Katalunia. Independentziara bidean

Herritarrek ereindako fruitua

Pozik eta itxaropentsu daude, baina oinak lurrean dituzte. Euskal Herriaren bidea erraztu dezakeela uste dute. Kataluniako galdeketa mobilizazioen eraginez lortu dela azaldu dute Euskal Herrian bizi diren bost katalanek.

Kataluniako giza katea babestuz, Bilbon ere gisa bereko mobilizazio bat egin zuten irailean. JON HERNAEZ /  ARGAZKI PRESS.
Oihan Vitoria.
2013ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Galdera franko dituzte airean, eta oinak lurrean. Baina pozarren hartu dute kontsultaren albistea Euskal Herrian bizi diren katalanek. Geroa ez dute hain argi ikusten, eta oraindik lan eskerga egin beharko dela diote.

MERCE CORTINA Lleidakoa. 2004tik Bilbon bizi da

«Independentzia lortzeko bidea ez da goitik behera egin behar, behetik gora baizik»

1. Bazeuden zurrumurru batzuk abenduan aurrerapausoak emango zirela, baina ezustean harrapatu ninduen. Herri galdeketaren edukia aproposa iruditzen zait, errealitate politikoarekin bat datorrelako. Bi galderak zalantzan jarri dituzte askok, baina formulazioa irekia dela uste dut. Baztertzailea izan ordez, ideia ezberdinei tokia egiten die. Demokraziaren adierazle nabaria da, gainera, eta erakusten du oraindik badirela fede oneko politikariak. Halere, ezin dugu ahaztu hau guztia mobilizazio prozesu sendo baten emaitza dela. Beraz, orain arteko presioarekin segitu behar dugu, eta, galdeketa debekatuz gero, hauteskundeak aurreratuko dituzte. Oro har, irteten dena irteten dela, positiboa izango da, Kataluniaren geroari buruzko eztabaida sakon eta eraginkor bat sortzeko balioko duelako.

2. Egia esan, ez dut uste une honetan prest dagoenik. Ez dut posible ikusten, eta tristatu egiten nau horrek. Izan ere, indar politikoek ulertzen jakin behar dute independentzia ez dela goitik behera lortuko, behetik gora baizik. Hau da, Katalunian gertatu bezala, herritarrek izan behar dute aldarriaren euskarri eta indargune nagusia; gizarteari dagokio esku hartzea. Bestela, prozesuak zentzu guztia galduko luke. Alderdi politikoak beharra eta presioa sentitzean batuko dira. Alde horretatik, heldutasun apur bat falta zaiela iruditzen zait, ziurrenik horrenbeste urtetako gatazka politikoak baldintzatuta. Kataluniako kontsultak bidea erraztuko dio Euskal Herriari, argi dago. Dena den, herri bakoitzak bere erritmoak dauzka, eta pausoz pauso aurrera egitea aholkatzen diet, adostasunak lortzeko denbora behar baita.

JANA ROS Terrassakoa. 2010tik Urruñan bizi da

«Urteetako presioari esker, gobernua behartu dugu; beste aukerarik ez zuen azkenean»

1. Sentsazio paregabeak izan ziren, eta pozez hartu nuen. Neurri batean, espero nuen, azken boladan herritarren bultzada izugarria izan delako independentziaren alde. Kataluniako Parlamentuak beste aukerarik ez zuen. Behartuta sentitu da. Aldiz, niregatik balitz, beste era batera proposatuko nuke galdera: argiagoa, zalantzarako tarte txikiagoa izan zedin. Asteburua Katalunian igaro dut, eta oso giro baikorra sumatu dut. Toki denetan ez zegoen beste hizketagairik. Jendea konfiantzaz dago, aspalditik egon baikara esperoan horrelako egoera batera iristeko. Adineko pertsonak, adibidez, sinetsi ezinik daude, uste baitzuten ez zutela independentzia ezagutuko.

2. Herri bakoitzak bere bidea, sasoia eta erritmoa du. Alderaketak egitea saihetsezina da, baina Euskal Herriari ere bere unea iritsiko zaiola iruditzen zait. Zergatik ez? Galdeketa honek lan eskerga dakar bizkarrean, eta, horretarako, premiazkoa da gobernuak eta gizarteak gertuko harremana izatea. Herritarrei dagokie presio egitea, eta alderdiek ezingo dituzte entzungor bihurtu eskakizunak. Lagungarria izango da Euskal Herriarentzat. Baina, une honetan, bake prozesuari eta gatazkari konponbidea ematea du0 jomuga nagusi euskal gizarteak.

XANTI PABLO Bartzelonakoa. 2008tik Errenterian bizi da

«Bi trenen arteko talka gerta daiteke, eta beldurra ematen dit; ea nola amaitzen den»

1. Ez ninduen ustekabean hartu, urte bukaeran jakingo zela iragarrita baitzegoen. Nire iritziz, ez da modu logikoena adostasun batera iristeko, eta beldurra ematen dit, arazoak ekar ditzakeelako. Bi alde daude aurrez aurre, eta bakoitzaren ikuspuntua oso urruti dago bestearenetik. Ez dute atzera egiteko asmorik agertu, eta bi trenen arteko talkan bukatu daitekeela iruditzen zait. Bartzelonako eta Madrilgo gobernuak ados jarri beharrean, arazoa herritarren esku utzi dute. Hori dela eta, ez da kontsultarik egingo. Funtsean, horren guztiaren atzean arrazoi ekonomikoak daudela deritzot, ez direlako eroso sentitzen Espainiako ereduan.

2. Lor daiteke, baina hitz eginez eta alde orok adostasun bat lortuz. Ideia oro da zilegi, baina erdibideko asmoak zehaztu beharko lirateke, norabide traketsik har ez dezagun. Beldurra ematen dit Euskal Herrian ere horrelako zerbait gertatzeak, eta azkenean ilusio faltsu gisa geratzea, ezerezean. %60k baietz esanez gero, eta %40k ezetz, gehiengoa da. Baina horrek gizartearen haustura eta zatikatzea ekarriko luke.

INGRID RIVERA Gironakoa. 2006tik Andoainen bizi da

«Herritarrek atsedenik gabe eta ekinaren ekinez egindako lanaren saria jaso dugu»

1. Gaur egungo egoeraren zailtasuna dela eta, ez nuen batere espero. Baina gogotsu hartu dut albistea. Itxaropentsu nago, ilusioz. Denbora asko daramagu kalera irteten eta gure nahia zein den aldarrikatzen. Irailaren 11ko azken bi manifestazioen bitartez, herri baten eskakizunez jabetu da mundu osoa, eta momentu honek iritsi behar zuen. Ekinaren ekinez aritu gara, eta, azkenean, ereindako haziak fruituak eman ditu. Herritarrek bultzatu dute egoera hau: herri oso bat batuta, helburu berarekin eta indarra eginez. Honek izan beharko luke benetako demokrazia baten eredua: herriari entzutea, eta herriak dioena betetzea. Ziur nago Espainiaren jarrera dena delakoa izanda ere, galdeketa egingo dela. Ez dut zalantzarik.

2. Prozesuari berriro ekitea komeniko litzateke Euskal Herrian, hasieratik. Azken urteetan jendeak gogoa galdu duela sumatu dut. Ezertarako balio ez duen indarkeriaren eraginez, ezintasuna ere nabaritu dut askorengan. Alabaina, orain arte itxita zeuden ateak irekitzeko baliagarria izango da. Euskal Herriaren bidea erraztuko du Kataluniako kontsultak. Antzekotasun asko ditugu, eta funtzionatzen duena hartu behar dugu adibide gisa. Anaitasunak batu gaitu betidanik, eta horrek egiten du indarra. Hala, Euskal Herria geroz eta gertuago egongo litzateke independentziatik.

ROSER RIVEROLA Bartzelonakoa. 2012tik Donostian bizi da

«Momentu historikoa da, behingoagatik demokrazia existitzen dela dirudielako»

1. Senideek bidalitako posta elektronikoen bidez jaso nuen albistearen berri, eta izugarri poztu nintzen. Momentu historikoa da Kataluniarentzat, behingoagatik demokrazia existitzen dela dirudielako. Argi daukat kontsulta egingo dela, eta aurrerapauso itzela da. Ziur naiz, halaber, gehiengoak baiezkoa emango duela. Nolanahi ere, nahiko ezkorra naiz, eta eszeptizismoz begiratzen diot etorkizunari. Egia esan, ez dakit zerbaitetarako balioko digun galdeketak, eta errealitatean zerbait aldatuko den. Hala izatea espero dut, baina oraindik sinistu ezinik nago. Denbora pixka bat behar dut asimilatzeko.

2. Egoera nola dagoen ikusita, oso konplikatua da Kataluniakoa Euskal Herrian ere gertatzea. Hein handi batean, Kataluniako emaitzen baldintzapean egongo da, han ikusiko baita independentzia lortzea posible den. Euskal Herriko gizarteak denbora pasatzen utziko du. Gatazka baretu bitartean, mantso jardungo du, eta gertaeren bilakaera zein den ikusi ostean erabakiko du aurrera urratsak egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.