Herbehereetako gobernu berriak «inoizko asilo erregimenik zorrotzena» nahi du

Lau alderdi ados jarri dira koalizio bat osatzeko, eta eskuin muturra horren parte izango da. Oraindik negoziatzeko dute nor izango den lehen ministroa.

Ezkerretik eskuinera: Wilders (PVV), Yesilgoz-Zegerius (VVD), Van der Plas (BBB) eta Omtzigt (NSC), gaur, Hagan, lau alderdiek adosturikoaren berri eman aurretik. KOEN VAN WEEL / EFE
Ezkerretik eskuinera: Wilders (PVV), Yesilgoz-Zegerius (VVD), Van der Plas (BBB) eta Omtzigt (NSC), gaur, Hagan, lau alderdiek adosturikoaren berri eman aurretik. KOEN VAN WEEL / EFE
ander perez zala
2024ko maiatzaren 16a
12:00
Entzun

Geert Wilders Herbehereetako PVV Askatasunaren Aldeko Alderdiko buruzagia pozik zegoen gaur goizean. Ez da gutxiagorako, haren alderdia hurrengo koalizioaren parte izango baita, eta, hortaz, herrialde horretan ere eskuin muturra gobernuan sartuko baita. Ia urte erdi iraun duten negoziazioen ondoren, lau alderdi ados jarri dira eskuineko aliantza bat osatzeko: Hoop, lef en trots (Itxaropena, adorea eta harrotasuna) deitu dute legegintzaldian indarrean sartu nahi duten neurri sorta, eta haien asmoa da, besteak beste, migrazio arloko politikak gogortzea, «inoizko asilo erregimenik zorrotzena» helburu.

PVVrekin batera (37 eserleku), VDD Askatasunerako eta Demokraziarako Herriaren Alderdia (24), NSC Kontratu Sozial Berria (hogei) eta BBB Nekazarien eta Herritarren Mugimendua (zazpi) izango dira koalizio gobernuaren parte; aliantzak gehiengo osoa izango du, hortaz, Ordezkarien Ganberan, 150 aulkitik 88. Gaur goizean egindako agerraldi bateratuan —atzo gauean eman zuten adostasunaren berri—, lau alderdi horietako buruzagiek azaldu dute asilo eskatzaileentzako neurri gogorragoak ezarriko dituztela, familia elkartzeko eskubidea kenduko dietela errefuxiatuei eta herrialdean ikasi nahi duten atzerriko ikasleen kopurua murriztu nahi dutela.

«Egun historikoa da. Gure programaren muina onartu dute beste alderdiek».

 GEERT WILDERSPVVren buruzagia

Gainera, gobernu programari buruzko dokumentuan jaso dutenez, «erresidentzia baimen onargarririk ez duten pertsonak deportatuko» dituzte, «indarrez ere, beharrezkoa balitz». Eskuin muturraren influentzia, beraz, agerikoa da koalizioaren lehentasunetan, eta hori bera ospatu du Wildersek gaurko prentsaurrekoan. «Egun historikoa da. Gure programaren muina onartu dute beste alderdiek», esan du PVVren buruzagiak.

Migrazioari loturiko neurri horiek guztiak indarrean sartzeko, koaliziokideek jakinarazi dute Europako Batzordeari zera eskatuko diotela: talde komunitarioko asilo eta migrazio legeetatik ateratzea. Bruselak, oraingoz, ez du ezer esan horretaz, baina baliteke erantzuna ezezkoa izatea.

Wilders ez da gobernuburua izango

Koalizioa eta gobernu programa adostu bai, baina lau alderdiek oraindik ez dute ezer erabaki kabinetearen inguruan. Hauteskundeetan PVVk jaso zuenez babesik handiena, haren hautagaiari zegokion lehen ministro kargua, baina gainontzeko alderdiek esan zuten ez dutela lehen ministro ultraeskuindarrik nahi; hortaz, Wildersek beto hori onartu zuen, betiere haren indar politikoa gobernuan sartzeko baldintza jarrita. Eta hala gertatu da.

Orain, aliantzako indar politikoek eskatuta, Richard van Zwolek bitartekari lana egingo du —ministro ohi demokristau bat da—, gobernuburu eta ministro postuak negoziatzeko. Berez, zeregin horren ardura hartzen duena bilakatzen da lehen ministro, baina, Herbehereetako hedabideen arabera, Van Zwuolek erantzun die ez duela kargu hori hartuko. Hortaz, hori ere adosteko dute lau alderdiek, printzipioz hilabete inguru iraungo duten elkarrizketetan.

Wilders ez da lehen ministro izango, baina beste hiru indar politikoetako buruzagiak ere ez, hala adostu baitute. Hori aintzat harturik, betiere herrialde horretako komunikabideek diotenez, Ronald Plasterk da aukera gehien dituena gobernuburu bilakatzeko, nahiz eta koaliziokideek ofizialki ez duten ezer esan horretaz. Plasterk Hezkuntza, Kultura eta Zientzia ministro izandakoa da (2007-2010), baita Barnekoa ere (2016-2017); PvdA Alderdi Laboristako kidea da, eta egun irakaslea da Amsterdamgo Unibertsitatean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.