Gazako egunerokoa (2)

«Hemen geratzea erabaki dut»

Al-Xejaeija auzoa, Gaza hiriaren ekialdean, Israelen bonben pean, urriaren 8an. MOHAMMED SABER / EFE.
Al-Xejaeija auzoa, Gaza hiriaren ekialdean, Israelen bonben pean, urriaren 8an. MOHAMMED SABER / EFE
2023ko azaroaren 15a
00:00
Entzun

Urriak 8, igandea

Ez dakit atzo nola lo egin nuen ere. Ohean nengoela, eraso bakoitzean hotela dardarka hasten zenean, neure artean pentsatzen nuen zer irudi ziren ametsezkoak eta zein egiazkoak buruan bueltaka neuzkan guztietatik: buru moztuak ikusten nituen, esku ebakiak, hortz puskatuak, odol isuri handiak. Ametsean, 2014ko gerrako irudi bat zetorkidan: salbamendu talde bati laguntzen ibili nintzen orduan, emakume baten gorpuaren puskak bildu nahian. Eskuan eraman nuen haren buruko larrua. Jabaliako hilerritik hurbil zuen etxea: eramanezina zen heriotzaren usaina aditu eta kanposantuko atea ikustea, dena batera. Zenbat eta ametsean barrenago, orduan eta biziago nenbilen egiazko mundura itzultzeko borrokan, guztia flashback hutsa izango zen esperantzaz, aspaldiko traumen errepika bat. Oroitzapena besterik ez.

Ordukoa bezain txarra, ezin.

Roots hotelean, hamahiru baino ez gara: ostatu hartutako hamar, eta hiru laguntzaile. Ostatu hartutako horietatik lau gosaltzen ari dira, eta mahaiak korridore aldera mugituak dituzte, igogailuaren eta eskaileren artean jarriak. Gazan bost minutu baino gehiago igaro dituenak ikusi izan du hori. Bonbardaketak hasten direnean —eta hilero izaten dira—, eraikinaren erdialdean jartzen zara, normalean pasilloan edo eskaileretan: leihoetatik urrun zaude, airean barreiatuko diren kristal pusketetatik ahalik eta urrunen (etxetik milia erdira zartatutako bonba baten eztandak txiki-txiki eginda uzten dizkizu leihoak); gainera, hori da eraikinaren alderik sendoena, gotorrena. Bonbak zure etxean bertan erortzen badira, babestuago zaude eskailera zuloan. Eskaileretako porlan sendotuak lagundu egingo du, eta, zortea baduzu, zementu blokeak gurutzatu egingo dira erortzean, porlanezko denda moduko bat osaturik. Zorte handia behar da, hori bai.

Joan Gazako egunerokoa-ren hasierara

2008ko gerran, haurrek, Hannak eta nik 22 gau pasatu genituen eskailera zulotik hurbileko pasilloan, lo egin nahian. Garai hartan, Nasser auzotik gertuko eraikin batean bizi ginen (Erdialdeko Gazaren mendebaldean), eta, seguru asko, korridorean lo egin genuelako gaude bizirik.

Korridorearen bukaerako gortinetatik, sumatzen dut hor dela itsaso urdina, gure oinetan, hotelaren ondoko labar txikiaren behealdean. Arrantzontziak atzo ez ziren atera: kaian daude, ur azalean zerraldo, denborak kulunkaturik, gortinez bestaldean. Harantzago, hiru gerraontzi zain, ahazturaren portura abiatzeko prest.

Jan bitartean, buruan dabilzkit gerraontzi horietatik begira ditugun soldaduak. Lente infragorrien eta sateliteko irudien bidez begiratzen digute. Zenbatu ote dezakete zenbat ogi pusketa ditudan saskitxoan, zenbat falafel bola platerean?

Yasserrek, 16 urte dituenez, bi gerra besterik ez du ezagutu orain arte, eta oraindik beldurtu egiten da 2014ko gatazkaz oroitzean. Orduan 7 urte zituen, baina bizi-bizi du gogoan. Haren arreba txikiak, Jaffak, 2 urte besterik ez zuen orduan, baina berak ere gogoan duela esaten du; zer gertatu zen kontatzeko eskatu, ordea, eta badirudi gerrari buruz ikusitako bideoak deskribatzen ari dela. Jaffak badaki bera ere askotan aipatu dudala nire liburuan, eta, horregatik, oroimin arraro bat du. Gerrako oroitzapenak bitxiro positiboak izaten dira, bizirik atera zaren seinale baita oroitzea.

Bizirik irautea, horixe da gaurko solasgaia. Hotelean ostatu hartutako besteek —Zisjordaniakoak guztiak— erabakita daukate Egiptora alde egitea, Rafahtik gurutzatuta. Guztiek dute pasaportea, eta askok, baita diplomazialari agiria ere. Haien izenak zerrendaren hasiera-hasieran jarriko dituzte. Gosaria bukatu baino lehen, dena hitz eginda dago Egiptokoekin. Nire izena eta nire seme Yasserrena ere hor daude. Bizkor-bizkor bildu ditugu gure puskak. Gero, justu Mohammad auto aldera joan denean, hemen geratzea erabaki dut. Beharbada, ez da oso erabaki zuhurra izan, baina hori da erabaki zuzena, nire iritziz behintzat. Ezin dut beldurragatik alde egin eta hemen utzi aita, anaiak eta arreba Eixa, zertarako-eta ni onik ateratzeko. Bi hilabete besterik ez nuen nire lehen gerra piztu zenean, 1973an, eta geroztik izandako gerra guztiak bizi izan ditut. Esaldi hau idatzi nuen Bizitza airean nobelaren hasieran: «Naeem gerra batean jaio zen, eta gerra batean hil». Hori ez ezik gogoan hartzen baditut 2014ko eraso gogorrek iraun zuten 51 egun luze haiek ere, are seguruago nago erabaki egokia izan dela: bizialdia bi heriotzaren arteko etenaldia den bezala, Palestina ere gerra askoren arteko etenaldi bat da, izateko era bat.

Yasserri esan diot gainerakoekin geratu behar duela, baina ez du nahi; tematuta dago nire ondoan egoten. Jota nago: Yasser Rafahko pasabidean uztea, bera bakarrik, jakinda Israelek toki hori bonbardatzen duela beti halako gerren hasieran, eta Sinai iparraldea zeharkatzen duen bitartean Yasserrekin ez egotea, jakinda han gerra dagoela egunotan, bada, izugarria da niretzat. Azkenean, hark zer eskatu, horixe egin behar izan dut.

Hoteleko lagunak abiatzeko prest daude. Salah el-Din eta Rafah lotzen dituen bidea arriskuz betea dago; israeldarrei gustatzen zaie bide horretako karabanak bonbardatzea, eta Mohammad prest dago nire lagunak eramateko. Bi ordu pasatuko dira hura itzultzerako.

Yasserrek esan dit ezin dela hotelean geratu, aspertu egiten baita, eta aitona-amonenera joan nahi duela, han modua baitu bere adineko haurrekin jostatzen ibiltzeko. Iheslari esparrurako bidean, hondartzatik gertu daukadan lursail txikiaren parean gelditzeko eskatu diot Mohammadi, arbolak ureztatu ahal izateko. Txiki-txikia da terrenoa, eta bertan etxe bat altxatzeko asmoa nuen, egunen batean. «Adarra jotzen, ala?», erantzun dit Mohammadek, oihuka. «Arriskutsuegia da». «Zuhaitzak urik gabe uztea ere arriskutsua da, ba», nik. «Gerrak luzaro irauten badu, ihartu egingo dira». Mohammadek barre egin du: «Indarkeriak okerrera egiten badu, hil egingo dira, seguru. Tankeekin zapalduko dituzte, beti egiten duten bezala». Baina berriz saiatu naiz konbentzitzen.

Iritsi, eta hutsik dago tokia. Gu bakarrik gaude, beste inor ez. Mangoak hartu nahian hasi, baina heldu gabe daude. «Beste astebete behar dute», esan diot. «Ez esan halako barregarrikeriarik», erantzun dit Mohammadek: «Ez dago itxaroterik: bildu itzazu, eta gorde poltsa batean, irinarekin». Amak teknika hori erakutsi zigun fruta berdea ondo heldu dadin. Aurreko ostiralean, bi mango bildu, eta biak ezin goxoagoak zeuden. Oraingoak berde daude denak, eta guaiabak ere bai. Ez dut ezer hartu gabe alde egin nahi, eta laranja bila joan naiz: bat bakarra aurkitu, zuritu eta hantxe jan dut, zukua kokotsean behera.

Yasser aitona-amonen etxean utzi dugu, UNRWAren eskoletako iheslari esparruetako batetik gertu. Ali topatu dut hor, nire lagun Hixam-en semea, eta kontatu dit guztiek etxetik alde egin behar izan dutela Beit Hanun-en, tankeek eraso egin baitzieten. Inguru horretako familia asko babes bila hasi dira UNRWAk Jabalian dituen eskoletan. Hixam, berriz, nire bizilagun Faraj-en etxera doa lotara egunotan. Farajen emazteari anaia hil zioten lehenbiziko gerra egunean, eta familiaren etxera joana da, Bureij-eko iheslari esparrura, hiletan egon ahal izateko. Gero eta jende gehiago dago UNRWAren eskolaren pareko kalean: haurrak, nora joan ez dakitela; gizonak, haserre; emakumeak, nekaturik. Galdu antzean guztiak ere. Gerra luzea izango da, itxura guztien arabera. Nekazariek eskoletako pareten ondora eraman dituzte beren abereak. Irakasle bat tartean dabil, ordena pixka bat jarri nahian anabasa horretan.

Prentsaren eraikinera itzultzean, horra hor dozenaka kazetari, lanean buru-belarri, azken berriak jaso eta zabaltzeko. Hor behintzat badituzte Internet, argindarra eta ura, eguzki energiari esker. Bilal kudeatzaileak janari beroa ekarri digu guztioi: arroza eta haragia. Rami horko langilea da, eta azaldu du, keinu batez, ez dagoela besterik menuan. Jan bitartean, etorkizunak zer ekarriko ote digun pentsatzen ibili gara. Asmatu ezinezko etorkizun iluna.

Ilunabarra hemen da, eta hotelera goaz. Kazetari asko hotelera aldatu dira, zailagoa delakoan hura bonbardatzea. Kamerariek inguratuta dago: erreportajeak lantzen ari dira munduan zabaltzeko.

Hurrengo atala: «Odol hori neurea izan zitekeen»

 

Atef Abu SaifPalestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministroa eta idazlea da. Urriaren 7an Gazan zen, eta han gelditzea erabaki zuen Israelen erasoa hasi zenean. Bertatik idazten ari den egunerokoa BERRIAren esku jarri du, eta egunez egun argitaratuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.