Herritarren batzordeak antolatu behar izan dituzte Sudango gerran harrapatuta dauden ehunka mila hegosudandarrak ebakuatzen hasteko. Salva Kiir presidentearen gobernuak urrats hori egiteko asmorik iragarri ez duela ikusita, herritarrek logistika, finantza eta informazio batzordeak sortu dituzte euren kabuz, iheslarien larrialdiko ebakuazioaz eta harreraz arduratzeko. «Gure lehen kamioia joan den astean pleitatu genuen, Kalakala al-Andalusen. Ehun bat hegosudandar ekarri genituen, gehienak emakumeak eta haurrak, ezinduak tartean» dio Emmanuel Ladu Kosek, logistika batzordeko buruak.
Larunbatean beste hiru kamioi antolatu zituzten Karthumgo hiru auzotatik —Kalakalatik, Hai Yusifetik eta Omdurmandik—, Nilo ibaiaren bideari jarraituz, Hego Sudan iparraldean dagoen Renk hirira iristeko. Dagoeneko baliabiderik ez duten 891 hegosudandar erreskatatu dituzte, herenegun iluntzean bosgarren kamioia Omdurmandik seguru iritsi ondoren. Atzo beste lau kamioi pleitatu nahian zebiltzan. Khartumgo merkatari arabiar bat da kamioien jabea, eta harekin adostu dute jada ordainketa. Baina galdera da gatazkak ahalbidetuko ote dien aurrera egitea. «Azken unean jakiten dugu segurtasun baldintza nahikoak ote dauden», azaldu du Kosek.
Ahulenak
Gune ezberdinetatik atera ziren atzo kamioiak, muturreko arriskuan dauden pertsonak lehenesteko helburua baitute. Ezustekoak kontuan hartu gabe, hamar orduko bidaia da Khartumdik Jodako mugaraino.?Hegosudandarrek Sudango hiriburuan duten egoera bereziki jasangaitza da segurtasunik ezagatik. Datu zehatzik ez badago ere, milioi bat baino gehiago direla uste da, eta ahulenen artean ahulenak dira. 2013ko eta 2016ko Hego Sudango gerra zibiletatik ihes egindakoak dira asko.
RSF Azkar Laguntzeko Indarrrak talde paramilitarraren eta Sudango armadaren arteko su-eten engaiamenduak ez dira osoki betetzen, eta etxe-zuloetan sartuta dauden familiek ez dute janaririk, ez osasun zerbitzurik ere. Tiroak eta eztandak isildu, eta lasaitasunak apur bat gehiago irauten duenean, kalera atera behar izaten dute. «Janaria, ura eta argindarra lortzea da gure arazorik handiena. Ura eta elektrizitatea eten egin dituzte. Atzo [herenegun] hiru orduz izan genuen argindarra. Zail da dendak zabalik aurkitzea ere, eta etxean gordeta geneukana agortua da», esan du Pawon Samuelek Khartumdik.?
Herritar batzordeek koordinatzaileen sarea sortu dute hiriburuan. Koordinatzaileek milaka hegosudandar erregistratu dituzte jada, ebakuatuak izan daitezen. Erronkei buruz galdetuta, zera dio Kosek: «Lehenengo erronka koordinatzaileekin komunikatzea da. Telefono mezuak erabiltzen ditugu, baina sarea denbora guztian eteten da. Bestea, Jodako muga. Kamioiak hara iristen direnean, Sudango migrazio ofizialek ez diete zeharkatzen utzi nahi. Oinez joan behar izaten dute Wunthuraino. Sudango Atzerri Ministerioarekin hitz egiten saiatu gara arazo hori konpontzeko, baina gobernu bulegoak ere gerran harrapatuta daude, eta ez dago elkarrizketarako modurik».
Ikusi gehiago:NBEk ohartarazi du borrokak eten ezean ezingo dela laguntza banatu Sudanen
Horrez gain, munduan sakabanatuta dauden hegosudandarrak ere deika dituzte, euren senitartekoak Khartumdik atera ditzaten. Ez dute erraza finantzatuko dituen norbait topatzea ere. «Ehun bat pertsona ekarri ahal dituen kamioi txikiaren bidaiak bost milioi libra pasa balio du, hau da, 8.000 dolar [7.200 euro]», azaldu du Kosek. Khartumen erregaia lortzea oso zaila dela esan die kamioien jabeak. «Herritarren ahalegina da hau, eta gure kabuz mugiarazi behar ditugu funtsak eta janari laguntzak. Diru gehiago lortu ahal bagenu, askoz ere gehiago egin ahal izango genuke», dio boluntarioak.
Ahaleginean parte hartu nahian deitzen dietenei, dirua ez, kamioiak ordaintzeko eskatzen diete maiz. Herritar talde eta Hego Sudango enpresa batzuek zuzenean ordaindu dizkiete bidaiak kamioien jabeari. «Gobernu agentzia eta enpresak azkar hurbildu zaizkigu laguntzeko prest», azaldu du informazio batzordeko buru Jok Monixok Kolek.
RRC Laguntza eta Birgaitze Agintaritzak lankidetza agindu die Renkera iristen diren pertsonei harrera duina bermatzeko. NBE Nazio Batuen Erakundeko agentziak eta gobernuz kanpoko erakundeak ere arduratzen dira horretaz. Diru publikoarekin lau kamioi finantzatzea ere lortu dute.
Hala ere, Hego Sudango Gobernua ezagutzen duten herritarren gogoa eta gidaritza beharrezkoak izan dira. «Arriskuan daudenak babesten saiatzea nazioarteko erakunde eta funtsek egin ohi dute hemen, diru publikoa politikarien arteko negozioetan desagertzen baita», salatu du mediku boluntario batek. Khartumdik kamioiak pleitatzeaz gainera, bi hegazkin bidaltzekoak ziren atzo, Paloixeko aireportutik Jubaraino. Pertsona oso ahulak zituzten eramatekoak horietan: gaixoak, adinekoak, ezinduak, haurdunak eta abar. Hori ere gobernuaren funtsek ahalbidetu dute. Hala ere, Koseren hitzetan, lehentasuna da, «arrisku bizian daudenak» Khartumdik ateratzea: «Hango koordinatzaileek esaten digutenez, leherketa batean hiltzeko arriskuan daude egunero».