Matteo Renzi lehen ministroak sustatu dituen erreformetan garrantzitsuena, Italicum deritzonhauteskunde legearen eztabaida, Italiako Parlamentuan sartu da. Hiru irakurraldi pasatuak ditu jada diputatuen ganberan, dagozkien zuzenketekin, eta Renzi ez dago luzamendu gehiago onartzeko prest: parlamentuak legea onartu ezean, gobernua «erori» egingo dela ohartarazi du.
Italicum-ek PD Alderdi Demokrataren barruan ditu aurkari gogorrenetakoak, eta Renzik alderdiko militanteei gutun bat bidali die hauteskunde legearen garrantziaz ohartarazteko: «Legea orain ez onartzeak, legegintzaldiko erreformak aurrera ateratzea eragotziko luke. Eta esango litzateke PD ez dela herrialdea aldatzen duen indarra, baizik eta aldaketa blokeatzen duen alderdia. Populistentzat horixe litzateke oparirik onena».
Legea dagoen gisan onartzea nahi du Renzik, helegite gehiagorik gabe —oposizioak 100 zuzenketa inguru aurkeztu ditu—, eta ikusgai dago diputatu demokraten artean kontra zenbatek bozkatuko duten. Ganberako 630 ordezkarietatik 380 ingururen babesa dauka gobernuak —PDkoak 307— baina alderdi barruan giroa nahasita dago aspaldian. Legebiltzarkide demokraten arteko barne bozketa batean Italicum babestea onartu zuten apirilaren 16an, baina 120 diputatuk ez zuten botorik eman.
Bozketa galduz gero Renzik hauteskundeak deitzeko mehatxua egin ondotik, PD ez dela «patroi batek» zuzendutako alderdi bat erantzun zion Pier Luigi Bersanik, PDko aurreko idazkari nagusiak. Erreforma horrekin «sistema aldatu» egingo dela eta horrek «hausnarketa sakon bat» eskatzen duela nabarmendu zuen Bersanik. Izan ere, Renzik eredu presidentzialista batera hurbildu nahi duela uste dute PDko kritikoek, legebiltzarraren kontrapisua gutxituta.
Senatua desegin eta Diputatuen Ganbera soilik mantentzea aurreikusten du Italicum legeak. Eta bi itzuli izatea hauteskundeetan, aurrenekoan alderdiren batek ez baditu botoen %40 eskuratzen. Eserlekuak Italia osoan jasotako botoen arabera banatuko ditu, eskualdeen araberako banaketa saihestuta, eta, zerrendaburuak izan ezik,ehun hauteskunde barrutietan zerrenda irekiak izango dira. Silvio Berlusconi Forza Italiako buruzagi eta lehen ministro ohiak Renziri ezarritako baldintza da hori, eta PDko kritikoek onartzen ez dutena.
Legearen konstituzionaltasunari buruz oposizioak —Forza Italia, M5S, Lega Nord eta SEL— aurkeztutako zortzi galderak bozkatuko dituzte gaur. Botoa sekretua izateko eskatu du Berlusconiren alderdiak bi galderetan,baina prozedura hori ez dute onartuko.
Hauteskunde lege berriari buruzko borroka hasi dute Italiako Parlamentuan
'Italicum' legea onartu ezean, gobernua «erori» egingo dela adierazi du Renzik.Konstituzionaltasunari buruzko galderak gaur bozkatuko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu