Herbehereetako Gobernua ez zen bozkatu eta biharamunera adostu. Ia sei hilabeteko negoziazioak behar izan dituzte alderdiek, baina badirudi gobernua fintzear dela. Duela bi aste, maiatzaren 16an hain zuzen, ados jarri ziren lau alderdi koalizioa osatu eta herrialdea gobernatzeko. Haien artean dago Geert Wildersen eskuin muturreko PVV Askatasunaren Aldeko Alderdia, azken hauteskundeetan eserleku gehien bereganatu zuena. Gaur, beste urrats bat egin du koalizioak, eta lehen ministroa proposatu dute: Dick Schoof. Izan ere, Wilders kargu hartan ez egotea adostu zuen koalizioak batera gobernatzeko.
Hainbeste alderdi tartean egonda, Schoof aukeratuta, alderdietatik at dagoen norbait proposatzea erabaki du koalizioak; edo hori da, behintzat, Wildersek X sare sozialean azpimarratu duen ezaugarria. Eskuin muturreko buruzagiaren arabera, Schoof «alderdien gainetik dago». Gainera, Herbehereetako hurrengo lehen ministroa izan daitekeenaren «zintzotasuna eta ulerberatasuna» txalotu ditu.
Gefeliciteerd Dick! 👍
— Geert Wilders (@geertwilderspvv) May 28, 2024
Dick Schoof heeft een grote staat van dienst, is partijloos en staat dus boven de partijen, is integer en bijzonder sympathiek bovendien! pic.twitter.com/z5DwsrEEfd
Schoofek 67 urte ditu, eta ez du ibilbide handirik politikan. 2019ra arte PvdA alderdi laboristako (sozialdemokrazia) militantea izan zen; baina, gaur egun, ez du ezein alderditako txartelik, eta bere ibilbide profesional gehiena funtzionario bezala eman du. Ez edozein funtzionario; izan ere, Schoof AIVD Herbehereetako Inteligentzia eta Segurtasun Zerbitzu Nagusiko buru izan zen 2018tik 2020ra. Gainera, NCTV terrorismoaren aurkako zerbitzuko burua ere izan zen (2013-2018). Gaur egun, Justizia Ministerioko goi funtzionarioa da. Hori gutxi ez, eta 1999tik 2003ra immigrazio zerbitzuko zuzendari izan zen. Ez da ausazko ezaugarria, eskuin muturra gidari duen koalizioak «inoizko asilo erregimenik zorrotzena» nahi duela adierazi baitzuen lau indarren arteko akordioa plazaratu zuenean.
Schoofen egitekoa, orain, gobernua eratzea izango da. Hori gauzatzeko, hala ere, denbora beharko du, koalizioko lau alderdiekin batera negoziatu beharko baitu. Ministroak aukeratuta, erregearen oniritzia lortu beharko du. Hori eskuratuta izango da ofizialki lehen ministro. Wildersek duela gutxi iragarri zuen gustatuko litzaiokeela ekaineko bigarren hamabostaldirako gobernua martxan egotea.