Giroa erabat nahastu da Hego Korean. Yoon Suk-yeol herrialde horretako presidenteak gerra legea ezarri zuen atzo, oposizioari «matxinada bat» prestatzen aritzea egotzita. Atzera egin behar izan zuen berehala, ordea, parlamentuaren eskariak eta kaleko presioak behartuta: Hego Koreako Parlamentuko 190 diputatuk ezohiko bozketa bat egin zuten, eta guztiek bozkatu zuten legea indargabetzeko eskaeraren alde —Hego Koreako Parlamentuak hirurehun eserleku ditu; beraz, gehiengoak bozkatu zuen legea ezeztatzearen alde—. Ikusita estatuburuaren erabakiak zer-nolako iskanbila sortu duen, oposizioak zentsura mozio bat erregistratu du presidentearen aurka. Asteon egingo dute bozketa.
Hego Koreako Yonhap berri agentziaren arabera, oposizioko 190 diputatuk eta diputatu independente batek sinatu dute mozioa. Herriaren Boterearen Alderdi kontserbadoreko, hau da, presidentearen taldeko inork ez du babestu. Hala ere, izan da desadostasunik. Han Dong-hoon alderdi horretako buruzagia gerra legea ezartzearen aurka agertu zen atzo, eta adierazi zuen presidentearen erabakia «okerra» izan zela.
Presidentea kargugabetzeko, Hego Koreako Asanblea Nazionaleko kideen bi herenek baino gehiagok —berrehun baino gehiagok— bozkatu beharko dute hura kargutik kentzearen alde. Zentro-ezkerreko Alderdi Demokratak du gehiengoa —170 ordezkari ditu—, baina presidentearen alderdiak hirurehun eserlekutik 108 ditu; beraz, hartako kide batzuen botoa ere behar da zentsura mozioa onartzeko.
nor da Yoon suk-yeol?
Hego Koreako presidente kargura 2022an iritsi zen Yoon Suk-yeol (Seul,1960). 1994tik 2021era arte fiskal izan zen, eta ezaguna egin zen politikarien ustelkeria kasuak ikertzeagatik. 2019an estatuko fiskal nagusi izendatu zuten, eta 2021era arte egon zen kargu hartan. Hurrengo urtean, Herriaren Boterea alderdiaren presidentegai izan zen. 1987an Hego Korean diktadura amaitu zenetik, inoiz izandako alde txikienarekin irabazi zituen bozak: botoen %48.56 lortu zuen Yoonek; eta %47.83, Alderdi Demokratako hautagai Lee Jae-myungek.
Ipar Korearekin harreman oro haustearen aldekoa da. Hala, 2017tik 2022ra arte presidente izan zen Moon Jae-inen politikak alboratu zituen. Alderdi Demokratako Moonek irekitze politika bat hasi zuen, eta zenbait elkarrizketa izan zituen Ipar Koreako buru Kim Jong-unekin. Yoonek, Ipar Korearen alde lerratzea egotzi izan dio Alderdi Demokratari, eta argudio hori erabili zuen atzo gerra legea ezartzeko. Piongiangekin bezala, jarrera gogorra du feminismoaren aurka, besteak beste. Berdintasun Ministerioa desegingo zuela agindu zuen hauteskunde kanpainan. Oraingoz ez du halakorik egin, baina otsailetik ez dago inor Berdintasun ministro karguan.
Azken asteetan, Yoonen gobernuaren aurkako protestak areagotu dira Hego Korean. Joera autoritarioa hartu izana egozten diote, baita bere politika ekonomikoek prezioak igoarazi dituztela ere. Horrez gainera, Yoonek bere aurka du parlamentuaren gehiengoa ere. Apirilean egin zituzten parlamenturako hauteskundeak, eta Alderdi Demokratak lortu zuen gehiengoa.
Park Chan-dae Alderdi Demokratako bozeramaileak Yoonen dimisioa eskatu du: «Nazio osoari argi agertu zaio Yoon presidenteak ezin duela herrialdea normal gidatu. Atzera egin beharko luke. Berehala dimititzea nahi du herriak».
Oraingoz presidentea ez da berriro agertu jendaurrean, eta ez du hitz egin. Bai, ordea, Kim Yong-hyun Defentsa ministroak: dimisioa eman du oposizioak hura kargugabetzeko eskari bat erregistratu eta gutxira. Sareetan zabaldutako mezu batean, Kimek bere gain hartu du gertatutakoaren erantzukizuna, eta barkamena eskatu du eragindako «nahasmenagatik». The Korea Herald egunkariak zabaldu duenez, Defentsa Ministerioak «aholkatu» zion Yoon presidenteari gerra legea ezartzea.
Egoera ezengonkorra dela-eta, Hego Koreako armadako buruek bilkura bat egin dute. Haren ostean, Kim Myung-soo armadako buruzagiak «adi egoteko» agindu die militarrei, Yonhap Hego Koreako berri agentziaren arabera. Izan ere, uste du Ipar Koreak eraso bat egiteko baliatu dezakeela ezegonkortasun egoera hori. Hori dela eta, tropei eskatu die herritarren babesa bermatzeko, eta prest egoteko.
Protesta jendetsuak
Yoonek ezustean hartu zuen gerra legea ezartzeko erabakia, atzo. Oposizioari egotzi zion herrialdeari kalte egiten dioten politikak egitea eta Ipar Korearen alde lerratzea.
Salbuespenezko neurri hori indarrean sartuta, debekatu egin zituzten herrialdeko ekintza politiko guztiak; tartean, parlamentuaren jarduera. Oposizioak, ordea, uko egin zion aginduari, eta ezohiko bozketa bat egin zuen. Su itzalgailuak erabili zituzten militarrak egoitzara sar ez zitezen. Eraikinaren kanpoaldean, gainera, jende ugari bildu zen gerra legearen aurka protesta egitera. Goizean lasaiago esnatu da Seul. Hala ere, protesta gehiago izatea espero da.
Nazioartean ere eragin du erreakziorik gertatutakoak. Maria Zakharova Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaileak, esaterako, esan du kezka pizten dietela Hego Korean izandako «gertakari tragikoek». Mark Rutte NATOko idazkari nagusiak ere esan du adi daudela, baina harreman «hertsia» dutela Hego Korearekin. Txinako Atzerri ministro Wang Yirentzat, berriz, Hego Koreako egoera politikoa «barne arazo bat» da.