Hazkunde ekonomikoa planetaren mugen menpe jartzeko proposamenak ez du nahikoa babesik jaso igandean Suitzan egin zuten erreferendumean. Boto emaileen %70ek egin zuten haren aurka, Suitzako gobernuak, parlamentuak eta enpresa elkarteek eskatutakoarekin bat eginez.
«Herrialdea ataka estu batean ez jartzea erabaki dute Suitzako herritarrek», adierazi zuen Economisusse enpresa federazioko zuzendari Monika Ruhlek.
Alderdi Berdearen iritziz, berriz, «Suitzak aukera handi bat galdu du ingurumen krisien aurka borrokatzeko». Atsekabetuta agertu zen, «zientzialarien ohartarazpenei entzungor egiten dietenak» gailendu direlako.
Proposamena Alderdi Berdearen gazte adarrak aurkeztu zuen, eta ezkerreko alderdiek eta elkarte ekologistek babestu. Egitasmoaren muina zera zen, herrialdeko hazkunde ekonomikoa eta baliabide naturalen kontsumoa ingurumenak birsortu ditzakeen baliabideen araberakoa izatea. Margot Chauderna Berdeen gazte adarreko kopresidentearen arabera, botere ekonomikoek ulertu behar dute «hazkunde infinituan oinarritutako sistema bat ezin dela bideragarria izan baliabide finituekin».
Suitzaren aztarna ekologikoa planetaren muga jasangarrietatik gorakoa da, ordea. Haren kontsumoa urte osoan banatuz gero, planetak sor dezakeen baliabide kopurua gainditua izango luke maiatzaren 24rako. Hau da, mundu osoak Suitzako herritarren pareko kontsumoa balu, bi Lur planeta eta erdi beharko lirateke kontsumitu adina baliabide sortzeko.
Proposamenaren bultzatzaileek sei muga ekologiko hartu dituzte aintzat, Stockholmgo Erresilientzia Zentroak ezarritako berak: klima aldaketarena, biodibertsitate galerarena, ur kontsumoarena, lurraren erabilerarena, nitrogeno emisioena eta fosforo emisioena. Suitzako ekonomia muga horien barruan sartzeko, hamar urteko trantsizio epe bat ezarriko zukeen egitasmoak, onartu izan balitz.
Helburua bete ahal izateko, hamar urtean Suitzak %90 murriztu beharko lituzke berotegi gasen emisioak, 2018ko datuekin alderatuta, eta biodibertsitatearen gaineko eragina %74 apaldu. Hala ondorioztatu dute Ingurumen Bulego Federalaren azterketa batean.