Hego Koreako agintariek ezin izan dute presidentea atxilotu, haren segurtasun zerbitzuek galarazi baitiete

Berrehun pertsona bildu dira presidentea atxilotzea eragozteko, haren etxearen kanpoaldean. Ipar Koreak erran du Hego Korea «sozialki kaotikoa» dela.

Presidentearen aurkako manifestariak, gaur, Seulen. JEON HEON-KYUN / EFE
Presidentearen aurkako manifestariak, gaur, Seulen. JEON HEON-KYUN / EFE
Iratxe Muxika
2025eko urtarrilaren 3a
13:00
Entzun

Hego Koreako presidente Yoon Suk-yeol atxilotzen saiatu dira gaur goizean, baina presidentearen segurtasun zerbitzuek galarazi egin dute. Operazioaz arduratu diren ikertzaileek —ustelkerien aurkako bulegoko kideak— lortu dute presidentearen etxearen kanpoaldean protestan ari ziren jarraitzaileei aurre egitea, baina, behin eremu hori igarota, ezin izan dituzte gainditu segurtasun zerbitzuak; hala adierazi du Hego Koreako Yonhap berri agentziak, iturri ofizialak aipatuz. 

Abenduaren 3an, gerra legea ezartzen ahalegindu zen Yoon, eta erabaki horrek mobilizazio handiak eragin zituen herrialde hartan. Oposizioak zentsura mozio bat erregistratu zuen lege horren aurka. Lehen saiakerak huts egin bazuen ere, beste zentsura mozio bat aurkeztu zuten, eta, abenduaren 14an, Hego Koreako Asanblea Nazionalak kargutik kendu zuen Yoon. Kargugabetze hori, ordea, oraindik ez dago indarrean: Auzitegi Konstituzionalak ekainaren 11ra arteko epea du erabakia berresteko. Seul mendebaldeko barne auzitegi batean aurkeztu zuten atxilotze aginduaren eskaera, abenduaren 30ean, eta gaur zen gauzatzekoa. 

Atxilotze agindua onartu zuen agintaritza berak geldiarazi du gaurko agindua, Goi Kargudunen Ustelkeriak Ikertzeko Bulegoak, eta jakinarazi du egin beharreko urratsak «berrikusten» ari dela. Karguaz baliatuta «gehiegikeriaz» jokatzea leporatzen diote Yooni, baita matxinada baten «buru» izatea ere. Yoon, oraingoz, Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren esperoan da; gaur jakinarazi dute urtarrilaren 14an eginen dutela atxiloketaren inguruko lehen bilera. 

Bulego horretako kide batek adierazi du «hamar ibilgailu baino gehiago» zeudela pasabidea oztopatzen. «Berrehun pertsona inguru zeuden, presidentearen segurtasun zerbitzuko kideak eta langile militarrak; hainbat giza harresi osatu zituzten, eta ezinezkoa zen aurrera egitea». Atxilotzeko operazio taldea, berriz, ikerketa bulegoko hogei kidek eta laurogei poliziak osatzen zuten. 

Atxiloketa, «legez kanpokoa»

Yonhap berri agentziak azaldu duenez, hiru fiskalek baimena zuten egoitzaren sarrera nagusira joateko, baina ez eraikin barrenera sartzeko. «Horrek zaildu egin du presidentea barruan ote zen baieztatzea». Dena dela, berri agentziaren arabera, atxilotzeko lanean ari zirenek aukera izan dute Yoonen bi abokaturekin biltzeko, eta haiek argudiatu dute atxilotze agindua bera «legez kanpokoa» zela —Yoon oraindik ez baitute kargutik kendu—. 

Herrialde horren historian lehen aldia da karguan den presidente bat atxilotzeko agindua ematen dutena; presidentearen aldekoek eta kontrakoek kalean liskarrik ez pizteko, 2.700 soldadu inguru jarri ditu poliziak. Orain hiru aste Asanblea Nazionalak Yoon kargugabetu zuenez geroztik, Choi Sang-mok da herrialdeko jarduneko presidentea. 

Yoonen atxilotzeko agindua eskatu ondotik, presidenteak adierazi zuen «azkeneraino» borrokatuko dela herrialdea «babesteko». «Gure subiranotasuna urratzen duten barneko eta kanpoko indarren eta estatuaren aurkako taldeen jardueren ondorioz, arriskuan dago Hego Korea». Mezu hori eskuz idatzi eta bitartekari baten bidez eman zien manifestariei, asteazken gauean. 

Orain artean Ipar Koreak adierazpenik egin ez badu ere, Piongiang Hego Koreaz mintzatu da gaur, KCNA albiste agentzia ofizialak kaleratutako txosten batean: erran du herrialde hori «sozialki kaotikoa» dela eta «politikoki geldirik» dagoela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.