Desertifikazioak milioika laguni eragiten die Afrikan, zeinetan, lur zoruaren bi heren basamortua edo lur lehorra den. Fenomenoa ez da dunen mugimenduagatik nekazaritzarako lantzeko sailak galtzea, eremu idor, erdi-idor eta erdi-hezeetako lurren degradazioa baizik. Hori, gizakiak ekosistema ahulengan duen presioaren, baso soiltzearen edo klima aldaketaren ondorio izan ohi da. Bernako Unibertsitateko Ingurumen eta Garapen Zentroko ikerlari Gudrun Scwilichen arabera "gizakion jarduera da ustiatzeko lurrak agortzeko arrazoi nagusia". Mundu mailako datuei erreparatuz gero, aurten 120.000 kilometro karratu lur emankor galduko dira guztira.
Edonola ere, herrialderik kaltetuenak Txina, India, Afrika eta Hego Amerika dira. Desertifikazioak eta lurren degradazioak eragin handia dute elikaduran, eta Afrikako eremu lehorretako komunitateen biziraupena arriskuan jartzen dute. Nigerian, esaterako, urtean 2.000 kilometro koadrotik gora larre eta ustiatzeko lur galtzen dira, eta horrek "40 milioi lagunen bizitzari eragiten die", bertako Ingurumen ministro Hadiza Ibrahim Mailafiaren hitzetan. Gainera, azken txostenen arabera, Afrikako lurren %43,3k basamortu bihurtzeko joera dute, eta horrek bertako herritarren %65i eragiten die.
Senegalgo iparraldean, Sahel eskualdeko beste edozein eremutan bezalaxe, lehorteek arriskuan jartzen dute bertako herritarren biziraupena. Horri aurre egiteko urtean 5.000 hektarea zuhaitz landatzen dituzte. Sahara eta Sahelerako hesi berde handia delakoaren lehen puskak izango lirateke zerutik ere ikus daitezkeen berdegune horiek.
Saharaeta Sahelerako hesi berde handiaren iniziatiba deiturikoa Afrikako Batasunaren barneko egitasmoa da, Sahara eta Saheleko desertifikazioak zein naturaren degradazioak eragiten dituen ingurumen kalteak, kalte ekonomikoak eta sozialak saihesteko. Basoberritzea oinarri duen zuhaitzezko hesi hori Senegal eta Djibuti artean eraiki nahi dute Afrikako 11 herrialde (Txad, Sudan, Burkina Faso, Niger, Senegal, Mali, Etiopia, Mauritania, Eritrea, Nigeria eta Djibouti) zeharkatuz. 7.000 kilometro inguruko luzera eta bost kilometroko zabalera izango lituzke hormak, 11,6 milioi hektarea hartuko ditu, eta 70 milioi zuhaitzetik gora landatu beharko dituzte horretarako.
Saharako basamortua landarez mugatzeko egitasmo honetarako adibide bat Txinako hesi berdearena litzateke. Munduko baso artifizialik handiena eraikitzen ari dira bertan, herrialdearen ipar ekialdean, Gobi basamortua inguratuz. Basamortua Txina aldera hedatzea oztopatzeko eta areazko ekaitzei aurre egiteko asmoz, mendebaldeko muturrean dagoen Xinjiang probintziatik ekialdeko Heilongijang probintziara arte luzatuko da hesi berde hori 4.480 kilometrotan zehar. Guztira, 400 milioi hektarea estaliko dituzte berdez.
Hastapenak 1978. urtean ditu, 1950eko hamarkadan ustiatzeko lurren demanda handiak sortutako baso faltari aurre egiteko ideia izan baitzen. 1981ean, Txinako Asanblada Nazionalak ebazpen bat onartu zuen, 11 urtetik gorako herritar guztiak urtean hiru makal, eukalipto edo alertze landatzera behartzeko. Hazkunde azkarreko espezieak landatu dituzte Txinan karbono dioxido gehiago xurgatzen dutelako, eta agintarien arabera, hamarkadetako ingurumen kalteei aurre egitea ahalbidetu dute. Baina adituek bestelako iritzia dute, landatutako espezieak eta kokapena kontuan izanda, egitasmoak ez dio behar bezala aurre egingo basamortuaren hedapenari. Txinako Zientzia Akademiako Botanika Institutuko irakasle Jiang Gaomingen arabera, "hesi berde handian landatutako zuhaitzak ez dira autoktonoak, eta bertako espezieak eraginkorragoak dira basamortuaren hedapena gerarazteko".
Egitasmo integrala
Afrikako kasuan, hasierako asmoa basamortua ekialdetik mendebaldera zeharkatzea zen, hau da, Ozeano Atlantikotik Indikora arteko zuhaitz ilara landatzea. Baina proiektua garatu egin dute, eta interbentzio mosaiko modura egiteko asmoa dute orain. Hau da, lekuan leku zuhaitzak landatzeaz gain, naturaren inguruko tokiko jakinduria sustatu nahi dute, herritarrak ekosistemak sortzera eta lurra zaintzera bultzatuz. Izan ere, ustiatutako lurretan zuhaitzak landatuz gero, eroritako hostoek zoruaren gainean estalki moduko bat sortuko lukete, lurra eguzkiaren berotik babesteko. Hala, areagotu egingo lirateke lurraren emankortasuna eta kontserbatzeko gaitasuna, eta lekuko laborariek basoa handitu ahala zuhaitzen egurra, fruituak edo goma arabiarra bezalako elementuak zein osasunarentzako sendagaiak ere eskuratu ahalko lituzkete.
Kudeatzaileek landa garapenerako tresna gisa baliatu nahi dute egitasmoa. Diru laguntza lokalak hobetuz, natur baliabideen degradazioak eta landa guneetako lehorteek eragindako egoera hobetzeko izango da hesi berdea. Sahara eta Saheleko herri gehienetan, egurra ezinbestekoa dute etxeko energia sortzeko, baina eremu horietan ez dago behar adina zuhaitz, eta ez da komeni landatutako guztiak mozterik ere. Hala, beharrezkoa izango litzateke zuhaitzak sartzeaz gain bestelako energia iturriak eta lurraren ustiapen moduak txertatzea ere, egurrarekiko menpekotasuna gutxitzeko eta landare gainazala berreskuratzeko.
2002an, N'Djamenan (Txadeko Errepublika) Degradazioaren eta Lehortearen aurkako egunaren harira egindako gailur berezian, zuhaitz ilararen ideia irten zen, eta 2005eko ekainean Sahel-Sahara komunitateko estatuetako buruek Uagadugun (Burkina Faso) egindako ohiko zazpigarren batzarrean onartu egin zuten Gerriko berdea bezala izendatutako proposamena. Afrikako herrialde gehienek oniritzia eman bazioten ere, horietako askok ez zuten behar beste diru egitasmoa martxan jarri ahal izateko. Baina EB Europako Batasunak eta Munduko Bankuak emandako diru laguntzei esker, oztopo gehienak gainditu dituzte. Europa hesi berdea eraikitzearen alde dago, besteak beste, herrialde garatuagoetara joaten diren milaka afrikarren migrazioa saihestearren.
Ordutik hona bilakaera nabarmena izan du egitasmoak. Algeriako urtegi handiaren edo Txinako hesi berdearen esperientzietan oinarrituta, emaitza jasangarriak lortzeko sektore arteko egitasmo baten garrantziaz ohartu ziren. Zuhaitzak landatzeko iniziatibatik abiatuta, hesi berdearen egitasmoak aurrera egin du, eta garapenerako tresna bihurtu da. 2007. urtean Afrikako estatu eta gobernu buruek Addis Abeban (Etiopia) egin zuten ohiko zortzigarren batzarrean onartu zutenez, zuhaitzez osatutako ilara zuzen bat baino harremanetan dauden ekintzen bilduma bat izan behar du egitasmoak, baliabide faltak eta pertsonen biziak jasandako kalteak konpontzera begira.
EBren eta FAO Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen babesarekin, besteak beste, Afrikako Batasuna beste hamahiru herrialderekin ari da lanean egitasmoa aurrera ateratzeko. Landatuko dituzten zuhaitz espeziei dagokienean, hiru akazia motatakoak hautatu dituzte, eremu bakoitzeko baldintzetara egokituko liratekeenak, eta bizirauteko ur askoren beharrik ez dutenak. Basoberritzeko eremuaren tamaina kontuan izanda, ez da erraza epe ertainean lana egin ahal izatea. Izan ere, ardi zein behi transhumantzia ohiturak basoberritzea eten dezakete. Hargatik, beharrezkoa da harreman publikoetako estrategia txukun bat garatzea, martxan jartzea eta mantentzea.
Duela sei urte egitasmoak onarpena jaso bazuen ere, zientzialarien eta gobernuz kanpoko erakundeen kritikak jaso ditu proiektuak. Dennis Garrity Munduko Nekazaritza Zentroko zuzenda, esaterako mesfidati dago. Bere hitzetan, "1970eko hamarkadan ere izan zen antzeko proiektu bat egiteko suhartasuna. Afrikako estatuetako nekazaritza ministerioek diru asko jaso zuten eta zuhaitzak landatzeari ekin zioten. Milioika landatu zituzten, eta gehiengo handi bat hil egin ziren". Garrityk dio Hesi Berdearena metafora gisa erabili behar dela, bertako herritarren bizimodua, elikadura, eta ingurumenaren zainketa lotu behar dituela. Zenbait GKE ere iritzi berekoak dira, eta uste dute zuhaitz landaketaz arduratzen diren enpresek mantentzeaz ere arduratu beharko luketela "landareak ureztatzeaz, animaliengandik babesteaz edo inausketaz ahaztu ordez".
Zenbait gune berde
Ingurumenari eta herritarrei ekarriko dizkien onurez gain, bada kalteei erreparatzen dionik ere. Batetik, Gilles Boetsch antropobiologo frantziarraren arabera, «hesi berdearen eraikuntzak asko eragingo die ingurumenari, herritarren jarduerei, osasunari, elikadura ohiturei zein ganaduari». Bestetik, Lamine Gueye medikuntzako irakasle senegaldarrak eta egitasmoak osasunean izango duen eragina ikertzeaz arduratzen denak azaldu duenez, "orain arte murrizten joandako malaria kasuen kopuruak gora egin dezake, zuhaitzen hezetasunarekin eltxoak areagotuko baitira".
Edonola ere, lekuan leku egindako landaketei esker, pixkanaka osatuz doa hesi berdea. Nigerren 1965ean bertako espeziez osatutako gerriko berdea jarri zuten Niamei hiriburuaren inguruan, hiria harea inbasioarengandik babesteko. Aljerian, berriz, 1970eko hamarkadaz geroztik ari dira Sahararekiko mugan zuhaitzak landatzen, hiru milioi hektarea basoberritzeko asmoz. 1980ko hamarkadan asko egin zuen gora mekanismo horrek abeltzaintzarako, nekazaritzarako eta basogintzarako eremuetan. Senegalen 2008tik dute abian zuhaitzen landaketa, hogei urte beharko dituzte zuhaitz horiek behar adina hazi eta basamortuaren hedapenari eusteko. Baina Senegalgo presidente Abdoulaye Wade baikor dago, eta herrialdeari goraldia ekarriko diola uste du. Hain justu, Senegalgo zatia da aurreratuen dagoena, eta 535 kilometroko luzera du jada.