Jamal Khaxoggi kazetariaren hilketaren harira, Saud al Moyeb Saudi Arabiako fiskal nagusiak heriotza zigorra eskatu du ustezko hiltzaileetako bostentzat. Mohammed bin Salman printze oinordekoa, aldiz, absolbitu egin du, eta adierazi du hark «ez zekiela ezer» krimenaren inguruan. Beste sei errudunentzat ere kontuak eskatu ditu fiskal nagusiak. Guztira, kasuarekin lotutako 21 susmagarri daude.
Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak behin baino gehiagotan errepikatu du Khaxoggiren hilketa «goi kargudunek» aginduta egin zela. Bin Salman printzea auziko susmagarrietako bat da, baina, fiskalak azaldu duenez, printzeak hilketaren berri agenteen «txosten faltsuen eta komunikabideen» bitartez izan zuen.
Horrez gain, fiskalak Ahmad Asiry Saudi Arabiako zerbitzu sekretuetako zuzendariordea akusatu du, Khaxoggi Saudi Arabiara «itzultzeko» operazioa martxan jartzeagatik. Horrez gain, fiskalaren esanetan, kazetaria hiltzeko agindua eman zuena Turkiara bidalitako delegazioko burua izan zen, baina ez du izenik eman.
Urriaren 2an desagertu zen Khaxoggi. Saudi Arabiaren Turkiako kontsuletxean sartu zen, eta, ateratzen ez zela ikusita, neska lagunak abisua eman zien agintariei. Hilketaren nondik norakoen teoria asko egon dira, eta Riadek azalpen kontrajarriak eman ditu. Fiskalak argitu du kazetaria agenteekin izan zuen «borroka» baten ondorioz hil zela. Haren azalpenen arabera, ustezko hiltzaileek «lo-eragile dosi handi bat» injektatu zioten, eta horrela hil zen. «Hil ondoren, gorpua zatitan banatu, eta kontsuletxetik atera zuten». Turkiako agintariek, ordea, behin eta berriz errepikatu dute aurrez pentsatutako hilketa bat zela.Mevlut Cavusoglu Atzerri ministroak atzo adierazi zuenez, ez zen gertaera «espontaneoa» izan: «Beharrezkoa zen ekipamendua zuten, eta hara bildutako jendea prest zegoen Khaxoggi hil eta zatikatzeko». Horrez gain, Turkiak dio Saudi Arabiaren erantzuna «ez dela nahikoa».
Tirabirak izan dituzte Turkiak eta Saudi Arabiak epaiketa non egin erabakitzeko; hilketa Turkian izan bazen ere, kontsuletxea Saudi Arabiaren eremutzat hartzen da. Ikerketarako, Riadek informazio gehiago eskatu dio Ankarari. Khaxoggiren sakelakoa eta lekukoen testigantzak ere eskatu dizkie.
Heriotza zigorra eskatu du fiskaltzak ustez Khaxoggi hil zutenentzat
Saudi Arabiako printzearen alde egin du fiskalak, hilketaren inguruan «ez zekiela ezer» esanez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu