Printzipioz, bart amaitzekoa zen COP16 bilera larunbateko ordu txikietara arte luzatu behar izan dute, iragan urriaren 21ean Cali hirian (Kolonbia) hasi izanagatik ere, parte hartu duten 190 herrialdeetako ordezkariak ez baitira bat etorri azken ordura arte. Azkenean, organo bat eratzea adostu dute, herri indigenek eta tokiko komunitateek NBEak naturaren kontserbazioari buruz hartutako neurriak kontsultatu ahal izateko.
Aurreko COP15ean hartutako konpromisoen jarraipena egiteko bildu dira egunotan, eta horiek betetzeko hartutako neurriak baloratzeko. Kunming-Montrealeko akordioa onartu zuten orduan, biodibertsitatearen galera gelditzeko eta ekosistemak leheneratzeko oinarri sendoa.
Besteak beste, helburu nagusien artean daude jada degradatutako ekosistemen %30 leheneratzeko neurriak hartzea, baita lurrazalaren eta itsasoen %30 babestekoak ere. Akordioan jasoa dute helburu horiek betetzeko politikek bat egin behar dutela indigenen komunitateen aitortzarekin eta haien eskubideekin; horra hor COP16an eratzea onartu duten erakundearen garrantzia.
Halaber, hartu berri duten erabakiak men egiten dio NBEren Aniztasun Biologikoari buruzko Hitzarmenari, zeinak jasotzen duen komunitate indigenen «ezagutzak, berrikuntzak eta jarduerak errespetatu, babestu eta mantendu» egin behar direla. Organo horren sorrerari esker, Kolonbiako Ingurumen ministro Susana Muhamadek tokian tokiko komunitateenganako «zor historikoa» kitatzen dela adierazi du sare sozialetan.
Itsasoko, kostaldeko eta uharteetako biodibertsitatearen kontserbazioari eta erabilera iraunkorrari buruzko txosten bat ere onartu dute, Muhamadek jakinarazi duenez.
Kunming-Montrealeko helburuak, kolokan
Kunming-Montrealeko helburuak 2030erako ezarri zituzten COP15ean, eta horiek baliabide asko eskatzen dituzte, ekonomikoak batez ere: 2025era bitartean, urtero 20.000 milioi dolarreko ekarpena egitea adostau zuten, eta 30.000 milioi dolarrekoa hortik aurrera, hamarkada amaierara arte.
Calin egindako bileran eztabaidatzekoak ziren nola lortu akordio horretan ezarritako helburuak betetzeko finantzabidea, 200.000 milioi dolar guztira. Izan ere, adostu baino diru gutxiago jaso du Montrealen osatzea erabaki zuten funts horrek —Norvegiak eta Suediak soilik eman dute adostu zutena—. Dena den, negoziazioak zikoiztu egin ditu gai horrek, eta ez dute kontsentsurik lortu.
COP17, armenian
Kolonbiako Cali hiriak hartu du aurtengo COP16 bilera, eta osoko bilkura batean, herrialdeek aukeratu dute dagoeneko non izango den datorren COP17, 2026an: Armenian. 65 boto lortu ditu Armeniak, eta Azerbaijani gailendu zaio, 58 soilik lortu eta gero.