Amaitu da Hego Koreako Yoon Suk-yeol presidenteak abiarazitako krisi instituzionala, ezustekorik ez bada behintzat: Auzitegi Konstituzionalak estatuburua kargugabetu du, aho batez. Iragan abenduaren 3an gerra legea ezarri zuen estatuburuak, oposizioari «matxinada bat» prestatzen aritzea egotzita. Hori egiteko arrazoirik ez zuela ondorioztatu dute epaileek, eta, beraz, kargutik kentzea erabaki dute. Auzitegi Konstituzionalaren erabakiak behin betikoak dira Hego Korean; hortaz, Yoonek ezingo du helegiterik jarri. Horiek horrela, datozen 60 egunetan hauteskundeetara deitu beharko dute herrialdean, legeak epe hori ezartzen baitu gehienez.
«Gerra legea ezarri zenean Asanblea Nazionala zegoen bezala zegoela ere, horrek ez du justifikatzen larrialdi egoeretako bakarrik pentsatuta dauden botereak erabiltzea», adierazi du Moon Hyung-baek, auzitegiko jarduneko presidenteak. Gainera, Yoonek Hego Koreako armadako soldaduak parlamentura bidali izana legea «nabarmen urratzea» izan zela adierazi du auzitegiak epaian, «legegintza funtzioak eragotzi» zituelako.
Izan ere, presidenteak gerra legea ezarri eta ordu gutxira, 190 diputatu parlamentura joan ziren ezohiko bozketa bat egiteko eta gerra legea bertan behera uzteko. Haiek geldiarazteko, soldaduak bidali zituen Yoonek parlamentura, baina, azkenean, diputatuak Hego Koreako Parlamentura sartu ziren, eta gerra legea bertan behera uztearen aldeko botoa eman.
Bada, armada helburu horrekin mugiarazi izanak haren «neutraltasun politikoa» urratzen duela ondorioztatu dute Auzitegi Konstituzionaleko zortzi epaileek —guztira zortzi epaile dira, eta Yoon kargugabetu ahal izateko seik eman behar zuten aldeko botoa—. Are gehiago, Yoonek armada «helburu politikoekin» erabili zuela iritzi diote.
Yoonek, haren aurkako prozesua hasi zenetik egin duen legez, egozten dizkioten kargu denak ukatu ditu. Presidenteak gerra legea ezarri zuenetik, tentsioak gora egin du kaleetan, Yoonen aldeko eta kontrako protesta eta mobilizazioak antolatu izan baitituzte herritarrek. Egoera, hala ere, bereziki gaiztotu zen abenduaren 14tik aurrea.
Egun hartan, parlamentuak presidentearen aurkako zentsura mozioa bozkatu zuen, eta diputatuek Yoon kargugabetzearen alde egin zuten —Herriaren Indarra presidentearen alderdiko hamabi diputatuk egin zuten haren aurka, gutxienez—. Karguaz baliatuta «gehiegikeriaz» aritzeagatik ikertzen hasi ziren Yoon, eta, urtarrilaren 15ean atxilotu zuten arte, ustelkeriaren aurkako bulegoko kideek zenbait saiakera egin zituzten hura harrapatzeko. Urtarrilaren 3an, esaterako, Yoonen segurtasun zerbitzuek hura atxilotzea galarazi zuten.
80 egun igaro dira parlamentuak Yoon kargugabetu zuenetik, eta tarte horretan Han Duck-soo aritu da behin-behineko estatuburu gisa. Konstituzionalak epaia jakinarazi eta ordu gutxira, adierazpen ofizial bat egin du Hanek, telebista bidez. Ziurtatu du ez duela oztopatuko bozen ostean egin beharreko aginte aldaketa, eta hori gertatu arte «segurtasun nazionala» bermatuko duela zin egin du. «Ahal dudan guztia egingo dut bermatzeko premiazko gaiak jorratzeko orduan ez dela arazorik egongo, hala nola merkataritza gatazkak, eta ordena publikoari tinko eusteko ahaleginak egingo ditut, gure herritarrak seguru senti daitezen», azpimarratu du.
Oposizioari kritika
Herriaren Indarra alderdiak «apalki» onartu du Auzitegi Konstituzionalaren erabakia. Alderdiko jarduneko buruzagi Kwon Young-sek ohar bidez adierazi duenez, erabakia «tamalgarria» iruditzen zaien arren, alderdiak —«agintean den alderdi gisa»— onartzen du auzian izan duen erantzukizuna. Gainera, Auzitegi Konstituzionalak hartutako ezein erabaki babestuko duela jakinarazi du Kwonek, hori baita «demokrazia eta zuzenbide estatua babesteko erarik egokiena».
Oposizioari kritika egiteko ere baliatu du gobernuko alderdiak Yoonen aurkako epaia. Yoonen alderdiak ez du gehiengorik Asanblea Nazionalean: 300 eserlekutik 108 daude haien esku; DP Alderdi Demokratikoak, berriz, 170 ditu; hau da, gehiengoa. Gehiengo hori «tirania politiko bat» ezartzeko baliatzen duela aurpegiratu dio Kwonek oposizioari.
DPk, bestetik, begi onez ikusi du Yoonen aurkako epaia, eta Auzitegi Konstituzionalaren erabakia «herriaren garaipen handi bat» dela esan du. Alderdiko bozeramaile Cho Seung-raek herritarrak eta alderdikideak zoriondu ditu «krisiari aurre egiteko» lanean aritzeagatik. «Egun historikoa da gaur. Konstituzioa defendatu eta demokrazia babestu dugu horiek suntsitzen saiatu direnen aurka», nabarmendu du Chok, Auzitegi Konstituzionalak Yoonen aurkako epaia jakinarazi eta gutxira egin duen agerraldian.