Herrialde aberatsen eragin klimatikoa hamar bider handiagoa da herrialde pobreena baino

Nazio Batuen Ingurumen Programak argitaratutako txosten baten arabera, materialen erauztea duela 50 urtekoa halako hiru da orain. Neurriak hartzera deitu du, goraldi horrek 2040an goia jo dezan.

SOJA UZTA BILTZEN
Nekazaritza makineria, soja uzta biltzeko lanetan, Brasilgo soro batean. SEBASTIAO MOREIRA / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko martxoaren 1a
14:30
Entzun

Natura baliabideen erauztea hiru halakotu egin da azken bost hamarkadetan, NBIP Nazio Batuen Ingurumen Programak gaur kaleratu duen Munduko baliabideen egoera txostenaren arabera. Ikerlanean nabarmendu dute baliabideen kontsumoa eta ustiapena hainbeste handitu izana dela munduko krisi hirukoitzaren motorra: klima larrialdiarena, biodibertsitate galerarena eta kutsadurarena. Egungo joerari eutsiz gero, baliabideen erauztea %60 igoko da 2060. urterako —2020. urtekoaren aldean—, eta nabarmen okertuko dira gizakientzako bizi baldintzak. NBIPk ohartarazi du sakoneko aldaketak behar direla, eta uste du posible dela horiek gauzatzea. Haren iritziz, egiturazko aldaketa batzuk eginda posible litzateke baliabide ustiapenaren goraldia apaltzen hastea 2040tik aurrera. Hori bai, ardurak ez daude modu berean banatuta, herrialde aberatsen eragin klimatikoa herrialde pobreena halako hamar baita.

Natura baliabideen erauzketa asko handitu da 1970etik. NBIPren datuen arabera, 30.000 milioi tona material ustiatu ziren urte horretan, eta 106.000 milioi tonara iritsi zen 2020an. Hazkunde horrek «eragin dramatikoa» izan du ingurumenean. Hala, materialen erauzketak eta prozesamenduak askatu ditu atmosferara isuritako berotegi gasen %60, eta kutsaduraren %40ren erantzule dira.

2040

Material ustiapenaren gorakadak goia jotzeko urtea izan beharko luke 2040ak, Nazio Batuen Ingurumen Programaren arabera, haren proposamenak indarrean jarriz gero. Hortik aurrera, apaldu egin beharko litzateke, eta 2060an, gehienez ere, 2020an baino %20 handiagoa izan behar luke.

Atalka, zehaztu du biomasaren ustiapenak —nekazaritzak eta basogintzak, nagusiki— eragin duela lehorreko biodibertsitate galeraren eta ur eskasiaren %90; baita berotegi gasen isurketen herenak ere. Erregai fosilen, metalen eta bestelako mineralen ustiapenak eragindakoa da emisioen beste heren bat.

NBIPko zuzendari Inger Andersenen esanetan, gizakiak «naturarekin elkarlanean» aritu behar du, «sinpleki hura esplotatu» ordez. «Joan-etorriak egiteko orduan, etxebizitzetan, eta elikagai eta energia sistemetan baliabide intentsitatea murriztea da modu bakarra garapen jasangarrirako helburuak bete ahal izateko, eta, finean, guztiontzako mundu justu eta bizigarri bat lortzeko», adierazi du.

KENYA SIXTH UN ENVIRONMENT ASSEMBLY
Inger Andersen Nazio Batuen Ingurumen Programako zuzendaria, astelehenean, Nairobin, Nazio Batuen Ingurumen Batzordearen seigarren bilkuran. DANIEL IRUNGU / EFE

Txostenean proposatzen dute arlo horietan egiturazko aldaketa batzuk ezartzea, 2060rako irudikatu duten baliabide ustiapenaren hazkundea —%60koa da— herenera murrizteko, %20ra. NBIPren esanetan, apaltze horrek ez luke eragotziko «ekonomia globala haztea», eta gaineratu du giza jarduera «planetaren mugen barruan» sartu ahalko litzatekeela, nahiz eta aurreikusten duen materialen kontsumoa areagotu egingo dela.

Dena den, murrizketa horrek kontuan izan behar luke herrialde aberatsen eta pobreen arteko aldea baliabideen kontsumoari dagokionez. Estatu aberatsek pobreek halako sei baino gehiago kontsumitzen dute, eta hamar aldiz eragin handiagoa dute klima aldaketan. Herrialde industrializatuenek baliabide gutxiago erabili beharko lituzkete —besteak beste, animalia proteinaren kontsumoa murriztuta—; bestalde, beharrezko oinarriak asetzeko baliabide gehiago behar diren herrialdeetan, «erabilera ez-intentsiboa» sustatzeko estrategiak ezartzea proposatu du NBIPk.

Proposamen sorta bat

Txostenaren egileek dei egin dute kontsumo jasangarria lehenesteko neurriak hartzera. Esaterako, herritarrei produktu jasangarriei buruzko informazioa helarazita eta horiek eskuragarriago bihurtuta. Halaber, jasangarriak ez diren produktuen kontsumoa baztertzeko politikak eskatu dituzte. Besteak beste, horiek duten kostu ekologiko eta soziala salneurrian islatuta, zenbait produktu debekatuta —erabili eta botatzeko plastikozkoko produktuak, kasurako—, eta kontsumo jasangarria sustatzeko neurriak nazioarteko merkataritza itunetan txertatuta. Horrez gain, ekonomia zirkularrak eratzeko beharra nabarmendu dute.

Proposatutako neurri horiek elkarrekin indarrean jarriz gero, NBIPk uste du hainbat onura lortuko liratekeela: energia eraginkortasuna handitzea, materialak ekoizteko orduan izaten diren karbono isuriak gutxitzea, hiriguneak oinez eta bizikletan ibiltzeko atseginagoak bihurtzea, garraio publikoko zerbitzua hobetzea, jaki gutxiago alferrik galtzea, zabor gutxiago sortzea eta telelana egiteko aukerak areagotzea.

Nairobin aurkeztu dute txostena, NBIB Nazio Batuen Ingurumen Batzordea egunotan egiten ari den eta gaur amaitzekoa den bilkuran. NBIB da Nazio Batuen Erakundeko erabaki organo gorena ingurumen gaietan, eta haren bilkurak hastapeneko urratsa izaten dira nazioarteko itunak prestatzeko. Adibidez, batzordearen aurreko bilkuran, 2022an, estatuek onartu zuten plastiko kontsumoa murrizteko itun baterako negoziazioak hastea, eta espero dute itun hori urte honen amaierarako izenpetzea. Aurtengo bilkuran, NBIBk multilateralismoaren garrantzia nabarmendu du, eta aztertu du zer neurri har daitezkeen estatuen arteko elkarlana hobetzeko, ingurumenarekin lotutako erronka globalei aurre egite aldera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.