Aireko istripu larri bat izan da bart gauean Washingtonen, AEBetako hiriburuan, Ronald Reagan aireportutik gertu. 64 pertsona zeramatzan hegazkin batek eta hiru soldadu zeramatzan helikoptero militar batek elkar jo dute, eta Washingtongo larrialdi zerbitzuek jakinarazi dute oraingoz 28 gorpu aurkitu dituztela. Potomac ibaira erori dira bidaiariak, eta, iturri horren beraren arabera, ia baztertu egin dute inor bizirik aurkitzea. Hegazkina lur hartzeko prestatzen ari zenean gertatu da ezbeharra. Pentagonoak baztertu egin du atentatua izatea.
Erreskate lanetan ari dira oraindik, baina azaldu dute denborak aurrera egin ahala geroz eta txikiagoa dela inor bizirik aurkitzeko itxaropena: Potomac ibaiko ura 4 gradutan dago, eta, adituen arabera, istriputik norbait bizirik atera balitz, hogei minutu besterik ez luke iraungo hil aurretik ur hotz horretan. 2009az geroztik AEBetan hildako gehien eragin duen aire istripua da gaurkoa. Orduan, duela ia hamasei urte, 50 pertsona hil ziren New York estatuan, abioi batek etxe baten aurka lurra jo zuenean.
Errusiako TASS berri agentziaren arabera, hegazkinean zihoazen Yevgenia Xixkova eta Vadim Naumov, 1994an patinaje artistikoko munduko txapeldunak izandakoak. Zabaldutako informazioen arabera, haiek entrenatzen dituzten AEBetako hainbat patinatzaile ere badaude bidaiarien artean.

Washingtonen 21:00ak zirenean gertatu da istripua —03:00etan Euskal Herrian—. American Eagle konpainiako hegazkin batek izan du ezbeharra, Bombardier CRJ7 modeloko batek. American Airlines konpainiaren eskualdeko konpainia bat da American Eagle. 5342 zenbakia zuen hegaldiak, eta Wichitan (Kansas) aireratu da. Hirurogei bidaiari eta tripulazioko lau kide zaramatzan Washingtonera.
Helikopteroa, berriz, AEBetako armadarena da, Black Hawk modelokoa. Ronald Reagan aireportutik gertu bi base militar daude, eta horietako batekoa zen istripua izan duen helikopteroa, Fort Belvoirrekoa, AEBetako Defentsa Departamentuak argitu duenez.
Ronald Reagan aireportua Arlingtongo konderrian dago, Virginiako Estatuan. AEBetako hiriburutik gertuen dago, aireportu komertziala da, eta batez ere AEBetako barne hegaldiak hartzen ditu. Egunean hegaldi gehien duen AEBetako aireportua da: zortziehun bat; eta 9.000 bidaiari inguru pasatzen dira handik.
«Eragozteko modukoa»
Osasun zerbitzuetako langileak, suhiltzaileak eta poliziak ari dira erreskate lanetan, helikopteroekin eta salbamendu txalupekin. Telebistek emandako irudietan ikusten denez, bidaiarien hegazkina bitan zatituta dago, eta helikopteroa, berriz, ur azpian eta buruz behera.
Ezbeharra jazo denean, oskarbi zegoen, eta ez zebilen haizerik. Oraingoz, beraz, ez dakite zerk eragin duen istripua.
Donald Trump AEBetako presidenteak sare sozialetan esan du ezbeharra «eragozteko modukoa» zela. Haren hitzetan, hegazkina norabide onean zihoan, argiak piztuta zeuzkan, eta helikopteroak jo du haren kontra. «Helikopteroa zergatik ez da igo edo jaitsi? Zergatik ez du buelta eman? Zergatik ez dio esan kontrol dorreak zer egin behar zuen, hegazkina ikusi duen galdetu beharrean? Bazegoen modua halakorik ez gertatzeko. Ez dago ondo!», kritikatu du Trumpek. «Jainkoak bedeinka ditzala hildakoen arimak. Mila esker larrialdi zerbitzuei, egiten ari diren lan itzelagatik», gaineratu du.

AEBetan hegaldi komertzial batek 2009. urtetik izandako lehen istripua da bart gauekoa. Orduan, Bufalon gertatu zen ezbeharra (New York), eta 50 bidaiari hil ziren. Washingtonen, berriz, gogoan dute oraindik 1982. urtean gertatutako beste istripu bat. Ronald Reagan aireportutik irtendako hegazkin batek Potomac ibaiko zubi bat jo zuen, aireratzean huts egin eta gero. Hegaldi horretan zihoazen 74 pertsona hil egin ziren, eta beste bost onik atera. Kalean zeuden lau lagun ere hil ziren.