Txile

Hector Llaitul buruzagi maputxea atxilotu dute Txilen

Egurra lapurtzea, lurrak indarrez kentzea eta estatuaren kontrako atentatua egitea leporatzen diote.

Hector Llaitul atxilotu duten unea. TXILE POLIZIA, EFE
jon ordonez garmendia
2022ko abuztuaren 25a
07:43
Entzun

Txileko Poliziak Hector Llaitul buruzagi maputxea atxilotu du. Wallmapuko CAM Arauco-Malleco Koordinakundeko buru da Llaitul, eta egurra lapurtzea, lurrak indarrez kentzea eta estatuaren aurkako atentatua egitea leporatzen diote. Atxiloketari erantzunez, hainbat sute izan dira azken orduetan. Azkenekoan, bi traktore erre dituzte. Txileko Polizia hegoaldeko errepideak zaintzen hasi da, garraiolarien joan-etorria ziurtatzeko.

Cañete herrian atxilotu dute Llaitul, Wallmapun, Txile hegoaldean, jatetxe batean zela, 21:30ean. Haren aurkako ikerketa 2020an abiatu zuen Sebastian Piñera presidenteak, eta Gabriel Boricek horretan aurrera jarraitu du presidentetza hartu ostean. Gabriel Boricen eta Konstituzio berriaren kontra hitz egin izan du maiz buruzagi maputxeak azken hilabeteetan; besteak beste, BERRIAk egin zion elkarrizketan.

La Tercera egunkariaren arabera, estatuaren aurka borroka egiteko dei egin izanak ere izan du zer ikusia atxiloketarekin. Arauco-Malleco Koordinakundea erakunde maputxe indigenista bat da: «Borroka politiko-militarrari lotu gatzaizkio, eta hori ona da borroka iraultzailean ari garen maputxe guztiontzat», adierazi zuen Llaitulek BERRIAren elkarrizketan.

La Tercera-ren arabera, haren kontrako salaketan borroka armatuaren aldeko hiru adierazpen jaso ditu fiskaltzak atxiloketa agintzeko. «Indarrak prestatu, erresistentzia armatua antolatu lurraldearen eta nazio maputxearen autonomiaren alde», esan zuen horietako batean, La Tercera-ren arabera. Fiskaltzak jaso dituen adierazpen horietako batean, egur lapurreta bere gain hartzen du, ustez. La Tercera-ren arabera, maputxeak, armak eta tiroak finantzatzeko modua dela argudiatzen du Llaitulek.

Llaitulek 54 urte dauzka. MIR Ezker Iraultzailearen Mugimenduko kide egin zen unibertsitatean, eta FPMR erakunde armatu marxista-leninistako kide ere izan zen. Diktaduraren kontra borrokatu zen, eta demokrazian gutxienez beste bi aldiz atxilotu dute. 2007an, tortura bidez lortutako testigantza batengatik atxilotu zuten; urtebete geroago absolbitu egin zuten. 2010ean, 25 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, lapurreta eta hilketa saiakera egotzita, baina zigorra murriztu zioten berriro. 2017an, Txileko Poliziaren azpijoko baten biktima izan zen: froga faltsuak aurkeztu zituzten haren eta beste maputxe batzuen aurka, zenbait atentaturekin lotzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.