Herri matxinada norabide baten bila

Astebete igaro da Abdelaziz Buteflikak Aljeriako presidentetza utzi zuenetik, hogei urteren ondoren. Abdelkader Bensalah behin-behineko presidente izendatu dute, eta 90 eguneko atzerako kontua hasi da bozetarako. Protestak ez dira eten.

Ricard Gonzalez.
Tunis
2019ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Duela astebete aljeriarrek merezitako garaipen eztabaidaezina ospatu zuten. Abdelaziz Buteflikak dimisioa eman zuen hilabete eta erdiko ezusteko herri matxinada baten ondoren. Lehenengo manifestazioetan kimera bat zen presidentea eroraraztea, bazirudielako boterean egin zituen bi hamarkadetan Aljeriako gizarte zibila lobotomizatzea lortu zuela. Hala ere, dimisioa eman zuen gau hartan herritar xeheen mezuak ez ziren euforiazkoak, poza baino ez zuten erakutsi. Bazekiten borroka ez zela bukatu, erregimenak burua galdu bazuen ere indarrean eutsi ziolako. Orain, militarrak daude boterearen lehen lerroan, eta botere horren eta kalearen arteko pultsua beste fase batean sartu da, zalantzazko etorkizuna duen fase batean.

Buteflikaren patua erabaki zen hark dimisioa aurkeztu baino ordu batzuk lehenago kupula militarrak egin zuen bilera batean. Bukatu ondoren, Ahmed Gaid Salah estatu nagusiko buruzagiak «atzera bueltarik gabeko» exijentzia berretsi zuen, hau da, presidentea funtzioak betetzeko gai ez zela izendatzea konstituzioaren 102. artikulua aplikatuta. Haren doinu zorrotza adituta estatu kolpe baten mehatxua interpreta zitekeen. Gainera, presidentearen zirkuluari «mafia» esan zion, eta horrek egiaztatu zuen erregimenaren barneko arrakalak gaindiezinak zirela.

«Azkeneko osaeran, erregimena edo le pouvoir-a [boterea, frantsesez], Aljerian esaten diogun bezala, lau klanek osatzen zuten: presidentearen hurbilekoek, armadak, segurtasun zerbitzuek eta negoziolariek», azaldu du Otman Lahiani politika arloko kazetariak. Guztiek hitzartu zuten Buteflika berriro hautatzea, baina herri protesta nekaezin eta zabalak fakzioen arteko kontraesanak azaleratu zituen; bereziki, armadaren eta Buteflikaren artekoak. Militarrek ondorioztatu zuten presidentea sakrifikatu behar zutela, baina haren anaia gaztea, Said Buteflika, azkeneraino saiatu zen aldeko pertsonaren batek zuzenduko zuen trantsizio prozesu bat antolatzen.

Gainera, Buteflika erori arren, haren jarraitzailerik fidelenetako batzuek botere postu garrantzitsuak lortu dituzte; esate baterako, Abdelkader Bensalah Senatuko presidenteak. Politikari grisa da Bensalah, eta obedientzia izan du ezaugarritzat. Konstituzioan ezarrita dagoena betez, atzo hartu zuen presidente kargua, behin-behinean, 90 egunerako. Nuredin Bedauik lehen ministro gisa jarraituko du, eta Tayeb Belaizek eutsiko dio Kontseilu Konstituzionaleko karguari. Kaleak izengoiti bat jarri die: Hiru B-ak, haienizenen lehenego letragatik. Joan den ostiraleko protestetan haien dimisioa eskatu zuten.

«Buteflikaren dimisioa soilik lehenengo aroa dela esateko nago hemen», esan zion AFP agentziari Sumia Buslama erizainak joan den ostiralean Aljerren egin zuten manifestazioan. 80 kilometro egin zituen horra joateko. «Gure helburua lortu arte egingo eta berregingo dugu ostirala». Protesta handiak ostiraletan egin dituzte—zazpi egin dituzte jarraian—, eta aditz berria sortu dute manifestariek: ostirala egin.

Azken asteotan armadak bere burua herriaren eskakizunen babesletzat aurkeztu badu ere, garai politiko berriak kalearekin aurrez aurre jar lezake. «Gaid Salahk hauteskundeetara aurkezteko uniformea utziko ote duen, beldur hori dago, Egipton bezala armadak boterea monopolizatuko ote duen», azaldu du Lahianik. Konstituzioaren arabera, behin-behineko presidentea izendatu ondoren, hiru hilabeteko epean egin behar dituzte hauteskundeak —atzotik hasita, beraz—. Oposizioak baztertu egin zuen bide orri hori atzo, nahiago baitu presidentetza batzar bat sortzea trantsizioa zuzentzeko, eta batzar hori gizarte zibileko kide errespetatuek osatzea. Oposizioaren asmo horren arabera, beste konstituzio bat idatzi ondoren egin beharko lirateke hauteskundeak.

Tunisiaren aurrekaria

Armadak, ordea, oraindik ez du esan zer plan duen. Jendaurrean ez, behintzat. «Pribatuan, ofizialek esaten dute nahiago dutela hauteskundeak berehala egitea, argudiatuta trantsizio aldi luze batek ezegonkortasunean murgilaraz lezakeela herrialdea, eta segurtasun egoerari erasan», azaldu du Lahianik. Inork espero ez duen agertokia da islamistek boterea lortzea. Halaxe azaldu du Dalia Ghanemek, Carnegie Endowment think tank-eko analistak: «Alderdi islamistak zatituta daude. Mendebaldean obsesionatuta daude haiekin. Hemen, ordea, profil moderatu bat dute, eta sistema politikoan integratuta daude. Ministerio batzuk ere eduki izan dituzte».

Trantsizio demokratiko bat martxan jarriko bada, zaila da pentsatzea ez duela eraginik izango eremu osoan. Aljeria ez litzateke bide horri ekingo liokeen lehenengo herrialde arabiarra izango, Tunisiak lehenago egina baitu. Hala ere, herrialde horren tamaina txikiak, Europarekin duen lotura estuak eta independentziaren ondoren aplikatu zuten proiektu laikoak Tunisia «salbuespen» edo «anomalia» bilakatua dute. Hau da, eredutzat balio ez duen herrialde bat da.

Aljeria, berriz, Afrikako herrialderik handiena da, 40 milioi biztanle baino gehiago ditu, armada boteretsu bat du eta hidrokarburo erreserba handiak ditu. Horregatik, haren eragina eskualde osora hedatzen da. Askapen nazionalerako egin zuen borroka traumatikoarengatik eta nortasun arabiar-islamikoaren defentsa sutsuagatik toki berezi bat dauka arabiarren imajinario kolektiboan. Demokratizazio prozesu arrakastatsu batek ahalbidetuko lioke Tunisiarekin batera ardatz bat osatzea, herri borondatearen errespetuan oinarrituko litzatekeen ardatz bat, nagusi den eredu autokratiko militar eta monarkikoen alternatibatzat.

Nahiz eta Udaberri Arabiarren bulkada iraultzaileak huts egin herrialde gehienetan, eremu osoan ez da eten aldaketa baterako nahia. Horregatik, Aljerian gertatzen ari denak haren mugak gainditzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.