Herritarren %10 goseak jota lotaratu ziren egunero 2021ean

FAOren arabera, goseak bizi direnen bi herenak emakumeak dira. Elikagai segurtasunik eza handitu egin da

Hainbat herritar janaria jasotzeko zain, Kabulen, artxiboko argazki batean. MONCHO TORRES / EFE.
Mikel O. Iribar.
2023ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Muturreko gosetearen areagotzeak ez du etenik. FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak datu kezkagarriak plazaratu zituen herenegun: 2021ean, munduko herritarren %10 —828 milioi pertsona inguru— goseak jota lotaratu ziren egunero, 2020an baino 46 milioi gehiago. Horrez gain, gosea jasaten dutenen artean, bi herenak emakumeak dira, eta kopuru osoaren %80 klima aldaketak gehien eragiten dien herrialdeetan bizi dira.

Goseak jota denbora luzez egoteak osasun arazoak eragin ditzake, baita bizitza osorako kalte fisiko eta kognitiboak ere, batez ere haurren artean. Goseteak goranzko joera izan du azken urteetan. 2019 eta 2021 artean, desnutrizioa zutenen kopurua handitu, eta 150 milioi gehiago ere izan ziren, gatazken, klima aldaketaren, krisi ekonomikoaren eta COVID-19ak eragindako izurritearen ondorioz.

Hori gutxi ez, eta elikagaien kostuak ere gora egin du. 2019 eta 2022 artean, FAOren elikagaien prezioen indizea (FPI) 95,1 puntutik 143,7ra igo zen. Indize horrek, zehazki, oinarrizko produktuen erosketa saskia hartzen du kontuan, eta munduko prezioen aldaketa neurtu. Iazko otsailean hasitako Ukrainaren inbasioak nahasmena eragin zuen hornidura kateetan, eta, ondorioz, zerealen, ongarrien eta energiaren prezioak nabarmen igo ziren.

Zerrenda luzea

NBE Nazio Batuen Erakundearen Elikadura Segurtasunaren eta Munduko Nutrizioaren (SOFI) egoerari buruzko azken txostenaren arabera, desnutrizioa jasaten ari diren herritar gehienak Asian bizi dira —425 milioi lagun—. Halere, gosearen prebalentzia handiagoa da Afrikan: 278 milioi lagun izan ziren 2021ean. Bestalde, desnutrizio akutu larria dutenen kopuruak laugarren urtez egin zuen gora iaz. 258 milioi lagunek aurre egin behar izan zioten.

FAOk eta MEP Munduko Elikadura Programak herenegun kaleratutako txostenean ohartarazi zutenez, elikagai segurtasunik eza are gehiago okertu da 22 herrialdetan, eta datozen sei hilabeteetan areagotu egingo da. Afganistan, Nigeria, Somalia, Hego Sudan eta Yemen dira zerrenda horren gailurrean ageri diren herrialdeak; azken estatu horretan, zehazki, hamazazpi bat milioi lagunek pairatzen dute elikagai segurtasunaren falta. Haiti, Burkina Faso, Mali eta Sudan ere ez daude aparte. Bien bitartean, egoera makurra dute Pakistanen, Afrika Erdiko Errepublikan, Etiopian, Kenyan, Kongoko Errepublika Demokratikoan eta Sirian.

FAOren eta MEPen arabera, segurtasun faltaren narriadura munduko elikadura krisi baten testuinguruan gertatzen ari da, eta, gainera, litekeena da azkenaldian piztu diren gatazkek—Sudangoak, esate baterako— egoera are gehiago gaiztotzea eta inguruko hainbat herrialderi eragitea.

Egoera beltz horri muturreko fenomeno meteorologikoak gehitu behar zaizkio: hala nola eurite handiak, ekaitz tropikalak, zikloiak, uholdeak, lehorteak... NBEren arabera, aurreikuspenek iradokitzen dute El Niño fenomenoak %82ko probabilitatea duela aurtengo maiatzetik uztailera bitartean hasteko.

Hori dela eta, egoera larrian dauden eremuetara premiazko laguntza bidaltzeko eskatu du NBEk, «bizirik irauteko bitartekoak babesteko eta elikagaiak eskuratzeko aukera handitzeko»; izan ere, laguntza hori «funtsezkoa» izango da elikadura segurtasunaren falta akutua eta malnutrizioa gehiago ez areagotzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.