Herriaren nahia nagusitu zen

Hogei urte pasatu dira Ekialdeko Timorrek Indonesiatik bereizteko erreferenduma egin zuenetik. Egun horietan, biolentzia nagusitu zen; paramilitarrek ehunka lagun hil zituzten.

Herriaren nahia nagusitu zen.
2019ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Hogeita lau urteko indarkeriaren ondoren, adiskidetze nazionala lortu dugu, eta harreman normalak ditugu Indonesiarekin». Jose Ramos Horta Ekialdeko Timorreko presidente ohiak independentziari buruzko balorazio positiboa egin du. Atzokoa egun berezia izan zen timortarrentzat, hogei urte bete baitziren Indonesiatik bereizteko erreferenduma egin zutenetik. Egun zailak izan ziren, indarkeria olatu handi bati aurre egin behar izan baitzion herrialdeak. «Aurrerapen handiak egin ditugu».

Indonesiak 1975. urteko abenduan inbaditu zuen, Portugalek uhartearen ekialdetik alde egin eta gero. Indonesiako diktadura bukatu zenean, independentziari buruzko galdeketa egin zuten, 1999an, eta herritarren %78 alde agertu ziren. Baina erreferendumaren ondorengo hilabeteak ez ziren errazak izan. Izan ere, biolentzia nagusitu zen herrialdean, eta Indonesiaren aldeko indar paramilitarrek 1.500 timortar baino gehiago hil zituzten. Nazioarteko presioen ondorioz, erreferenduma egin eta hilabetera Indonesiak armada erretiratu zuen, eta Ekialdeko Timorren independentzia deklaratu zuten, 2002. urtean.

Nahiz eta aurrerapenak egin diren, «oraindik asko dago egiteke», Hortak Efe agentziari esan dionez. Izan ere, populazioaren %40 pobrezian bizi da. Hortak adierazi duenez, tuberkulosi kasu «asko» daude, eta umeen heriotza tasa «oso handia» da. Ekialdeko Timorrek petrolio eta gas erreserba ugari ditu.

Zenbait herrialdek baliabide natural horien gaineko interesa agertu dute. Txinako bankuak, adibidez,Ekialdeko Timorreko hainbat azpiegitura finantzatzeko prest agertu dira, eta Australiak bi herrialdeen arteko itsasoko muga finkatzeko akordio bat berretsi du. Scott Morrison Australiako lehen ministroa Dilin egon zen atzo, Ekialdeko Timorren erreferendumaren 20. urteurrena ospatzeko.

Papua, aukeraren zain

Ekialdeko Timorrek erreferenduma egin eta hogei urtera, beste gatazka nazional bat berpiztu da Indonesian. Papuako manifestari independentista talde batek probintziako gobernuaren egoitza okupatu zuen atzo. Victor Yeimo protestarien buruetako batek azaldu zuenez, bandera independentista altxatzea lortu zuten. Benny Wenda aktibista ezagunak, berriz, laguntza eskatu die giza eskubideak defendatzen dituzten taldeei,«sarraski bat saihesteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.