Herrialdeko turistak dira aukera bakarra

Thailandiari eta Filipinei aurre egiteko eraikitako turismo gune erraldoia da Sanya. Aurten, baina, nazioarteko bidaiaririk gabe, askok galdutzat jo dute denboraldia.

Hezur haragizko sirena bat, Sanyako aireportuan. ZIGOR ALDAMA.
Zigor Aldama.
Sanya
2020ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Ekipajea erregistratuta baduzu ere, mesedez, garaiz joan aireportura, osasun protokolo berriak bete ahal izateko». Mezua China Eastern aire konpainiak bidaltzen du bere sakelako aplikazioaren bidez. Odisea bat iragartzen du Shanghaiko aireportuan. Azken finean, kimera bihurtu da koronabirus garaietan bidaiatzea.

Baina egia da prozesua uste baino errazagoa dela. Hegazkineko laguntzaile batek bidaiariak mahai batera eramaten ditu. Mahaian, QR kode ezberdinak daude eta, hegaldiaren helmugaren arabera, bat edo beste bat eskaneatu behar da. Sanyara joateko bi erakutsi behar dira: Shanghain garatutakoa —QR kodea berdean agertzen bada bakarrik bidaia daiteke— eta beste bat, nazionala, bidaiaria ibili den leku guztiak erakusten dituena. Arrisku lekuetan ibili ez bada, gezi berde bat agertzen da pantailan. Babes neurri horiei gehitu egin behar zaie maskara jarrita eraman behar dela hegaldi osoan, eta tenperatura ere neurtzen dutela.

Txinako Benidorm da Sanya. Iaz 83 milioi pertsonak bisitatu zuten. Aireportuan, hezur-haragizko sirenatxo batek ongietorria egiten die ehunka bisitariri. Sirenatxoa ur tanga batean igeri egiten ari da, koloretako arrainen eta marrazo txiki baten artean. Bisitariek Sanyako hondartzak bisitatu nahi dituzte, baina beltzarandu gabe, eta tokiko arrainak eta itsaskiak jan nahi dituzte. Ilunabar idiliko bat palmondoen artean, paradisu tropikal batean. Thailandiari eta Filipinei aurre egiteko asmoz sortu zuten Sanya. Aireportuan dauden turistek asko dirudite, baina kanpoaldeko taxien ilarak erakusten du ohi baino askoz ere gutxiago direla. «Hiru orduz itxaron behar izan dut bidaiari bat eramateko», dio gidari batek. «Egoera hobetzen ari da, baina koronabirusaren kolpea oso gogorra izan da».

Sanyako turismo bulegoak atzera bota du eskatutako elkarrizketa. Onartu du aurtengo denboraldia galdutzat jo duela, bai behintzat nazioarteko bidaiariei dagokienez. «Herrialdeko turista erakartzeko baliatzen ari gara», azaldu du, telefonoz, prentsa arduradunak. Erraza da, txinatarrak ere preso daudelako: ia ezinezkoa da herrialdetik ateratzea, mundu guztian ezarritako mugen eta airebideak bertan behera uztearen eraginez. Hala ere, herrialde barruko hegaldien prezioak oso merkeak dira — konpainia gehienak estatuaren esku daude— eta baita hotelenak ere.

Horren erakusgarri da Legoren zuhaitzak deitzen dioten hotelen eta apartamentuen gune erraldoia. Herritarrek izen hori jarri diote, bederatzi etxe orratz horiek duten formagatik. 6.500 gela baino gehiago eskaintzen dituzte. 2012an eraiki zituzten, turismo masiboa erakartzeko. Gaur egun bertan ostatu hartu daiteke, gaua bederatzi euro soilik ordainduta. «Luxuzko sektorea hobeto ari zaio aurre egiten ekaitzari, dirudunek bidaiatzen jarraitzen baitute; baina diru gutxiago duten bidaiariak etxean geratzen ari dira, eta hori kalte egiten ari zaigu», zehaztu du Sanya Beauty Crown Hoteleko arduradun batek. Ez du bere izenik eman nahi, debekatua baitu kazetariekin hitz egitea. «Gobernua lau edo bost eguneko zubiak errazten ari da, jendeak bidaiatu dezan. Espero dugu horrek lagunduko duela». Gaur hasiko da hurrengo zubia.

Etxekoak xede

InterContinental katearen gune turistikoan onartu dute beherapenak eraginkorrak izaten ari direla eta haien hotela, bost izarrekoa, okupazioaren %70 ingurura iritsi dela. Hori bai, ez dago atzerritarrik. Bezero gehienak familia eta gazte txinatarrak dira. Horietako asko Sanyara joaten dira ezkontzako argazkiak ateratzera. Hala egin dute Li eta Wangek ere, Fuzhouko bikote batek. Parisen eta Erroman egin nahi zuten haien book erromantikoena, baina ezin izan dute. «Jakina, orain ezin da Europara bidaiatu», azaldu du Wangek. «Bidaia atzeratzea pentsatu genuen, baina agentziak beherapen eskuzabal bat eskaini zigun Sanyara bidaiatzeko, eta ez dakigunez noiz atera ahal izango garen Txinatik, bada animatu egin gara».

«Alternatiba ona iruditzen zait, herrialdeko kontsumoa eta turismoa bultzatu behar baitira. Herrialdean eta orain lana behar dutenengan pentsatu behar dugu», gehitu du Lik. Ezkontza ospatzeko, hotelak afari erromantikoa prestatu die hondartzan. Negozioa ondo doa: Tenperatura neurtzeko kontrolen bat eta pertsona batzuek daramaten maskara salbu, normaltasun berria zaharraren ia berdin-berdina da Hainanen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.