Herrialde moldea dago jokoan Mexikon

Mexikon hauteskundeak egingo dituzte bihar, eta, ezustekorik ezean, Claudia Sheinbaum Morenaren presidentegaiak irabaziko ditu. Herrialdeko lehen presidente emakumezkoa izango da.

Claudia Sheinbaum Morenaren presidentegaia kanpainako ekitaldi batean Pueblan, joan den larunbatean. HILDA RIOS / EFE
Claudia Sheinbaum Morenaren presidentegaia kanpainako ekitaldi batean, Pueblan, joan den larunbatean. HILDA RIOS / EFE
Igor Susaeta.
2024ko ekainaren 1a
05:00
Entzun

Claudia Sheinbaum Mexikoko presidentetzarako hauteskundeetarako Morena Nazioa Onbideratzeko Mugimenduaren hautagaiak «humanismoan» ardazten du bere proiektu politikoa. Hori aldarrikatuz, bihar egitekoak dituzten bozak irabaztekoa da, eta, ezustekorik ezean, herrialdeko gobernuak inoiz eduki duen lehen presidente emakumezkoa bilakatuko da. Inkesten batezbestekoaren arabera, botoen %55 inguru pilatuko ditu, eta hogei punturen aldea aterako dio Xochitl Galvezi. PRI Alderdi Iraultzaile Instituzionalak, PAN Ekintza Nazionaleko Alderdiak eta PRD Iraultza Demokratikoaren Alderdiak osatutako koalizioaren presidentegaia da Galvez, eta kanpainan esan du presidentetzara helduz gero «segurtasun publikoa» izango duela lehentasun nagusi, aintzat hartuta azken urteetan handitu egin dela lehendik ere oso handia zen hilketa kopurua; iaz, 30.000 inguru. Horiek horrela, herrialde moldea dago jokoan Mexikon, Latinoamerikan biztanle gehien duten estatuen artean bigarrenean: 126 milioi lagun inguru bizi dira.

Morenaren lider Andres Manuel Lopez Obrador da Mexikoko presidentea 2018ko bozak aise irabazi zituenetik, eta joan den astelehenean, egunero egin ohi duen prentsa agerraldian, adierazi zuen hauteskundeak zera direla, «erreferendum bat, plebiszitu bat, nazio proiektuaz». Duela sei urte «transformazio bat» agindu zuen, eta haren agintaldian —presidenteei berriro presidentegai izatea debekatzen die konstituzioaren 83. artikuluak— gutxieneko soldata handitu dute, lehen halako hiru izateraino; bi milioitik gora enplegu formal ere sortu dituzte, eta, besteak beste, 8,9 milioi pertsona atera ziren pobreziatik 2020 eta iaz artean. Orduan, pobrezia tasak zazpi puntu egin zuen behera tarte horretan; oraindik, ordea, %35 ingurukoa da, datu ofizialek diotenez.

Latinoamerikako Geopolitikako Estrategia Zentroak (Celag) inkesta bat argitaratu zuen apirilean, eta, hartan, Mexikoko —Latinoamerikako ekonomia handienetan bigarrena da— biztanleei galdetu zien ea zer iruditu zaien Lopez Obradorren kudeaketa; %66ren ustez, ona izan da. Eta Sheinbaumen esanetan, jarraipena emango diete haren politikei. «Presidente maitea: Mexikoko herritarrek jakin dezatela zure ondarea zainduko dugula», azpimarratu zuen joan den igandean, kanpainako ekitaldi batean.

Mexiko Hiriko alkatea izan zen 2018tik iaz arte, eta aurrez, Lopez Obradorrek kargu hori bera eduki zuenean (2000-2005), Ingurumen idazkaria. PRD sozialdemokratako kideak ziren artean. Herrialdeko presidenteak, baina, Morena hauspotu zuen 2011n, eta Sheinbaumek hari jarraitu zion. 61 urte ditu, eta fisikan lizentziaduna da. 

20.000

Bozetan aukeratuko dituzten karguak. Errepublika federaleko presidenteaz gain, beste 20.000 kargu aukeratuko dituzte 32 estatuetan. Besteak beste, botere legegile federala (500 diputatu eta 128 senatari), 31 estatutako ganberak, eta bederatzi estatutako gobernadoreak.

Presidentegaiak kargura iritsiz gero hartuko dituen ehun konpromisoen zerrenda plazaratu du. Justizia soziala eta ongizatea jarri asmo ditu erdigunean Morenak, eta, hala, neurrien artean daude, esate baterako, 60 urtetik gorako emakumezkoentzako bekak sortzea, gutxieneko soldata igotzea, energia berritzaileetan inbertitzea, errepideak berritzea eta bidaiarientzako trenbideak hobetzea.

Indarkeriak zeharkatutakoa

Narkotrafikatzaileen indarkeriak herrialdea zeharkatzen du aspalditik, eta milaka hildako eragiten ditu azken hamarkadetan. Presidente izan zen garaian, PANeko Felipe Calderonek (2006-2012) Narkotrafikoaren kontrako gerra deitutakoa abiatu zuen, estatuko indarrak horretara jarriz. PRIko Enrique Peña Nietok (2012-2018) politika berari eutsi zion. Lopez Obradorrek, ordea, beste bide bat ibili du jardun horretan. Uste du Mexikoko desberdintasun sozial kronikoak daudela krimenaren jatorrian, eta, horregatik, Besarkadak, ez balak lelopean, arazoaren muinera jotzera deitu du. 

(ID_13707004) -FOTODELDÍA- MÉXICO ELECCIONES
Xochitl Galvez ekitaldi batean, Saltillon (Mexiko), joan den martxoaren 15ean. MIGUEL SIERRA / EFE

Halere, Lopez Obradorren seiurtekoan —iraupen hori dute agintaldiek Mexikon— aurreko presidenteen garaietan baino pertsona gehiago hil dituzte, TResearch etxearen arabera: 173.000, aurtengoak kontuan hartu gabe; Peña Nietorekin, 156.000; Calderonekin, 120.000; Vicente Foxekin (2000-2006, PAN), 60.000; eta Ernesto Zedillorekin (1994-2000, PRI), 80.000.

Atzerriko inbertsio zuzena inoizko handiena izan zen iaz, datu ofizialek diotenez: 36.000 milioi dolarrekoa —33.000 milioi euro—. Financial Times Erresuma Batuko kazeta ekonomikoak Mexikoko egoerari buruzko erreportaje bat kaleratu zuen duela bi aste, eta, hartan, bankari batek, modu anonimoan, nabarmendu zuen narkoak direla-eta atzerriko konpainiek bitan pentsatzen dutela Mexikon inbertitu aurretik.

Helduleku hori du Galvezek Sheinbaum higatzen ahalegintzeko. Esaten du Morena narkoen alderdia dela, eta iragan asteartean, presidentegaien arteko hirugarren eta azken debatean —Jorge Alvarez Maynez da beste presidentegaia, MC Herritarren Mugimendukoa—, «narkohautagai» izatea aurpegiratu zion. Tonu hori eduki kanpainak. Eta, hain zuzen, datu ofizialek diotenez, azken hilabeteetan hogei hautagai hil dituzte —herrialde osoan 20.000 kargu aukeratuko dituzte bihar— , 11 bahitu, eta asko mehatxatu.

Indarkeria matxistak ere zeresana eman du kanpainan, eta presidentegaiek horri aurre egiteko proposamenak plazaratu dituzte. Izan ere, gobernuaren datuek diotenez, hildako emakumeen kopuruak nabarmen gora egin du XXI. mendean: 2000. urtean 1.000 inguru ziren, eta gaur egun, 3.000tik gora.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.