Hego Koreako Parlamentuak kargutik kendu du Yoon Suk-yeol presidentea

Gutxienez Yoonen alderdiko hamabi diputatuk hura kargugabetzearen aldeko botoa eman dute. 204 diputatuk bozkatu dute alde, eta 85ek kontra. Hego Koreako estatuburua gerra legea ezartzen saiatu zenez geroztik eginiko bigarren kargugabetze bozka izan da.

Hego Koreako Parlamentuak presidentearen kargugabetzea bozkatu duen unea. YONHAP
Presidentearen kargugabetzea bozkatzeko saioa, Hego Koreako Parlamentuan. YONHAP
Iñaki Etxeleku.
2024ko abenduaren 14a
14:25
Entzun

Hego Koreako presidente Yoon Suk-yeolek gerra legea ezarri zuen abenduaren 3 eta 4 artean, botere guztiak bereganatzeko, eta erabakiak mobilizazio handiak eragin zituen herrialdean. Gerra legeak porrot egin zuen, ordea, parlamentuko diputatuek oztopatu egin baitzuten. Larunbat honetan, Hego Koreako diputatuek presidentearen kargugabetzea bozkatu dute. Yoonek onartu du emaitza.

Duela astebete izan zen kargugabetzeko lehen bozketa, baina ez zuen nahikoa boz erdietsi. Estatuburua kargugabetzeko, 300 diputatuetarik 200en baino gehiagoren bozak behar ziren. Gaurko bozketan, 204 diputatuk egin dute lehendakaria kargutik kentzearen alde, eta 85ek kontra. Beraz, presidentearen alderdiko gutxienez hamabi diputatuk haren kargugabetzearen alde bozkatu dute, joan den astean ez bezala. Izan ere, Yoonen oposizioko alderdiek 192 eserleku dituzte parlamentuan. Gainerako 108ak presidentearen Herriaren Boterea alderdi kontserbadorearen esku daude.

Yoonek jakinarazi du ez duela «sekula etsiko». Azken bi urteetan «herriarekin abiatu bidaia» ez dela geldituko erran du, eta «herritarren segurtasunaren eta zorionaren alde denek elkarrekin lan egingo» dutela. Oposizioko indar nagusi Alderdi Demokratikoko Park Chan-daek adierazi du kargugabetze bozketa «herritarrentzat eta demokraziarentzat garaipen bat» dela.

Auzitegi Goreneko epaileek berresten dutenean izanen da balioztatua kargugabetzea. Sei hilabete dituzte horretarako. Arte horretan, eta presidente berria hautatu artean, Hego Koreako lehen ministro Han Duck-sook eramango du estatuaren eguneroko kudeaketa. Yoonen alderdikoa da. Han Duck-sook adierazi du «garai zail horietan» ahalegina eginen duela «estatuko aferak modu egonkorrean» kudeatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.