Hegoafrikak «genozidio kalkulatu bat» egitea leporatu dio Israeli

Gazako palestinarren aurkako genozidioa egotzita, Israelen aurkako salaketaren argudioak aurkeztu ditu gaur, Hegoafrikak, Nazioarteko Justizia Auzitegian. Israelek bihar izango du horiei erantzuteko aukera.

Lehen auzi saioa, gaur, Nazioarteko Justizia Auzitegian, Hagan. REMKO DE WAAL/EFE
maddi iztueta olano
2024ko urtarrilaren 11
14:02
Entzun

Israelgo eta Gazako milizia palestinarren arteko oldarraldia hasi zenetik hiru hilabete pasatu diren honetan, Nazioarteko Justizia Auzitegiaren aurrean eseri da Israel gaur, historian lehen aldiz, Hegoafrikaren salaketaren ondoren. Hiru ordu iraun du lehen auzi saioak, eta Israelen aurkako salaketaren argudioak aurkeztu ditu Hegoafrikak. Gazako palestinarren aurka «genozidio kalkulatu bat» egitea leporatu dio Hegoafrikako Auzitegi Goreneko epaile Adila Hassimek Tel Avivi.

«Genozidio» hori egiteko asmoz Israelek urriaren 7tik hona aurrera eraman dituen ekintzak aipatu ditu Hassimek Hagan (Herbehereak), NBE Nazio Batuen Erakundearen organo judizial gorenaren egoitzan egindako saioan. Horien artean, hauexek: «Gazan bizi diren palestinarren aurka txikizio handiak eragiten dituzten armak erabiltzea; zibilak hiltzea; zenbait eremu segurutzat jotzea eta gero horiek bonbardatzea; zerrenda setiatzea eta horko biztanleak oinarrizko beharrizanik gabe uztea eta zibilen azpiegiturak suntsitzea, hala nola eskolak, meskitak, ospitaleak eta etxebizitzak». Edonola ere, haren ondoren hitz egin du Hegoafrikako Justizia ministro Ronald Lamolak, eta argi utzi nahi izan du «palestinarren aurkako indarkeria» ez zela 2023ko urriaren 7an hasi. «Palestinarrek 76 urtez jasan dituzte Israelen indarkeria eta errepresio sistematikoak».

Hegoafrikak joan den abenduaren 29an aurkeztu zuen Tel Aviv auzitara eramateko eskaera, 84 orriko dokumentu batean oinarrituta. Testuan, urriaren 7tik hona Israelgo hainbat ministrok egindako adierazpenak aipatzen dituzte, hala nola Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallantek gazatarrak animaliekin alderatu zituenekoa, edo Segurtasun ministro Itamar Ben Gvirek esandako hau: «Guztiak dira terroristak, eta suntsitu egin behar ditugu».

Hegoafrikak egindako salaketaren eta adierazpenen harira, eskerrak eman dizkio PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Atzerri ministro Riyad al-Malikik, «pauso ausartak» hartzeagatik. «Nazioarteko legeak arrakasta izateko garaia da», idatzi du X sare sozialean.

«Palestinarrek 76 urtez jasan dituzte Israelen indarkeria eta errepresio sistematikoak».

Ronald Lamola.Hegoafrikako Justizia ministroa

Bestelako iritzi bat adierazi dute, ordea, Israelgo agintariek. Goizekoa «inoizko hipokresia erakustaldirik handiena» izan dela esan du Israelgo Atzerri Ministerioko bozeramaile Lior Haiatek, eta Hamasen «adar juridikoa» izatea leporatu dio Hegoafrikari. Ben Gvirek ere «absurdotzat» jo du auziko saioa.

Israelek bihar izango du salaketa horiei erantzuteko aukera. Israelgo Auzitegi Goreneko presidente ohi Aharon Barakek ordezkatuko du herrialdea, eta erabaki horrek zeresana izan du Israelgo kontserbadoreen eta ultraeskuindarren artean, oposizioko politikaririk nabarmenenetako bat baita Barak, eta birritan egin du Benjamin Nentayahu lehen ministroak bultzatutako erreforma judizialaren aurka.

Edonola ere, aferak luze joko du. Litekeena da asteak —edo hilabeteak— itxaron behar izatea auzitegiko hamabost epaileek —oraingoan, denera hamazazpi izango dira, auzian parte hartuko baitu alde bakoitzeko epaile batek— ebazpen bat kaleratu arte. Hori bai, erabaki bat iritsi artean, kautelazko neurriak har ditzatela eskatu dio Hegoafrikak auzitegiari, hala nola Israelek, behin-behinean, zerrendan operazio militar guztiak etetea.

Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren, 1948an, holokaustoaren harira NBE Nazio Batuen Erakundeak indarrean jarritako Genozidioaren Konbentzioa baliatu du Hegoafrikak Israel auzitara eramateko. Gaur-gaurkoz, lau herrialde eseri dira Nazioarteko Justizia Auzitegian genozidio bat egitea leporatuta: Jugoslavia ohia, Myanmar, Errusia eta Israel.

Guztiak ukatzen dituzte

Hegoafrikak leporatutako krimen guztiak oinarririk gabeak direla dio Israelek. Afera honetan ere, Tel Aviven alde agertu da Washington. Urriaren 7tik Ekialde Hurbilera egin duen bosgarren bisitan egindako agerraldi bat baliatuz, Hegoafrikaren salaketak ez duela «ez hanka eta ez buru» esan zuen atzo Antony Blinken AEB Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkariak.

Halere, lehen auzi saioa hasi aurretik, ohi baino mezu leunagoa idatzi zuen atzo Netanyahuk X sare sozialean: «Argi utzi nahi ditut zenbait kontu: Israelek ez du behin betiko Gaza okupatzeko asmorik, ezta biztanleria zibila handik bidaltzeko ere. Israel Hamaseko terroristen aurka ari da borrokan, ez biztanle palestinarren aurka, eta borroka horretan erabat betetzen ari gara nazioarteko legea».

Bien bitartean, ordea, Gazaren aurkako ofentsibarekin jarraitzen du Israelek. Azken orduetan, Israelgo armadak areagotu egin ditu zerrenda erdialdearen eta hegoaldearen aurkako bonbardaketak, eta 150 palestinar baino gehiago hil dituzte horietan. Urriaren 7tik hona, ordea, 23.400 palestinar baino gehiago hil dituzte, eta ia 60.000 zauritu.

Itsaso Gorriari adi

Yemengo matxino huthiei Itsaso Gorrian egiten ari diren erasoak «berehala» eteteko eskatu zien, atzo, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak. Proposamenak kontseiluko kide guztien aldeko botoa izan zuen, bi herrialderenak izan ezik; abstenitu egin ziren Errusia eta Txina. Erasoen berehalako etetea eskatzeaz gain, joan den azaroaren 19an bahitu zuten Galaxy Leader zamaontzia eta hor zeuden 25 pertsonak aske uzteko ere eskatu dute.

Huthien Batzar Iraultzaileko presidente Mohammad Ali al-Hutiren ustez, ordea, «joko politiko bat» baino ez da Segurtasun Kontseiluaren erabakia. Are, huthiek birritan esan dute ez dituztela eraso horiek etengo «Gazaren aurkako sarraskia amaitu arte».

Hain justu, gaur goizaldean beste eraso bat jasan du AEBetako zamaontzi batek. Eraso hori, ordea, ez da Yemengo kostaldean izan, Omango kostaldean baizik. Hainbat ordu geroago, erasoa baieztatu dute Irango agintariek. Hori bai, haien arabera, auzitegi batek emandako agindu baten harira hartu dute zamaontzia. Ez dute, oraingoz, agindu horren inguruko xehetasunik eman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.