights Watch erakundearen arabera, bi estatu horietan ez dira legez kriminalizatzen sexu berekoen arteko harremanak edota genero adierazpide askotarikoak, baina, aldi berean, bi estatuok debekatu egiten dute kolektibo horren aldeko «propaganda», haien aldeko manifestazioak isiltzeko ahaleginean. Alderantziz gertatzen da AEBetan: Auzitegi Gorenak 2003an ebatzi zuen konstituzioaren aurkakoa dela bazterketa bultzatzen duten legeak izatea, baina, hala ere, araua Zigor Kodean jasota dago oraindik.

Ezkontza behartuak

Tunisiako emakumezko lesbiana baten kasua jaso zuen HRWek adibidetzat otsailean, Aminarena, lesbiana, bisexual, queer eta ez-binarioen aurkako bazterketari buruzko txostenean. Aminak kontatzen zuen bi urte lehenago bere bikotekideak harremana eten zuela, familiari men egin eta gizonezko batekin ezkontzeko. «Ez zen lehena izan, eta ez da azkena izango nirekin ezkondu nahi ez duena gizona ez naizelako. Ez naiz nahikoa bikotekide izateko maite ditudan emakumeentzat», zioen ordu hartan tunisiarrak.

Amina ez da bakarra; kasu gehiago ere jasotzen ditu dokumentuak: Kirgizistango giza eskubideen aldeko erakunde bateko burua gizon batekin ezkontzera behartu zuten 19 urterekin; Asante izeneko Malawiko lesbiana bati, bi aldiz eraso zion bikotekidearen senarrak —bikotekideak ez zuen banatzeko diru nahikorik—.

Halako egoeretan, ahal dutenek ihesera jotzen dute, erbestera; baina hori ere ez da oztoporik gabeko bidea. Migrazioek berezkoak dituzten hesiak gainditzeaz gain, diskriminazioak dakartzanak ere aurkitzen dituzte bidean LGTBI kolektiboko kideek. Izan ere, herrialde askok ezkontza agiriak eskatzen dizkiete bikoteei asiloa familia gisa jaso ahal izateko; haietako asko, ordea, halakoak legez debekatzen dituzten herrialdeetatik doaz atzerrira, eta, beraz, ezinezkoa zaie dokumentu horiek aurkeztea.

Bestalde, maiz, kriminalizazioa kritikatzen duten estatu berak dira kolektibo horren aurkako neurriak sustatzen dituztenak. Global Philanthropy Project erakundeak zabaldutako ikerketa baten arabera, «generoaren aurkako ideologia» duten gobernuz kanpoko erakundeek 6.000 milioi dolar baino gehiago jaso zituzten 2008 eta 2017 artean, eta horietatik 1.000 milioi inguru «atzerriko proiektuetarako» erabili zituzten.

Zaila da jakitea inbertsio horiek non bukatu zuten zehazki, baina LGTBI kolektiboaren aurkako taldeok maiz lotura estuak izaten dituzte kriminalizazioa sustatzen duten estatuekin. 2019an, esaterako, Familien Nazioarteko Kongresuaren batzarra egin zuten Ghanan, «sexu heziketa onargarriaz» aritzeko. Atzerriko eta herrialdeko erakundeek parte hartu zuten kongresu horretan, eta, besteak beste, hizpide izan zituzten sexu eta genero aniztasuna sustatzen duten kanpainei aurre egiteko estrategiak. Bi urte geroago, LGTBI kolektiboaren aurkako zigorrak gogortu eta komunitate horren eskubideen aldeko taldeak debekatzen zituen lege proposamen bat aurkeztu zuten parlamentuan.

2021ean, Hungarian egin zuten kongresua. Viktor Orban presidentea izan zen batzarra defendatzen lehena. Urte berean, eskoletan LGTBI komunitateaz hitz egitea debekatzen zuen Ez esan gay legea onartu zuen Kongresuak. Aurten, Ugandara heldu da Familien Nazioarteko Kongresua, eta Museveniren emaztea han egin zuten batzarrean izan zen. Martxoan egin zuten konferentzia, eta maiatzean onartu dute legea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.