HDPk salatu du ehunka lagun atxilotu dituztela Kurdistanen

Turkiako IHD Giza Eskubideen Elkartearen arabera, mila pertsona baino gehiago atzeman dituzte 11 egunean, hiru alkate kurdu kargugabetu ondoren hasitako oldarraldian

Kargugabetutako hiru alkate ohiak prentsaurreko batean, atzo, Istanbulen. CEM TURKEL / EFE.
2019ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Turkiako Poliziak 11 eguneko epean ehunka manifestari atxilotu dituela salatu zuen HDP Herriaren Alderdi Demokratikoa alderdi ezkertiarrak atzo, Istanbulen egindako prentsaurrekoan. Saruhan Oluc HDPko bozeramaileak azaldu zuenez, «zaila da zehatz jakitea zenbat jende atxilotu duten». Izan ere, «dozenaka lagun atzematen dituzte egunero», baina, Turkiako IHD Giza Eskubideen Elkarteak emandako datuen arabera, mila pertsona baino gehiago atxilotu dituzte, Kurdistango hiru alkate kargugabetzearen kontrako manifestazioetan parte hartzea leporatuta.

Turkiako Gobernuak Kurdistango hiru hiritako alkateak kargugabetu zituen joan den abuztuaren 19an, PKK Kurdistango Langileen Alderdiarekin harremana izatea leporatu baitzien. Kargugabetutakoak Selcuk Mizrakli, Ahmet Turk eta Bedia Ozgokçe Ertan dira, eta Diyarbakir, Mardin eta Van hirietako alkateak ziren. Hirurak HDP alderdiko kide dira, eta martxoaren 31n egindako hauteskundeetan gehiengo osoa lortuta iritsi ziren boterera, botoen %54 eta %63 artean lortuta. Behin horiek kargugabetuta, gobernuak funtzionario bana izendatu zuen alkate; beraz, bost hilabete baino gutxiagoko epea eduki dute beren agenda ezkertiarra eta feminista martxan jartzeko. Turken arabera, beren lana egiteko aukera «kendu» diete.

Kurduek 11 egun daramatzate Turkiako Gobernuak hartutako erabakiaren aurkako protestak egiten. Hala ere, France Presse berri agentziak emandako datuen arabera, manifestazioak ez dira oso jendetsuak izaten ari: berrehun protestari inguru elkartzen dira. Izan ere, horietako zenbaitek El País egunkariari azaldu diotenez, Poliziaren errepresioa «oso gogorra da». Manifestarien ustez, «ez dago protesta demokratikorik egiteko modurik».

Manifestazioetan atxiloketa asko egin dituzte. Hiru alkateak kargugabetu zituzten egun berean, 418 pertsona atzeman zituzten. Azken egunotan atxilotutakoak gutxiago diren arren, «egunero dago baten bat», HDPko kideen arabera. Alderdiak azaldu duenez, pertsona horietako batzuk «atxilotu eta ordu gutxira uzten dituzte aske», baina beste askori «atxiloaldi prebentiboa ezartzen diete». Atzo goizean, HDPko hiru kide atzeman zituzten, Suruç Kurdistango hirian. Bestalde, alkate kargugabetuen udaletan langileak kaleratu dituztela salatu dute; Mardinen, esate baterako, 150 kaleratzeren berri eman zuen atzo Firat agentziak.

Manifestariak gobernuaren erabakiaren aurka ari diren bitartean, HDP EB Europako Batasuneko herrialdeen ordezkaritza batekin bildu zen herenegun. Kargugabetuak izan ziren hiru alkate ohiek eta Nazmi Gur alderdi ezkertiarraren presidenteordeak EBko zenbait enbaxadorerekin hitz egiteko aukera eduki zuten, Suitzakoarekin eta Norvegiakoarekin batera. HDPko kideen arabera, bilerak bi ordu inguru iraun zuen. EBko herrialdeen ordezkaritzak azaldu du prozesuari «gertutik» erreparatzen ari zaiola, eta «adi» egongo dela.

Ez da lehenengo kasua

Ez da lehenengo aldia Turkiako Gobernuak erabakia hartzen duena HDPko alkateak ordezkatzeko : 2016. urteko estatu kolpeak huts egin zuenetik, alderdi ezkertiarreko 30 kide baino gehiago kargugabetu ditu. Turk alkate ohiak adierazi duenez, gobernuak hartutako erabakiaren aurkako helegitea aurkeztu diote auzitegi bati, baina ez dute baztertzen Giza Eskubideen Europako Auzitegira jotzea. Haren ustez, gobernuak hartutako erabakiaren helburu nagusia kurduen demokraziaren aldeko borroka eragoztea eta Turkia aldatzeko egiten ari diren ahaleginak blokeatzea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.