Indarkeria obstetrikoa has daiteke erditu aitzinetik, eta nozitu daiteke haurra jaio ondotik ere. Osasun arloko profesionalek emakumeari eta haurrari ematen dioten tratu txarrari deritzo, baina hainbat ertz izan ditzake emakume bakoitzaren arabera. Emakume indigenak dira Rosa Estela Tomas (Chimaltenango, Guatemala, 1978) eta Rosa Elvira Pata Caroy (Santa Cruz Balanya, Guatemala, 1973), eta haiek ere izan dira indarkeria obstetrikoaren biktima. Moloj Emakume Maien Elkarte Politikoak, ASECSA Osasun Zerbitzu Komunitarioen Elkarteak eta Bizkaiko Medicus Mundik ikerketa bat argitaratu zuten, otsailean: Guatemalako emakume indigenen indarkeria obstetrikoaren egoera. Bizkaiko Medicus Mundik gonbidatuta, Euskal Herrian izan ziren otsail bukaeran Tomas eta Pata Caroy.
Moloj elkarteko zuzendaria da Tomas, eta ospitaletik kanpo aritzen den emagina da Pata Caroy; maiak dira biak. Indigena izate hutsagatik indarkeria obstetriko «larria» jasan izan dute maiek, eta horren adibide anitz antzeman dituzte osasun sisteman. «Erietxera une berean ailegatu arren, indigena ez den emakume bat lehenago artatuko dute indigena bat baino; lehenago eta, anitzetan, hobeto», erran du Tomasek. Alegia, indarkeria obstetrikoa «larritu» egiten dela arrazakeria dela eta. «Ospitale batean, beharbada, emakume indigena batek ezin du itxaron, baliteke une horretan bertan erditu behar izatea. Eta, gero, berandu ibiltzen dira beti, eta mila arazo sortzen dira. Hasieran, pentsatzekoa zen medikuaren arduragabekeriaren ondorioa zela, baina denborarekin ohartu gara arrazakeria hutsa dela».
Pata Caroy emaginak azaldu duenez, landa eremuan gertatzen da indarkeria obstetriko gehien; batez ere, hizkeragatik eta janzkeragatik. «Ez dakigu espainieraz ongi; ez, behintzat, ongi adierazteko lain. Hizkuntza ongi ez jakiteagatik eta komunikazio zailtasunengatik, gaizki tratatzen dituzte haurdun diren emakumeak, baita gu ere». Janzkerarekin gauza bera gertatzen da; itxurak «salatu» egiten ditu. «Janzkeragatik jakiten dute indigenak garela».
«Ni erditzen ari nintzenean, oihu egin zidaten, umiliatu egin ninduten, eta nire gorputza urratu egin zuten»
ROSA ESTELA TOMASMoloj elkarteko zuzendaria
Tomasek azaldu duenez, Guatemalan «hagitz ohikoa» da osasun arloko profesionalek emakumearen gorputzaren gaineko erabakiak hartzea aurrez hari baimenik eta iritzirik eskatu gabe. Emakume horietako anitz operatu egiten dituzte haur gehiago izan ez ditzaten, baina operatu ondotik jakinarazten diete zer egin dieten. «Emakumeak eskubidea izan behar du bere gorputzarekin zer egin erabakitzeko, eta hori urratu egiten dute». Erditzeko orduan ere gertatzen da halakorik, medikuek ez baitiote emakumeari galdetzen injekzioa jartzerik nahi duen ala ez. «Horren ordez, galdetu gabe jartzen diote, eta, hala, medikuek ere lehenago bukatuko dute». Zesarea egitea ere indarkeria obstetrikotzat jotzen dute maiz, baldin eta erabaki hori amari kontsultatu gabe eta haur kopurua mugatzeko hartzen badute. «Biztanleria indigena murriztu egin nahi dute, sinesten baitute herrialdea atzeratua egotearen errua indigenena dela».
Pata Caroyk uste du emaginak hasiera-hasieratik lagundu behar duela emakumea, baina estatuak ez die hori egiten uzten. «Gure pazienteentzat lehen aldia bada haurra izaten, behartuta gaude haiek erietxera eramatera, ezin ditugu guk artatu. 35 urtetik gorako erditzeak ere ezin ditugu guk kudeatu». Erditu arte eurekin egon badira ere, ospitalera eraman ondotik ezin dira erditzeko gelara sartu, eta emakumea «bakarrik» utzi behar izaten dute.
Jaiotzako ikurra galtzea
Indarkeria obstetrikoa da, bertzeak bertze, aurrez haurra jaioko den epe bat jartzea eta itsu-itsuan egun horretara mugatzea. «Aurreratu egiten dute, eta hori zikloa haustea da guretzat. Haurrak ez du erabakitzen noiz jaio, baina maiz medikuek erabakitzen dute noiz izango den, eta ez da haurrak jaio behar duen eguna. Horrela jokatuz gero, ez da berezko denborarik errespetatzen», dio Pata Caroyk. Emagina izateaz gain, gida espirituala da Pata Caroy, eta erditzea aurreratzea jaiotzako ikurra galtzea da harentzat.
Kosmosean, unibertsoan eta naturan sinesten du kultura maiak; emakume bat haurdun geratzen denean, beraz, hiru elementu horiek eragin dute prozesuan. «Jaioko den pertsona funtzio jakin batekin jaioko da, baina jaioko den egunak garrantzi handia izanen du, energia anitz ariko direlako momentu horretan eragiten», azaldu du Tomasek. Hortaz, haien ustez, egun hori aurreratzen bada, haurraren berezko energia hori galdu eginen da. «Gure ikuspegi kulturaletik begiratuta, sekulako mina ematen du».
Emaginek sekulako garrantzia daukate herri maian; ez dute osasun sistemarik ulertzen haiek gabe. Haurra jaio aitzinetik, jaiotzeko unean eta jaio ondotik aritzen da emagina ama laguntzen, eta, hor, konfiantza sare bat osatzen dute.
«Haurrak ez du erabakitzen noiz jaio, baina maiz medikuek erabakitzen dute noiz izango den, eta ez da haurrak jaio behar duen eguna. Horrela jokatuz gero, ez da berezko denborarik errespetatzen»
ROSA ELVIRA PATA CAROYEmagina
Erietxeko bizipenei, ordea, beti ez da erraza izena jartzea, eta Guatemalan ere halaxe gertatzen da oraindik ere, emakume anitzek ez dakitela indarkeria obstetrikoaren biktima direnik ere. «Arrazakeriak ere sustatzen du isiltasun hori, noski; indarkeria handiagoa da emakume arrazializatuengan, eta inork ez du salatzen», kontatu du Tomasek. «Kosta» egin zaie salaketarako bidea hastea, guztiek ez baitute sinesten salatzeko modukoa denik. «Pentsatzen dute emakume indigenak direlako tratatzen dituztela horrela, eta hori onartu egin behar dela, ez besterik».
«Ni erditzen ari nintzenean, oihu egin zidaten, umiliatu egin ninduten, eta nire gorputza urratu egin zuten», kontatu du Tomasek. Bertze emakume batzuk identifikatuta eta babestuta sentitu daitezen kontatu du Tomasek bere testigantza, eta kontatze hutsa «lagungarria» izan dela iritzi dio. Gainerakoen salaketa, ordea, ez da hain erraza izan. Hasieran baiezko anitz jaso zituzten, bizipenak kontatzeko eta justizia egiteko gogo handia zuelako jendeak. Egun batzuen buruan, baina, ezezkoak jasotzen hasi ziren. «Erraten ziguten lagunekin eta etxekoekin egon ondotik nahiago zutela isilik gelditu eta arazorik ez sortu. Hori beldurra da, matxismoak eta patriarkatuak eragiten duen izua». Emakume horietako anitzek uste zuten salatu ondotik ez zituztela berriro ospitalean artatuko, edo bortxatu eginen zituztela.
Biek ala biek argi dute indarkeria hori estatuak berak bultzatua dela, nahiz eta «ez ikusiarena» egiten duen. «Osasun sistema hagitz prekarioa da Guatemalan, baina hori ez da indarkeria justifikatzeko modu bat», salatu du Pata Caroyk. Erronkatzat dute ikerketarena ere, badakitelako, bertzeak bertze, haien «kontra» izanen dituztela medikuak. «Baina, hori jakinda ere, azpiko hondarrak mugitu behar ditugu; Guatemalak ezin du horrela jarraitu».