Hego Sudan krisi betean da, oposizioko burua atxilotua izan ondoren

Oposizioak ohartarazi du gerra zibila pizteko zorian dagoela herrialdean. AEBek eta NBEk lasaitzeko deia egin diete aldeei.

RIEK MACHAR - SALVA KIIR
Riek Matxar eta Salva Kiir, Hego Sudango presidenteorde izana eta presidentea, Juban, elkarri eskua ematen, 2019an. Bake elkarrizketak aitzinatzeko itzuli da Matxar matxinoen burua Hego Sudanera. STR/EFE
Igor Susaeta.
2025eko martxoaren 27a
10:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hego Sudan krisi betean da, estatuko indarrek oposizioko buru eta herrialdeko lehen presidenteorde Riek Matxar atxilotu ondoren; are, oposizioak ohartarazi du herrialdean gerra zibila pizteko zorian dagoela, berriro. Bai NBE Nazio Batuen Erakundeak, bai AEBek, besteak beste, lasaitzeko deia egin diete aldeei.

Atzo gauean, oposizioak salatu zuen Matxar etxean atxilotuta daukatela, eta zera egozten diotela: herrialdearen iparraldean, Goi Nilo eskualdean, hil honetan armadaren eta oposizioko liderra babesten duten matxinoen arteko borroken hauspotzaileetako bat izatea. Matxarrek, ordea, ukatu egiten du babes hori. Hain zuzen, borroka horiek piztu ondoren, martxo hasieran, Matxarren alderdiko hainbat kide atxilotu zituen Salva Kiir presidentea buru duen gobernuak; tartean, Petrolio ministroa eta armadaren buruetako bat.

Hego Sudan 2011n independizatu zen Sudandik, eta 2013an gerra zibil batean murgildu zen; bost urte iraun zuen, eta 400.000 lagun inguru hil zituzten. 2018an akordio bat egin zuten, eta, hori aintzat hartuta, gobernuak eta oposizioak boterea banatzea adostu zuten; horren ondorioz, esaterako, herrialdeak bost presidenteorde ditu. Itunean jasotakoak, baina, ez dituzte bete.

Are, oposizioaren bozeramaile Pal Mai Dengek Efe berri agentziari gaur esan dionez, Matxarren atxiloketak esan nahi du bertan behera geratu dela Matxarrek berak eta haren etsai Kiirrek —2011tik bertatik da presidentea— sinatutako ituna, eta herrialdea «ezegonkortasun fase batean» sartu dela. Bozeramailea matxinoei mintzatu zaie, eta eskatu die borroka daitezela kontrolpean dituzten eremuak babesteko.

«Bidegurutzean»

Unmiss Nazio Batuen Erakundearen Hego Sudanerako misioko buru Nicholas Haysomek gaur ohar batean nabarmendu duenez, «bidegurutzean» dago herrialdea, eta hango liderrek aukeratu beharko dute «bakearen, demokraziaren eta 2018ko kontsentsu espirituaren alde bultza egitea», edo berriro «gatazka orokortzea». Ohartarazi du, bide batez, gerra berriro hasteak «ondorio suntsitzaileak» eragingo lituzkeela ez soilik Hego Sudanen, baita eskualde osoan ere.

AEBek «kezka» agertu dute, Afrikako Auzien Bulegoak sare sozialetan kaleratutako ohar batean adierazi duenez. «Eskatzen diogu Kiir presidenteari ekintza hori bertan behera utzi dezala, egoera koska bat estutu ez dadin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.