Hector Llaitul Wallmapuko CAM Arauco-Malleco Koordinakundeko sortzaile eta buruzagiak gose greba utzi du, ia 90 egunen ondoren.
Senideek gose greba uzteko eskatu zioten Llaituli, bere osasun egoerak okerrera egin zuelako, eta, Txileko Senatuko Giza Eskubideen batzordeko buru Fabiola Campillaik esan ondoren haren egoera hobetzeko bitartekari lana egingo duela, CAMeko buruak ekinaldia uztea erabaki du, haren abokatu Josefa Ainardek eta haren seme Ernesto Llaitulek atzo jakinarazi zutenez. Buruzagi maputxea 23 urteko espetxe zigorra betetzen ari da, eta abuztuaren 23tik dago Concepcioneko Eskualde Ospitalean (Txile); semearen arabera, 30 kilo galdu ditu, eta «osasun arazo larriak» ditu.
Temukoko kartzelara lekualdatzea da CAMeko buruaren eskarietako bat, han preso dauden maputxe komunitateko beste kideekin batera egoteko. Temucoko auzitegi batek ezezkoa eman zion horri iragan astean —Ainardek helegite bat aurkeztu du—, baina Llaitulen semeak atzo adierazi zuen tokialdatzea «egin egingo» dutela; Campillaik ere esan du horren alde lan egingo duela Txileko Justizia Ministerioarekin egingo duen bitartekari lanean.
2022ko abuztuan atxilotu zuten Llaitul, bi urte lehenago Txileko Gobernuak ezarritako salaketa baten ondorioz —Sebastian Piñera zen presidentea orduan—. Horren ondoren haren kontrako epaiketa egin, eta aurtengo apirilaren 22an delitu hauen errudun deklaratu zuten: indarkeriaren apologia, autoritateen kontrako atentatua, lurrak usurpatzea eta egurra lapurtzea.
Ikusi gehiago
Handik hilabete ingurura jakinarazi zuten 23 urteko espetxe zigorra jarri ziotela CAMeko buruari, eta, horren ondoren, ekainaren 3an, Llaitulek gose greba bat hasi zuen kartzelan, besteak beste salatzeko «preso politiko bat» dela. Bien bitartean, Gorenera eraman zuen haren kasua, zigorra bertan behera uzteko helegite bat aurkeztuta; auzitegi horrek, ordea, kondena berretsi zuen uztailaren 29an.
Llaitulek ibilbide luzea egin du borroka politikoan. Txileko MIR Ezker Iraultzailearen Mugimenduko kide egin zen unibertsitatean, eta FPMR Manuel Rodriguez Fronte Patriotikoa erakunde armatu marxista-leninistaren parte ere izan zen; besteak beste, 1973tik 1990era izandako diktaduraren kontra borrokatu zen. XXI. mendean hainbatetan atxilotu dute: kasurako, 2007an, tortura bidez lortutako testigantza batengatik —urtebete geroago, absolbitu egin zuten—.
Gainera, 2010ean, 25 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, lapurreta eta hilketa saiakera egotzita, baina zigorra murriztu zioten berriro. 2017an, berriz, Txileko Poliziaren azpijoko baten biktima izan zen: froga faltsuak aurkeztu zituzten haren eta beste maputxe batzuen aurka, zenbait atentaturekin lotzeko.