Yoon Suk-yeol Hego Koreako presidente kargugabetua atxilotu dute

Gerra legea ezartzen saiatu eta 43 egunera hartu dute atxilo. Matxinada baten buru izatea egozten diote. Galdekatu egin dute, baina uko egin dio deklaratzeari.

Yoon Suk-yeol, gaur atxilotua izan ostean. LEE JONG-KEUN / EFE
Yoon Suk-yeol, gaur atxilotu ostean. LEE JONG-KEUN / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria - Igor Susaeta
2025eko urtarrilaren 15a
10:00
Entzun

Yoon Suk-yeol atxilotu dute gaur, Hego Korean gerra legea ezartzen saiatu zen presidente kargugabetua. Maniobra hura egin zuenetik 43 egunera hartu dute atxilo. Matxinada baten buru izatea egozten diote, eta abenduaren 31n onartu zuen hura atxilotzeko agindua, hiru aldiz uko egin baitzion gertatutakoa ikertzeko galdeketetan parte hartzeari. Urtarrilaren 3an saiatu ziren lehenengoz Yoon atzematen, baina haren jarraitzaileek eta segurtasun zerbitzuek eragotzi egin zuten. Azkenean, gaur hartu dute atxilo.

Atzeman ostean, Goi Kargudunen Ustelkeriak Ikertzeko Bulegoaren egoitzara eraman dute Yoon, Gwacheon hirira, Seul hegoaldera. Besteak beste, erakunde hori ari da presidente kargugabetua ikertzen, eta hark eta Defentsa Ministerioak eta Poliziak eskatuta eman zuen Seulgo Auzitegi batek atxilotze agindua. Bi ordu eta erdiko galdeketan, Yoonek uko egin dio galderak erantzuteari, Yonhap Hego Koreako berri agentziak kaleratu duenez.

(ID_14581480) SOUTH KOREA YOON RALLY
Presidentearen jarraitzaile batzuk haren etxearen kanpoaldean bildu dira gaur. EFE

Yonhapen arabera, 3.000 polizia agente inguru joan dira Yoonen etxebizitzara hura atxilotzera, eta istiluak sortu dira haren jarraitzaileekin. Gainera, Yoonen segurtasun zerbitzuek, abokatuek eta Herriaren Indarra haren alderdiko kideek ere Poliziaren lana oztopatu dutela jakinarazi du berri agentziak. Halere, aurreko atxiloketa saiakeran ez bezala, gaur Yoonen segurtasun zerbitzuek ez diete poliziei aurre egin.

Kronologia

  • Abenduaren 3an. Yoon Suk-Yeol Hego Koreako presidenteak gerra legea ezarri zuen, argudiatuta oposizioa «matxinada bat» prestatzen ari zela. Ordu batzuk geroago atzera egin zuen, ez zuelako Asanblea Nazionalaren babesik.
  • Abenduaren 5ean. Kim Yong-hyun Defentsa ministroak bere gain hartu zuen gertatutakoaren erantzukizuna, eta dimisioa eman zuen. Hiru egun geroago atxilotu zuten, fiskaltzaren aginduz.
  • Abenduaren 12an. Gerra legea ezarri izana defendatu zuen Yoonek, telebistaz emandako diskurtso batean.
  • Abenduaren 14an. Bigarren saiakeran, bai: Asanblea Nazionalak Yoon kargugabetu zuen. Oposizioak gehiengoa du ganbera horretan. Egun batzuk lehenago ez bezala, Yoonen alderdikideetako batzuek haren kontra egin zuten, eta zentsura mozioak aurrera egitea ahalbidetu.
  • Abenduaren 27an. Behin-behineko estatuburu Han Duck-soo ere kargugabetu zuen Asanblea Nazionalak. Oposizioak bultzatu zuen zentsura mozioa, argudiatuta  Auzitegi Konstituzionalerako onartutako hiru epaileren izendapena blokeatu zuela Hanek. Finantza ministro Choi Sang-mok-ek ordezkatu zuen, behin-behinean. Gertatutakoak krisi instituzionala areagotu zuen herrialdean.
  • Abenduaren 31n. Soon atxilotzeko agindua eman zuen Seulgo auzitegi batek. Hori eskatu zioten presidentea ikertzen ari zirenek: Poliziak, Defentsa Ministerioak eta Goi Kargudunen Ustelkeriak Ikertzeko Bulegoak.
  • Urtarrilaren 3an. Yoon bere etxean atxilotzen ahalegindu zen Hego Koreako Polizia, baina presidentearen segurtasun zerbitzuek eta haren 10.000 bat jarraitzailek galarazi zuten.
  • Urtarrilaren 15ean. Yoon atxilotu dute.

Izan ere, presidenteak galdeketan parte hartzea onartu du, «odoluste bat saihesteko». Hala adierazi du atxilotua izan aurretik grabatutako bideo batean: «Zorigaiztoko eta indarkeriazko gertakaririk jazo ez dadin, Goi Kargudunen Ustelkeriak Ikertzeko Bulegoaren aurrean agertzea erabaki dut, baina ikerketa legez kanpokoa dela uste dut». Geroago, Facebooken, eskuz idatzitako mezu baten argazkia argitaratu du. Haren iritziz, gerra legea ezartzea ez da legez kanpokoa, presidenteak «krisi nazional bati» aurre egiteko duen modua baizik. Dena den, azkenenean deklaratzeari uko egin dio.

Lehen aldiz

Lehen aldia da Hego Koreako presidente bat atxilotzen dutena ofizialki karguan dagoen bitartean. Izan ere, abenduaren 14an Hego Koreako Asanblea Nazionalak presidente kargutik kendu bazuen ere, kargugabetzea ez dago indarrean: Auzitegi Konstituzionalak ekainaren 11ra arteko epea du erabakia berresteko. Auzitegi horrek, berez, bederatzi magistratu eduki behar ditu, eta gutxienez seik jo behar dute ontzat Yoonen kargugabetzea. Baina urte hasieran hiru epaile erretiratu ziren, eta oraindik ez dituzte ordezkatu. Auzitegi Nazionalak hiru epaileren izendapena onartu zuen, baina behin-behinean Yoonen ordezko izandako lehenak, Han Duck-sook, blokeatu egin zuen erabakia. Orduan argudiatu zuen izendapen horiek ez zirela iritsi bi alderdi nagusien —DP Alderdi Demokratikoa oposizioko indar nagusia eta Herriaren Boterea kontserbadorea, Yoonen alderdia— akordio baten ondorioz, eta horregatik ez ziela izendapenei bide egin.

Presidentetzarako bozetara deituko lukete baldin eta Konstituzionalak azkenean Yoon kargugabetua izatea berretsiko balu. Eta, bozik balego, DP zentro-ezkerreko indarra litzateke faboritoa. Inkestek diote haien hautagaia erraz nagusituko litzatekeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.