Heriotza zigorra Gaddafiren semeari, 2011ko matxinada zapaltzea egotzita

Tripoliko auzitegiak ezarri dio zigorra, Gaddafiren erregimeneko agintarien kontra eginiko auzian.Zintango miliziek dute preso, eta esan dute hiriburura eramateko asmorik ez dutela

Libiako kazetariak Seif al-Islam Gaddafiren aurkako epaiketa ikusten, 2014ko ekainean. SABRI ELMHEDWI / EFE.
2015eko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Gaddafiren erregimena epaitu du Tripoliko Zigor Auzitegiak, eta Muammar Gaddafi epaitu ezin dutenez, haren oinordekoa zigortu dute. Seif al-Islam Gaddafi Libiako agintariaren bigarren semeari heriotza zigorra ezarri dio Tripoliko auzitegiak, 2011ko matxinada «zapaltzea» egotzita. Al-Islam Zintango miliziek dute preso, Tobrukeko gobernuaren gertukoek, eta horiek behin eta berriz esan dute ez dutela Gaddafi Tripoliko epaitegiaren esku utziko, gobernu horren aurkakoak baitira. Ondorioz, Gaddafik bideo konferentzia bidez egin behar izan du epaiketa; 2011n kendutako erregimeneko agintari ugari ere epaitu dituzte.

Libiako buruzagitza hartzeko Muammar Gaddaffiren ondorengoa zen Seif al-Islam, eta erregimena irekitzearen aldeko jarrera erakutsi zuen, arlo politiko eta ekonomikoan neurri erreformistak hartzearen aldekoa baitzen. 2011. urtera arte postu garrantzitsuak eduki zituen gobernuan, eta, matxinada hasi zen unean erregimenean zuen pisuagatik,matxinada zapaltzea egotzi dio fiskaltzak. Urte horretako azaroan Zintan hirian atxilotu zuten Tobrukeko gobernuaren aldeko miliziek, Tripoliren hego-ekialdean, baina, ordutik, han egon da, miliziak ez baitira Gaddafi Tripoliren eskuetan uzteko prest agertu.

Gaddafirekin batera, erregimeneko beste 38 goi agintari epaitu dituzte; soilik 29 egon dira epaiketan. Horietatik bederatziri ezarri die Tripoliko auzitegiak heriotza zigorra, besteren artean, Abdullah al-Senussiri, zerbitzu sekretuan buruari, eta Baghdadi al-Mahmoudi lehen ministroari. Indarkeria sustatzea eta manifestariak hiltzea egotzi diete.

Epaiketak ez du onespenik jaso nazioartean. Thorbjorn Jagland Europako Kontseiluko idazkari nagusiak —Europa kontinente osoko herrialdeak biltzen dituen erakundea da— Gaddafiri ezarritako heriotza zigorra gaitzetsi du,eta erantsi du, epaiketa «justu» bat izateko, Nazioarteko Zigor Auzitegiak tratatu behar zuela. Izan ere, Hagako auzitegiak Gaddafiren estradizioa eskatu zuen gizateriaren kontrako krimenengatik epaitzeko. Tripoliko auzitegiak, ordea, uko egin dio horri, erregimenaren ondorengoa epaitzea «Libiako herriaren eskubidea» dela argudiatuta.

Epaituek 60 eguneko epea dute sententziari helegitea jartzeko, eta defentsaren abokatu Ali al Diak Efe albiste agentziari esan dioenez, helegitea jarriko dute. Abokatuak erantsi du heriotza zigorren kasuan akusatuak epaitegian azaldu behar duela. Izan ere, Gaddafik bideo konferentzia bidez ikusi du epaiketa.

Libiaren egoera kaotikoa

Epaiketa honekin, 2011ko matxinada amaitu nahi izan dute, Gaddafiren erregimena zigortuz. Matxinadak herrialdean sortutako nahasmenak, ordea, ez du amaierarik. 2011ko otsailean hasi ziren Muammar Gaddafiren aurkako protestak, eta laster gerra zibila bilakatu zen. Matxinatuek Mendebaldeko potentzien laguntza eduki zuten, Erresuma Batuak, Frantziak, Ameriketako Estatu Batuek eta NATOk gobernuaren indarrak bonbardatu zituzten. Urte hartako irailean Gaddafi hil zuten, eta matxinoek boterea hartu zuten.

Erregimenaren erorialdiaksortutako hutsunean alderdi ugari dabiltza boterea lortzeko lehian; BBCren arabera, 1.700 talde armatu baino gehiago daude bertan. 2011tik bost gobernu baino gehiago izan ditu Libiak. 2014ko ekainean egin zituzten matxinada osteko bigarren hauteskundeak, baina bozek are gehiago nahasi zuten herrialdea. Gaur egun bi gobernu daude, bata ekialdean, Tripolin, eta bestea mendebaldean, Tobruken.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.