Mundua

Heldu dira Erresuma Batura Iranen atxilotuta izan dituzten militarrak

Eguerdiko ordubatak pasatxo zirela heldu da Londresko Heathrow aireportura soldaduak garraiatu dituen British Airwaysen hegazkina. Iranek atzo agertu zuen Erresuma Batuak ziurtatu diola ez direla gehiago beren uretan sartuko, eta horregatik utzi dituztela aske. Hitzarmenik ez dela egon ziurtatu du Blairek. Gaur goizean lau soldadu britainiar hil dituzte Iraken.

2007ko apirilaren 5a
18:22
Entzun
Nazioarte guztiko komunikabideak begira zituztela, iritsi dira Londresko Heatrow aireportura 13 egunez Iranen atxilotuta egon diren Erresuma Batuko Armadako 15 soldaduak. Goizeko zazpiak inguruan abiatu dira Teherango nazioarteko aireportutik British Airwaysen hegazkin batean. Atzo geratu ziren aske, esan bezala, Iranek bere uretara sartzea egotzita 13 egun atxilotuta egon, eta Teherango eta Londresko gobernuen artean ika-mika handia gertatu ondoren. Mahmud Ahmadinejad Irango presidenteak jakinarazi zuen atzo aske utziko zituztela, eta, halaber, berak agurtu zituen libre geratu ostean.

Soldalduak aske uztea garaipen gisa azaldu due Ahamadinejadek, trukean Erresuma Batuak Irango uretan ez zirela gehiago sartuko agindu ziola adierazi baitzuen. Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministroak gezurtatu egin du halakorik. Areago, hasieratik esan duen bezala, soldaduak ez zeudela Irango uretan berretsi du.

Gainera, atxilotuta egon diren militarrak iritsi ondoren Blairek egin duen adierazpena gazi-gozoa izan da, gau goizean lau soldadu hil baitira Iraken, Basoran, erreboltarien eraso batean.

Atzo, militarrak aske utziko zituztela iragarri ondoren, Iranekin elkarrizketarako ateak zabalik mantentzeko borondatea agertu zuen Blairrek. «Irango herriarenganako ezinikusirik ez dugu», azaldu zuen. «Zuen gobernuarekin ditugun desadostasunak elkarrizketaren bitartez konpondu nahi ditugu».

Atzo, soldaduak aske utziko zituela esan eta gero, Ahmadinejadek harrera egin zien hamabostei. Irango telebista publikoak erakutsitako irudietan, Mahmud Ahmadinejadi banan-banan eskerrak ematen agertzen dira Erresuma Batuko militarrak. Londresko gobernu agintariek gogor kritikatu dituzte iragan egunetan Iranek soldaduak erakutsiz telebistaz emandako irudiak, baina atzo ez zuten deus esan. Erreakzio bakar bat nabarmendu nahi izan zuten: poza.

GOI HARREMAN ZUZENAK, BEZPERATIK. Militarrak aske uzteko erabakiak ezusteko apur bat eragin bazuen ere, auzi honen inguruan Londres eta Teheran artean giroa baretzen hasia zela nabarmena zen bezperatik. Hala, Tony Blairren kabineteko ordezkariek baieztatu zuten astearte arratsean, telefonoz solasaldi bat izan zutela gobernuburu britainiarraren aholkulari diplomatiko Sir Nigel Sheinwaldek eta Irango segurtasun nazionalerako kontseilu goreneko idazkari nagusi Ali Larijanik. «Krisi hau ahalegin diplomatikoen bidez konpondu dadin gurako du lehen ministroak», zioten.

Londresen «tonu aldaketa» txalotu zuen, halaber, bere aldetik, Irango Legebiltzarreko presidente GholaAli Hadad Adelek. «Britainiarrek tonua aldatu egin dute eta gurekin negoziatzen hasiak dira», adierazi zuen. «Orain, behar dute aitortu oker jokatu dutela eta aurrerantzean horrelakorik ez dadin gerta konpromisoak hartu».

AEB-EN UKAZIOAK. Soldadu britainiarrak aske geratuko direla eta, poza erakutsi zuten atzo AEB Ameri-ketako Estatu Batuetako agin-tariek ere. «Tony Blair lehen ministro britainiarraren pozarekin bat dator George Bush presidentea», eman zuen aditzera Etxe Zuriko eledun Dana Perinok. Estatu Batuek ukatu zuten, aldiz, soldadu britainiarren gainean hartutako erabaki honek zerikusia duenik Iraken AEBetako Armadak atxilo hartutako Irango herritarren auziarekin. Iragan urtarrilaren 11n, AEBetako soldaduek Irango bost lagun atxilotu zituzten, Irakeko Kurdistango Erbil hiriko kontsuletxean indarrez sartzea egotzita. AEBek atxilo hartutako pertsona hauek diplomazialariak zirela salatu izan du Teheranek, baina Washingtonek iritzi dio Iraken indarkeriaz jokatzen ari diren milizia xiitei armak hornitzeaz arduratzen zirela.

Hedabide zenbaitzuk azpimarratu dute, Iraken AEBetako armadak atxilo hartutako bost Irango biztanleen eta Iranek gatibu hartutako 15 militar britainiarren kasuak lotu nahi zituela Teheranek konponbide bila. AEBetako diplomazia iturriek, baina, ukatu zuten atzo soldadu britainiarrak aske uztea eta Iraken atxilo dirauten irandarren kasuak lotu direnik. «Nik dakidanez, horrelako ezer ez da egon», adierazi zuen atzo AEBetako Estatu departamenduko bozeramaile Tom Caseyk. Irango Irna informazio agentzia ofizialak iragarri zuen herenegun Erbilen atxilotutako bost lagunei euren herrialdeko ordezkari diplomatikoen bisita baimendu zaiela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.