Hauteskundeen bezperan, ez da erraza asmatzea nor izango den Herbehereetako hurrengo gobernuburua. Han, ohikoa da gutxienez hamar alderdik ordezkaritza lortzea Ordezkarien Ganberan, eta gaur egitekoak diren bozak ez dira salbuespen izango. Europako parlamenturik aldakorrenetakoa da, eta azken urteetan protagonista izan diren zenbait lider politiko ez dira aurkeztuko. Gauza bakarra da ziurra: Herbehereek lehen ministro berria izango dute. Izan ere, Mark Rutte liberalak, kargu horretan denbora gehien pasatu duenak, politika utziko duela jakinarazi zuen pasa den uztailean, koalizio gobernua apurtu zenean.
Ruttek hamahiru urte egin ditu agintean; Europako Batasunean, Hungariako lehen ministro Viktor Orbanek soilik zeramatzan hark baino urte gehiago. Egungo Herbehereetako gobernuburua lau koalizioren buru izan da, eta hirutan eman du dimisioa agintaldia amaitu aurretik; kasurako, azken gobernuak bi urte iraun du: koaliziokideek migrazioaren aferan izan zituzten desadostasunengatik apurtu zen.
Orain ere, hori da bozak baldintzatuko dituen gai nagusietako bat. Osasun sistemak okerrera egin du, inflazioaren ondorioz biztanleen erosteko ahalmena apaldu egin da, eta, egoera horretan, batek baino gehiagok diote migratzaileei ematen zaizkien laguntzetan egin behar direla murrizketak. Kanpainan garrantzitsuak izan diren beste hiru gai dira trantsizio ekologikoarena ―munduko nekazaritza esportatzailerik handienetan bigarrenak dira Herbehereak―, etxebizitza faltarena eta ustelkeriarena. Politikarien gaineko konfiantza hutsaren hurrengoa da; horren erakusle, inkesten arabera, hautesleen erdiek ez dute bozkatuko 2021ean bozkatu zuten aukera beraren alde.
Rutteren faltan, VVD Askatasunerako eta Demokraziarako Herriaren Alderdiaren hautagaia Dilan Yesilgoz-Zegerius da, azken gobernuan Justizia ministro izan dena. Herrialdeko aurrenengo lehen ministro emakumea izan daiteke. Turkian jaioa, haurra zela errefuxiatu heldu zen Herbehereetara; horrek ez du esan nahi, ordea, immigrazioa nabarmen murriztu nahi ez duenik. Iaz, eztabaida handia piztu zen migrazio zentroek gainezka egin zutelako, eta, horren harira, VVDk asilo eskatzaileak gutxitu eta horien familia bilkurak mugatu nahi izan zituen, besteak beste. Antzeko proposamenak egin ditu Yesilgoz-Zegeriusek kanpainan, eta, gainera, ez du baztertu gobernu koalizioan eskuin muturrarekin bat egitea.
Konfiantzarik eza
Inkesten arabera, hiru alderdi dira hauteskundeak irabazteko faboritoak: VVD, GroenLinks/PvdA ekologisten eta Alderdi Laboristaren arteko aliantza eta eratu berri den NSC Kontratu Sozial Berria. Ez dirudi, ordea, inork botoen %20 baino gehiago eskuratuko duenik. Normalean, indar politikoek hilabeteak behar izaten dituzte negoziatu eta ados jartzeko; batezbestekoa hiru hilabete da, eta errekorra, berriz, azken aldian ezarritakoa, 299 egun —hamar hilabete inguru—.
GL/PvdAren hautagaia Frans Timmermans da, Europako Batzordeko presidenteorde ohia. Hauek dira kanpainan egin dituen zenbait proposamen: gutxieneko soldata igotzea, errentadunik eta enpresarik handienei zergak igotzea, energia berriztagarrietan inbertsio handiak egitea, eta alokairuen prezioa mugatzea. Azaldu du herritarrek berriz ere politikan konfiantza izatea nahi duela.
Galera horren erakusgarri da duela hiru hilabete sortutako NSC alderdia. Haien liderra, Pieter Omtzigt, «politika egiteko modu ezberdin baten» aldeko aldarria egiteagatik da ezaguna, eta ez du argitu irabazten badu lehen ministro izango den ala ez. Ordezkarien Ganberan ez da berria: ia hogei urtez izan da CDA Kristau-demokraten Deia alderdiko parlamentaria, 2021ean alderdia utzi eta independente gisa jarraitu zuen arte. Orduan egin zen ospetsu, CDAk ere osatzen zuen eta Rutte buru zuen koalizioa erorarazi zuelako: gobernu hark dimisioa eman zuen, seme-alabengatik jasotzen diren diru laguntzetan egindako iruzur batengatik. Omtzigten kanpainaren zutabe nagusiak dira immigrazioa murriztea eta errenta apaleko familien finantza segurtasuna hobetzea.
Koalizioa nahitaez
Inkestetan apalago dauden beste hainbat alderdi ere funtsezkoak izango dira koalizioak osatzeko orduan: adibidez, CDA eta D66 liberalak. Migratzaileen auziak halako garrantzia hartu duen honetan, litekeena da Geert Wildersen eskuin muturreko PVV alderdiak ere emaitza onak lortzea; laugarren indarra izateko faboritoa da, baina azken egunetan gora egin du inkestetan. Orain arte koalizioetatik kanpo geratu izan da beti.
Ordezkarien Ganbera 150 diputatuk osatzen dute; gobernua osatu nahi duenak gutxienez haietako 76ren babesa behar du, eta, lege berriak onartzeko, Senatuko gehiengoaren baiezkoa ere beharrezko da. Goi ganberako ordezkariak hautatzeko hauteskundeak martxoan egin zituzten, eta ezustekoa izan zen emaitza: BBB Nekazarien eta Herritarren Mugimendua alderdiak, 2019ko protestetan eratutako nekazarien alderdi kontserbadoreak, 75 eserlekuetatik hamabost eskuratu zituen, botoen ia %20 lortuta. Ez dirudi gaurko bozetan halako babesik izango duenik: inkestek diotenez, %22tik %6ra murriztu da haiei botoa emateko intentzioa.
Dena den, Senatuan duten indarra kontuan hartuta, BBB bazkide interesgarria izan daiteke gobernu bat osatzeko. Ikustekoak izango dira datozen asteetako mugimenduak.