Dublingo matxinadaren mendeurrena. Brian Hanley. Historialaria

«Herri kolonialei bultzada handi bat eman zien matxinadak»

Matxinadari buruzko eztabaidetako asko nahiko «begilaburrak» eta politika garaikideak baldintzatuak direla uste du ikerlari irlandarrak. Britainiar inperioari aurre egin zion errebolta izan zela nabarmendu du.

2016ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Brian Hanley aditurik handienetako bat da Irlandako errepublikanismoan, IRAn eta 1916ko Pazko asteko matxinadan. Hark idatziak dira A Documentary History of the IRA, 1916-2005 (IRAren historia dokumentatu bat, 1916-2005) eta The Lost Revolution: the story of the Official IRA and the Workers Party (Iraultza galdua: IRA Ofizialaren eta Langileen Alderdiaren kronika) lanak idatzi ditu, besteak beste.

Zer-nolako eragina izan zuen nazioarteko egoerak 1916ko matxinadan?

Horretan, gerra izan zen gakoa [I. Mundu Gerra]. Gerrak zabaldu zion bidea matxinadari: Britainia Handia hil edo biziko borroka batean zebilen, eta, halako batean, Alemania izan zitekeen aliatu on bat Irlandan matxinada egiteko.

Beraz, 1914tik aurrera, matxino irlandarrak harremanetan egon ziren Alemaniarekin.

Hori lagungarria izan zen eszeptikoek, matxinada bat ez zela ondo aterako uste zutenek, pentsa zezaten arrakasta izan zezaketela, kanpotik babes handia iritsiko zitzaielakoan.

Irlandan, «odolezko sakrifizio bat» izan zela geratu da herriaren oroimenean, porrot egitera kondenatua, baina irlandar nazioa berpiztu zuena. Ideia hori nagusitu da urteetan eta urteetan, baina erreparatzen badiozu nolakoa zen egoera orduan, ez dut uste tropa matxinoek inola ere hori zutenik buruan. Pentsatzen dut okerra dela kontatzea intelektualen, poeten eta antzerkigileen errebolta bat izan zela, gehien-gehienak ez baitziren ez intelektual, ez poeta eta ez antzerkigile. Matxinoentzat, akuilu bat izan zen Britainia Handiko Gobernuak porrot egin izana Home Rule legea ezartzeko asmoan [autonomia estatutua], eta horren ondotik erradikalizazio bat gertatu izana 1912 eta 1914 bitartean: Ulsterko Boluntarioak taldea sortu zen, eta unionistek erakutsi zuten prest zeudela legea hausteko. Gainera, susmoa zegoen Home Rule ez zela sekula indarrean ezarriko. Eta, jakina, gerra ere hor zegoen. Jendea etsia hartuz joan zen autonomiaren aldeko mugimendua sostengatu zuenean; sentitzen zuten ezingo zirela sekula fidatu britainiarrekin. Alde horretatik, garrantzizkoa da gerra eta haren ingurukoak kontuan hartzea matxinada ulertzeko.

Mugimendu errepublikanoan zebiltzan batzuk begira zeuden beste herrialdeetan zer gertatzen zen. Etengabe erreparatzen zioten Britainiar Inperioari, eta elkartasuna sentitzen zuten haren beste biktimenganako, baina uste dut garrantzitsuena zera izan zela, I. Mundu Gerraren ondorioz sorturiko egoerak aukera eder bat eman ziela, belaunaldi oso batean izango zuten bakarra.

Zer eragin izan zuen matxinadak I. Mundu Gerraren garai hartan, eta zer ekarri zuen ikuspuntu orokorrago batean?

Alemania saiatu zen matxinadaz baliatzen britainiar armadako soldadu irlandarrengan eragina izateko, eta horixe izan zen, hain zuzen, matxinadak zuzenean izaniko eraginik handiena. Mendebaldeko fronteko soldadu irlandar askok alemanen bitartez jakin zuen matxinadaren berri, haiek propagandako eskupaper hau argitaratu zutelako: «Britainiar gobernua zure familiak bonbardatzen ari da Dublinen».

Irlandarren ikuspegitik, guk beti esaten dugu astebete bakarrik iraun zuela, baina 1798az geroztik izan gabea zela Irlandan halako matxinada handia; beraz, bazen oihartzun globala izateko adinakoa. Sekulako eragina izan zuen Britainiar Inperio guztian. Esaterako, [Indiako lehen ministro] Pandit Nehruren arrebak, Vijaya Nehruk, esana du gogoan duela nola gogoberotu zen, matxinadari buruz zerbait irakurtzean, jendea britainiarren kontra altxatzeko ideia zela eta. Herri eta politika kolonialei zegokienez, matxinadak bultzada handi bat eman zien, eta haietako asko etengabe mintzo dira hartaz. Leninek esan zuen Irlandako errebolta 50 bider garrantzizkoagoa zela Britainiar Inperioko beste edozein errebolta baino, zeren piztiaren bihotzaren ondo-ondoan baitzegoen, nolabait esateko, eta guztiz espero gabekoa baitzen.

Astebetean, horixe izan zen gai nagusia The New York Times-en azalean, eta, bistan denez, oihartzun handia izan zuen Estatu Batuetan, irlandar asko eta asko bizi baitziren han. Aurrerago, ordea, kalte egin zion Irlandako mugimendu errepublikanoari, matxinada Alemaniarekin loturik agertu baitzen. Gaur egun, garrantzia kentzen diogu [Irlandako Errepublikaren Aldarrikapenean] «Europako aliatu ausartak» aipatzen dituen parteari, ez baitugu gogoratu nahi matxinoak guztiz sinetsita zeudela alemanek lagundu egingo zietela.

Errepublikaren Aldarrikapena nahiko dokumentu aurrerakoia da garai hartarako. Haren oinarrietako baten batek izan al zuen oihartzun globalik, jokabide militarrak izan zuen gisa berean?

Luzera begira, bai, baina uste dut garai hartako jendearentzat errepublika bat aldarrikatzea izan zela gakoa. Gaur egun, badago joera bat aldarrikapenari lerroz lerro erreparatzeko, eta, seguruenik, bere garaian jendeak ez zuen halakorik egingo. Matxinadan parte hartu zuten gehienek ez zuten irakurriko aldarrikapena. Haietako inork ez zuen ezertxo ere idatziko hartan: zazpi sinatzaileek ondu zuten, astebete lehenago. Eta, hala, deklarazioa egin eta errepublika aldarrikatu zuten Pazko bigarrenean, baina matxinadan ibilitako gizon eta emakume askok, nire ustez, ez zuten ikusi aste hartan, edo ez zuten denborarik izan hari buruz mintzatzeko. Jakina, dokumentu sinbolikoa bihurtu zen gero.

Nolabait, adierazgarriena zera da: emakumeak agertu izana nazioaren parte gisa, eta sufragio unibertsala agindu izana. Hori ez zen ohikoa garai hartan, eta aitzindaria izan zen Britainia Handiko eta Irlandako iritzi politiko orokorrarentzat.

Gaur egungo Irlandari zer iruditzen zaizkio 1916ko matxinada eta 2016ko urteurrena?

Irlandan, 1916ko matxinadari buruzko eztabaidetako asko nahiko begilaburrak dira, eta haietako asko, Iparraldeko gatazkari buruz duzun jarreraren araberakoa; beraz, 1970eko hamarralditik 1990ekora, 1916a kultur gerra moduko bat izan zen Behin-Behineko IRAren eta hari lotutako gai guztien inguruan. Halaxe izan zen I. Mundu Gerra ere, nahiz eta, seguruenik, ikuspegi osoago bat izan zen eta ulertu zuten 1916koari ezin zaiola erreparatu I. Mundu Gerra kontuan hartu gabe. Gero, hortxe dago eztabaida sutsu bat: batzuek uste dute gogora ekarri behar direla, arazorik gabe, gerran hildako irlandarrak, kontuan hartu gabe guk ez genuela ez parlamenturik eta ez armada nazionalik, eta gu Britainiar Inperioaren izenean ari ginela borrokan; beste askok kritikatu egiten dute 1916a gogora ekartzea, indarkeria gogoratzea delako, baina, egiaz, halako oroitzapen ekitaldi guztietan indarkeria gogoratzea ohikoada.

Herritarren artean, 1916a gure independentziaren sorreratzat hartzen da oraindik, nahiz eta, jakina, hori baino korapilatsuagoa den, zeren 1921era arte ez baikenuen izan estatu libre baten independentzia, eta hori ez da ospatzen independentzia egun gisa. Uste dut horrek azaltzen duela 1916ko matxinada zergatik nabarmentzen den gehiago: kondaira kutsu handia dago kontu honetan, eta, esaterako, ez dakar gogora gerra zibilaren anabasa.

Jendea izugarri gogoberotu da oroitzapen ekitaldiak direla eta; batez ere, ekitaldi ofizialak direla eta. Gobernuaren desfilea izango da denetan handiena. Oro har, Irlandako politika ofizialean, indar politiko handi guztiak ados daude 1916a gogoratzearekin, baina Sinn Feinekoek, bistan denez, esango dute auzia ez dela bukatu eta beraiek direla matxinadaren egiazko ondorengoak; haien ekitaldiak ere oso handiak izango dira. Eta, jakina, beste erakunde errepublikano batzuek uste dute Sinn Feinek bazter batean utzi duela borroka errepublikanoa, eta saiatuko dira beren oroitzapen saioak egiten. Ekitaldietako bat gobernua eta telebista publikoa (RTE) prestatzen ari dira, Pazko bigarrenerako, eta milioi erdi lagun bilduko dira; beraz, garbi dago jendea gogo biziz dagoela; neurri handi batean, indarkeria politiko larririk ez dagoelako orain. Irlanda iparraldeko gatazka bizi-bizi balego, ez legoke oroitzapen ekitaldi handirik, baizik eta eztabaida bat askoz garratzagoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.