Hego Koreako presidenteak gerra legea ezarri du, baina atzera egin behar izan du

Yoon Suk-yeol estatuburuak neurria hartu ondoren, parlamentuak hura kentzea bozkatu du. Yoonek oposizioari egotzi dio Ipar Korearen aldera lerratzea eta demokrazia liberala arriskuan jartzea.

Yoon Suk-yeol Hego Koreako presidentea, gaur telebistan eman dituzten adierazpenak egiten. EFE
Yoon Suk-yeol Hego Koreako presidentea, gaur telebistan eman dituzten adierazpenak egiten. EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko abenduaren 3a
18:00
Entzun

Gerra legea ezarri du Hego Korean Yoon Suk-yeol presidenteak. Gaur telebistan egin dituen adierazpenetan, oposizioari egotzi dio «matxinada bat» prestatzen aritzea, eta horregatik ezarri du salbuespenezko neurria. Hego Koreako Parlamentuan gehiengoa du oposizioak, Alderdi Demokratak. Eta presidenteak —Herriaren Indarra alderdikoa da bera— salatu du Alderdi Demokrata herrialdeari kalte egiten dioten politikak egiten ari dela, eta Ipar Korearen alde lerratu dela. Ordu batzuk geroago, eta parlamentuaren eskariak eta kaleetan izandako presioak direla eta, gerra legea kentzea erabaki du.

Gauerdian egin ditu adierazpenak presidenteak eta, lege hori indarrean sartuta, debekatu egin dituzte herrialdeko ekintza politiko guztiak; tartean, Hego Koreako Parlamentuaren jarduera etenda geratu da. Halere, 190 diputatuk ezohiko bozketa bat egin dute parlamentuan —dagoeneko asteazkeneko goizaldea da Hego Korean—. Eta guztiek legea indargabetzeko eskaeraren alde bozkatu dute, Yonhap berri agentzia hegokorearraren arabera. 300 eserleku daude Hego Koreako Parlamentuan; beraz, gehiengoak bozkatu du legea indargabetzearen alde. Herriaren Indarra presidentearen alderdiko buruzagi Han Dong-hoon ere gerra legea ezartzearen aurka agertu da, eta adierazi du presidentearena erabaki «okerra» izan dela.

Konstituzioaren arabera, presidentea behartuta dago gerra legea bertan behera uztera parlamentuaren gehiengoak hala eskatzen badio. Eta hala egin du ordu batzuk geroago, ministroekin bildu ondoren. Yoonek hori jakinarazi aurretik, Woo Won-sik Alderdi Demokratako kide eta parlamentuko presidenteak argi utzi du gerra legea indargabetuta zegoela: «Herritarrak lasai egon daitezke: parlamentuak demokrazia babestuko du».

Nahasmen eta tentsio handiko gaua izaten ari da Hego Korean. YTN Hego Koreako telebista katean emandako zuzeneko irudietan hutsik ageri ziren parlamentuko eserleku ugari, eta jendetza eraikinaren kanpoaldean, protestan. Reuters berri agentziaren arabera, oposizioko alderdiko kideak zeuden eraikinaren barruan, eta ateak blokeatu dituzte militarrak sartzea eragozteko. Soldaduek eta poliziek eraikinaren kanpoaldea inguratu dute; tankeak ere atera dituzte kalera. Militarrak parlamentutik atera dira diputatuek legea indargabetzearen alde bozkatu ostean. Yoonek agindua eman du gerra legea zuzentzeko ardura zuen buruzagitza militarra desegiteko, eta, Hego Koreako hedabideen arabera, armada erretiratu egin da. Manifestariak ez, hala ere.

Militarrak parlamentuaren eraikinetik ateratzen, diputatuek legea indargabetzearen alde bozkatu ostean. YONHAP / EFE
Militarrak parlamentuaren eraikinetik ateratzen, diputatuek legea indargabetzearen alde bozkatu ostean. YONHAP / EFE

Gerra legeak debekatu egiten ditu manifestazioak, baina, Reutersen arabera, milaka izan dira presidentearen kargugabetzea eta legea indargabetzea eskatzeko kalera irten direnak. Alderdi Demokratako buruzagi Lee Jae-myungek eskatu die bertaratzeko, gerra legea blokeatzeko asmoz. Gero, parlamentuak legea indargabetzearen alde bozkatu ostean, esan du presidentearen aginduak betetzen ari dena «legearen kontra» ari dela. Alderdi Demokratak «estatu kolpetzat» jo du presidentearen erabakia, kaleratu duen oharraren arabera.

Azkenengoz, 1979an

Azken asteetan, datorren urterako aurrekontu orokorrak eztabaidatzen aritu dira Hego Koreako Parlamentuan; eta, aste honetan, oposizioko alderdiak aurrekontuak murrizteko erabakia hartu du. Yoonen eta oposizioaren arteko tentsioak gainezka egin du, eta presidenteak ezusteko eta ezohiko erabaki batekin konpondu nahi izan du gatazka, argudiatuta Alderdi Demokratak demokrazia liberala eraitsi nahi duela.

Gaur arte, Hego Korean 1979an ezarri zuten azkenekoz gerra legea. Park Chung-hee diktadorea hil zutenean hartu zuten neurri hori. Diktadurak beste zortzi urtez iraun zuen Hego Korean, 1987ra arte.

Konstituzioaren arabera, presidenteak gerra legea ezar dezake militarren esku hartzea beharrezkoa bada. Betiere, herrialdea gerran badago, gatazka armatu bat abian bada, larrialdi nazionala ezarri bada, edota ordena publikoa ezartzeko beharrezkoa bada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.