Kataluniako erreferenduma. Madrilgo ezkerreko adituak

Helmugan bat egiteko bi bide

Espainia demokratizatzeko aukeratzat daukate erreferenduma Madrilgo ezkerreko indarrek. Adituak, ordea, kritiko dira haien jarrera «epelaz», salbuespenak salbuespen elkartasun keinuak otzanegiak izan direlako: «Beranduegi iritsi dira».

Herenegun Madrilgo El Sol plazan protesta jendetsua egin zen Kataluniako erreferendumaren alde. SANTI DONAIRE / EFE.
Oihan Vitoria.
Madril
2017ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Ez da erraza Kataluniaren autodeterminazio eskubidea Kataluniatik kanpo defendatzea, are gutxiago Madrilen». Ramon Cotarelo eta Jaime Pastor politologoek badakite zerbait horri buruz. Cotarelo Politika Zientzietako katedradun eta La Republica Catalana liburuaren idazlea da;Pastor Politika Zientzietako irakaslea da UNEDen. Bata madrildarra da, eta bestea valentziarra. Baina Espainiako hiriburuan egin dute topo. «Otsoaren etxean», dio Cotarelok, barrez lehertzear. Kontuak eskatzen dizkiete sarritan, eta arrotz ere sentitzen dira noiz edo noiz. Etxean. Kataluniako burujabetza prozesuan ere bat datoz: katalanak balira, urriaren 1ean baiezkoa bozkatuko lukete, baina, ezin dutenez, hondar alea beste modu batera jartzen saiatzen dira.

Ez dira bakarrak, baina bai argien mintzo direnak. Espainia demokratizatzeko eta egungo eredua hankaz gora jartzeko modua dela uste dute ezkerreko sektore askok, baina kostata erakutsi dute galdeketaren aldeko jarrera. Kexu da Pastor: «Epelegi aritu, eta beranduegi iritsi dira. Soilik haien eskubideak kolokan ikusi dituztenean batu dira olatura, badakitelako Kataluniaren porrota kolpe gogorra litzatekeela askorentzat, ikusitakoak ikusita, oraindik Espainia aldatzeko itxaropena dutenentzat».

Ikuspuntu berekoa da Cotarelo. «Espainiako herriaren elkartasuna ez da ikusgarria izaten ari, ez dago aparteko elkartasunik. Egin dira ekitaldiak, batzuk arrakastatsuak eta beste batzuk xumeagoak, baina salbuespenak salbuespen, oso gutxik altxatu dute ahotsa Kataluniako erabakitzeko eskubidearen alde. Kezkagarria da, bai», esplikatu du Politika Zientzietako katedradunak. Urriaren 1a gerturatu ahala, mobilizazio haziz joatea espero du: «Indar metaketa premiazkoa da uzta jasotzen hasteko».

Biek ala biek argi dute «Kataluniako gatazka» jada ez dela konponduko Konstituzioa erre formatzeko promesekin edo negoziazio prozesu luze bat irekitzearekin. «Denbora aspaldi amaitu zen. Herritarren ordua da iritsi da, haiei galdetzekoa, baina ez inkestetan, galdeketa lotesleetan baizik. Ez dago besterik», nabarmendu du Pastorrek, eta argudiatu du: «Aldekoak %48 baino ez direla diote Espainiatik etengabe, baina Eskozian independentziaren aldeko %43arekin jada erreferenduma adostea lortu zuten Londresekin. Zergatik hemen ez?».

Erreferenduma da bidea

Hurrengo asteotarako «manifestuen gerra» iragarri du Cotarelok, baina horien eragina hutsa- la dela deritzo. «Kanpainaren parte dira azken finean, presio egiteko modu bat. Bozkatzeko eskubidearen aurkako 900 intelektual dauden bezala, bozkatzea babestuko duten beste hainbeste agertuko dira aurki, eta tartean ni egongo naiz». Baina bakanak dira, tantaka iristen dira, eta ez dira herrialde oso baten isla, politologoaren esanetan. «Txalotzekoak badira ere». Iragan igandean, adibidez, ehunka lagun bildu ziren Lavapies auzoko Teatro del Barrio antzokian debekuari aurre egin eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Herenegun, berriz, milaka herritarrek Madrilgo Puerta del Sol plaza goraino bete zuten erreferendumaren harira Espainiako Poliziak asteon eginiko atxiloketak salatzeko. Botopaperak, senyera-k eta Errepublika Garaiko banderak erakutsi zituzten manifestariek Falangeko ultraeskuindarrak parean zituztela. «Rajoyren aldera mugitzen bada balazta, eskubide sozialak mugatzeari ekingo diote berriz. Baina ez bakarrik Katalunian, Estatu osoan baizik. Erregimenaren iraupena dago jokoan, ez soilik Kataluniaren independentzia», oihukatu zuen Unidos Podemosen Senatuko bozeramaile Ramon Espinarrek.

Oro har, baina, Espainiako ezkerrak ez du neurria eman, Pastorren iritziz: «Galduta jarraitzen du, itsututa. Nazionalismorik gabeko kultura politiko zahar batean dago tematuta, eta bestelako identitate nazionalak Espainiaren pare jartzeari uko egiten dio. Diskurtso hori krisian dago, baina espero dut laster ohartzea nazioaniztasuna atzera bueltarik gabekoa dela». Kataluniak ezin duelako gehiago itxaron Espainian aldaketa noiz etorriko. «Gaur-gaurkoz, aldebakarreko erreferenduma da bide bakarra».

Eta orain egiten ez bada, berandu baino lehen egin beharko da. Uste zabaldua da Espainiako ezkerreko indarren artean, are zabalduagoa erreferendumaren data hurreratu ahala. «Irten- bide negoziatu, zibilizatu, lasai eta baketsu batera iristeko eskura zuen guztia egin du Generalitateak. Egokiena erreferenduma hitzartzea izango litzateke, baina, ezin bada, badira orain artekoari eusteko alternatiba gehiago ere; esaterako, independentziaren alde bakarreko adierazpena», azaldu du Cotarelok, eta Pastorrek berretsi: «Alde bakarrekoa da ez dagoelako inor beste aldean adostua izateko».

Indarraren erabilera

Auzitegi Goreneko magistratu emeritu Jose Antonio Martin Pallinek ere lotsagarritzat jo du Espainiaren erreakzioa. «Kontraesanezkoa eta irrazionala da horrelako olatu bat legediarekin, segurtasun indarrekin eten nahi izatea». Bat dator Cotarelo: «Espainiaren partetik inprobisazioa eta errepresioa besterik ez dago. Sena guztiz galdu dute». Harago jo du Pastorrek, kezkatuta: «Salbuespenezko estatu batean bizi da Katalunia egun. Indarkeriaren erabilera da orain erreferenduma eteteko modu bakarra. Espainiak ditu epaileak, fiskalak, poliziak eta indarra, oro har».

Urriaren 2an zer gerta daitekeen? Zalantzak dituzte hirurek. Biharamuna iragartzea zaila zaie. Bi aukera daude, Cotareloren hitzetan: Espainia are indartsuago irtetea edo Kataluniak zilegitasuna irabaztea subjektu politiko propioaren alde borrokatzeko. «Hor dago gakoa. Errepresioak beldurra sor dezake herritarrengan, baina ikusten ari gara dagoeneko kontrakoa gertatzen ari dela». Parte hartze masiboa ezinbestekoa dela dio Pastorrek, «2014ko azaroaren 9koa baino handiagoa». Txarrenean ere pentsatzen jarri da: «Erreferenduma egitea posible ez bada, mobilizazio egun erraldoi eta baketsu batek hartu beharko lioke lekukoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.